10:11

Politika

Doktore-tesia

Sanchezek Interneten jarri du irakurgai bere tesi osoa

Agentzia | Erredakzioa

08:00etatik dago irakurgai, eta ebaluazio prozesuan 'normaltasunez' egin zela esan du Camilo Jose Cela Unibertsitateak. Sanchezen arabera, PP eta Ciudadanos daude bere aurkako kanpainaren atzean.

  • Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE

    Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

08:00etatik dago irakurgai Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen doktore-tesia Interneten, nahi duenak kontsultatu dezan, Moncloa Jauregiak gaur bertan jakinarazi duenez. Moncloak plagio akademikoak atzemateko bi programa ezagunetan argitaratu ditu Sanchezen tesiaren emaitzak (Turnitin eta Plagscan).

Atzo hartu zuen Pedro Sanchezek bere doktore-tesia Internet bidez irakurgai jartzeko konpromisoa. Sanchezen arabera, PP eta Ciudadanos bere aurkako kanpaina batean murgilduta daude, Espainiarentzako proiektu politikorik ez dutela estali nahian, eta "Gobernu progresistaren espazio alternatiboa" osatzen ari direla nabarmendu zuen.

Tesia egin, legeak markatutako pauso guztiak eman, epaimahai baten aurrean defendatu eta ikerketaren ekarpen guztiak aldizkari akademikoetan eta liburu jeneralista batean argitaratu zituela jakinarazi du Sanchezek Facebook sare sozialean.

"Orduan, zer gertatzen ari da? Zein da arazoa? Argi hitz egingo dugu: duela 100 egun Gobernuan zeudenek ez dute onartu gaur oposizioan daudela. Biak", esan zuen, PPri eta Ciudadanosi erreferentzia eginez, eta Mariano Rajoy Moncloatik atera zuen zentsura-mozioa ez dutela onartu. "Ez dute herriaren gehiengo soziala erakartzeko proposamenik", gaineratu zuen Sanchezek.

Bestalde, berrikuspen bat egin ondoren, tesiaren ebaluazio prozesua "normaltasunez" egin zela adierazi du Camilo Jose Cela Unibertsitateak agiri baten bidez.

Sanchezen hitzetan, doktore-tesia plagiatu izana "erabat faltsua" da, komunikabideren batean hori argitaratu badute ere, eta auzitara joko duela iragarri zuen, Espainiako Gobernuko Presidentetzako Kabineteak bidalitako ohar batean.

Idatzian, Sanchezek ukatu egin zuen plagioa, eta, "argitaratutako informazioa zuzendu ezean, auzitara joko du", horren arabera, "bere ohorea eta duintasuna babesteko".

Espainiako Gobernuko presidenteak "komunikabide batzuetan" zabaldutako informazioaren aurrean argitaratu zuen ohar hori. Tesia idaztean plagioa egin izana egotzi diote, Albert Rivera Ciudadanoseko buruak asteazkenean tesia publiko egitea eskatu ostean Kongresuko kontrol-saioan, lanaren inguruan "zentzuzko zalantzak" daudela iritzita.

2012ko azaroan aurkeztu zuen Pedro Sanchezek "Espainiako diplomazia ekonomikoaren berrikuntzak: sektore publikoaren analisia (2000-2012)" tesia, Camilo Jose Cela Unibertsitatean.

Lanak 342 orrialde ditu, eta Villanueva de la Cañadako unibertsitate publikoko liburutegian dago. Inprimaki baten bitartez kontsultatu daiteke, baina kopiarik egin gabe.

ABC egunkariak argitaratu zuenez, Pedro Sanchezen tesiak "beste egile batzuei kopiatu die", besteak beste, Julio Cerviño eta Jaime Rivera Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko irakasleei eta Marcela Iglesias eta David Molina Cadizko Unibertsitateko irakasleei.

OKdiario agerkari digitalak zabaldutako informazioaren arabera, Carlos Ocañak Sanchezen doktore-tesiaren "zati handi bat" idatzi zuen, eta Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioko txostenen "paragrafo osoak plagiatu" zituzten biek lanean, "moldaketa txiki batzuk soilik sartuta (besteak beste, hitz bat edo biren ordena aldatuta) egiletza disimulatzeko".

Bestalde, El Mundo egunkariak kaleratu zuenez, 2013ko abenduan Espainiako diplomazia ekonomiko berria liburua argitaratu zen, eta Sanchezen doktore-tesiaren zati handi bat du barruan, "Ocañaren sinadura gehituta". Halere, "ustez Sanchezek indibidualki egindako tesian ez da agertzen, doktoretza lortzeko Espainiako legediak eskatzen duen bezala".

Informazio horiek ikusi ostean, Carlos Ocañak ohar bat bidali zuen, Pedro Sanchezen diplomazia ekonomikoari buruzko doktore-tesia egin edo bertan parte hartu izana ukatuz, eta adierazpen horiek "faltsuak" direla adierazi zuen.

Ekonomista horren esanetan, tesi horren ostean, Espainiako Gobernuko presidentearekin batera argitaratu zuen Espainiako diplomazia ekonomiko berria liburua.

Riverak "aurpegia emateko" eskatu dio Sanchezi

Ciudadanosek Pedro Sanchezen berehalako agerraldia eskatu zuen, doktore-tesiaren inguruko akusazioak azaltzeko, eta PPren eta Podemosen babesa espero duela iragarri zuen Ciudadanos alderdiko buruak, Albert Riverak.

"Sanchezek agerraldia egin beharko luke Kongresuan, tesia kopiatu zuela dioten informazioak gezurtatu nahi baditu", nabarmendu zuen.

Iglesiasen ustez, Sanchezek eskuragai jarri beharko luke bere tesia

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak doktore-tesia guztion eskura jartzeko gomendioa egin zion Pedro Sanchezi, eta, hala eginez gero, Pablo Casadok ez duela masterrean egindako lanak ez erakusteko "aitzakiarik" izango esan zuen Iglesiasek.

"Nire tesia Interneten dago", argitu zuen Sanchezek. "Gizarteak gardentasuna eskatzen du", azpimarratu zuen Iglesiasek, eta, unibertsitateen inguruetan kazetarien irudi "barregarriak" saihesteko, "Sanchezek tesia erakutsi beharko luke", azaldu zuen.

"Horretarako, tesia guztion eskura jartzea litzateke zentzuzkoena, Casadori inolako aitzakiarik ez emateko", erantsi zuen Kongresuko korridoreetan Podemoseko buruak.

"Azken batean, unibertsitate publikoetan ikasten ari diren gazteak dira kaltetuenak, sekulako lana egin behar dutelako titulu akademikoak lortzeko. Horregatik, onartezina da unibertsitate publikoa ematen ari den irudia", gaineratu zuen.

PPk azalpenak eskatu dizkio Sanchezi

Bestalde, Teodoro Garcia Egea PPko idazkari nagusiak Pablo Casado PPko buruak bezala egiteko eskatu zion Pedro Sanchezi, eta doktore-tesiari buruzko azalpenak prentsaren aurrean emateko, egungo egoerarekin "Espainiako Gobernua zatika erortzen ari delako".

Kongresuko korridoreetan egindako adierazpenetan, Garcia Egeak ez zituen Pablo Casadoren eta Sanchezen kasuak alderatu nahi izan, izan ere, "PPko presidenteak 60 kazetariren esku utzi zituen bere lanak hainbat orduz", horren esanetan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena