Politika
Hondarribiko alardea
Agentziak | Erredakzioa
Gobernuko bozeramaileak azaldu du Ertzaintza larunbatean grabatutako irudiak aztertzen ari dela, 'dagozkion neurriak hartzeko'.
Argazkia: EiTB
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak defendatu egin du Gobernuak "alarde misto integratzaile eta parekidearekin" iraganean zein gaur egun izandako jarrera "argi, inolako zalantzarik gabeko eta irmoa".
Erkorekak ohiko prentsaurrekoa eskaini du gobernu bileraren ondotik, eta kazetarien galderei erantzunez, Hondarribiko Alardean larunbatean jazotakoak hartu ditu hizpide. Jaizkibel konpainiako kideek plastiko beltzen eta irainen artean desfilatu behar izan zuten. Hain justu, alarde parekideko ordezkariek Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza jo dituzte "bizitako eraso bortitzaren arduradun".
Kritikok baztertu ditu Jaurlaritzako eledunak, eta azpimarratu du Gobernuaren jarrera "argi eta irmo" adierazi zuela Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Landaida Jaurlaritzaren izenean egon zen Hondarribia larunbatean, alarde misto integratzaile eta parekideari babes esplizitua emanez", erantsi du Erkorekak. Emakundeko zuzendariak esan zuenez, "oihu eta irainek ez dute euskal gizartearen gehiengoak berdintasunaz duen iritziarekin bat egiten".
Erkorekaren ustez, gai honetan jarrera "argi, inolako zalantzarik gabeko eta irmoa" erakutsi du Jaurlaritzak. "Ez orain bakarrik, horrela egin du azken urteotan, sistematikoki", erantsi du.
Dena dela, zehaztu du Jaurlaritzak ezin duela "tokian tokiko autonomia ordezkatu edo bertan behera utzi".
Grabazioak
Erkorekak azaldu duenez, "Hondarribian gertatutako guztia grabatu zuen Ertzaintzak, eta orain irudiak aztertzen ari dira aldez aurretik emandako ebazpena bete ote zen egiaztatzeko".
Bozemailearen esanetan, "arau-hausteaz izatekotan, dagozkion zigor arloko neurriak" hartuko ditu Jaurlaritzak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa