13:57

Politika

Katalunia

Presoak eta bi gobernuen arteko elkarrizketa hizpide, Diada eguneko mezuetan

Agentziak | Erredakzioa

Eguneko ekitaldi nagusia arratsaldean Bartzelonako Diagonal etorbidean egingo den manifestazioa izango da. Aurrez, goizean, Rafael Casanovari lore eskaintza egin diote.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Irailaren 11 izaki, Diada eguna dute gaur Katalunian. Aurtengoa, ezbairik gabe, espetxean edota erbestean dauden buruzagi independentisten aldeko aldarriek markatutako ospakizuna izango da.

Tradizioari jarraituz, 09:00etatik aurrera lore eskaintza egin diote Rafael Casanovari hura gogoratzeko oroitarriaren aurrean. Bertan izan dira Kataluniako erakundeetako ordezkariak, Quim Torra presidentea buru zutela.

Lore eskaintzaren ostean Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak kazetarien aurrean egin dituen adierazpenetan, "guztion" jaia dela azpimarratu du. Gainera, Carme Forcadell espetxean dagoen Kataluniako Parlamentuko presidente ohia gogora ekarri du, eta horrek bizi duen egoera "bidegabea" dela gaineratu.

Dena den, eguneko ekitaldi nagusia arratsaldean, 17:14an, izango da. "Fem la república catalana" (Egin dezagun Kataluniako Errepublika) lelopean, Assemblea Nacional Catalanak (ANC) deitutako manifestazioak Bartzelonako Diagonal etorbidea beteko du, besteak beste, independentzia burutu dadila eta presoak eta erbesteratuak etxera itzultzea eskatzeko.

Antolatzaileen esanetan, manifestariek erabateko isiltasunean egon beharko dute 17:14an, eta muturretako batean, Glories plazan, suziri bat botako dute soinu olatu bati hasiera emateko. Olatuak aurrera egin ahala, parte-hartzaileek oihu egingo dute. Soinu olatu horrek Diagonal etorbidea zeharkatuko du, eta herritarren aldarriak horma sinboliko bat eraitsiko du Pedralbes jauregiaren parean, Errepublika gauzatzeko dituzten "oztopoak" irudikatuz.

Antolatzaileen esanetan, 460.000 herritarrek eman dute izena manifestazioan parte hartzeko.

 

Ciudadanosek, PPk eta (aurten lehen aldiz) PSCk ez dute Diadako ekitaldietan parte hartuko, katalan guztientzat pentsatuta ez daudela argudiatuta.

EAJk eta EH Bilduk ordezkaritza bana bidali dute Bartzelonara, Diadako ekitaldietan parte hartzeko

EAJ eta EH Bildu Diada eguneko ekitaldietan parte hartzen ari dira. Goizeko lehen orduan, esaterako, urtero Rafael Casanovari egiten dioten lore eskaintzan parte hartu dute.

EH Bildu ordezkatuz, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia eta Maddalen Iriarte eta Bakartxo Ruiz legebiltzarkideak joan dira Bartzelonara. Atzo, Arnaldo Otegik Lledonersko (Bartzelona) espetxean preso dauden buruzagi independentistak bisitatu zituen, "politikoki zein pertsonalki erabateko elkartasuna" helarazteko. Koalizioko kideek ordezkari instituzionalekin eta bertako politikariekin elkartzeko ere baliatuko dute Kataluniako egonaldia.

ORTUZAR EAJ DIADA KATALUNIA BARTZELONA EFE

Andoni Ortuzar, Rafael Casanovari egindako lore eskaintzan. Argazkia: EFE

EAJren izenean, Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta Joseba Aurrekoetxea Antolakuntza idazkaria izango dira Bartzelonan, Generalitateak eta PDeCATek gonbidatuta. Lore eskaintzaren ostean kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, "elkarrizketa eta Politika, politika letra larriz" eskatu ditu, eta hitz egiteko gomendatu die Kataluniako agintariei eta subiranotasunaren aldeko alderdiei, aurretik baldintzarik jarri gabe, baita "baldintzarik txarrenetan" eta presoak aske uzten ez badituzte ere. Halaber, Andoni Ortuzarrek Josep Rull, Jordi Turull eta Joaquim Forn kontseilari ohiak bisitatuko ditu astearte honetan Lledonersko espetxean.

Borrellek nahiago ditu aske ikusi preso dauden politikariak

Josep Borrell Atzerri Gaietarako ministroak baieztatu du nahiago duela preso dauden politikariak "baldintzapean" espetxetik kanpo ikusi, "badaudelako beste modu batzuk haien ihesaldia saihesteko".

BBCri emandako elkarrizketan ohartarazi duenez, "bere iritzi pertsonala" baino ez da aipatutakoa. Horren aurrean, Gobernuak akusatuei ez ote dien barkatuko galdetu dio kazetariak, eta "Espainian botere banaketa dagoela" erantzun dio Borrellek. "Entzun duzu inoiz botere banaketari buruzko zerbait?", esan dio ministroak. "Justiziak bere aldetik jokatzen du, Gobernuak ez du horrekin zerikusirik", nabarmendu du.

Borrellek ez du zalantzan jarri Katalunia "nazio" bat denik, baina azpimarratu du "Nazioarteko Zuzenbideak ez diola Kataluniari banatzeko eskubiderik ematen". "Quim Torrak egunero hori errepikatzen badu ere, erabat faltsua da", adierazi du.

"Elkarrizketa bakarra" demokrazian emango dela azpimarratu du Riverak

Albert Rivera Cuidadanos alderdiko presidenteak mezu garbia luzatu die independentziaren alde daudenei: "elkarrizketa bakarra demokraziaren eta legaltasunaren baitan emango da". Hori horrela, "aliatuak eta aurkariak zein diren argi edukitzeko" eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari.

Ciudadanosek bere aldetik ospatu du Diada "Maitasuna gorrotoa baino indartsuagoa da" leloari eutsita. Ospakizunean, Riverak ez ezik, Ines Arrimadas Ciudadanosen Kataluniako buruak, Parlamenteko ordezkariek eta Bartzelonako Udaleko zinegotziek hartu dute parte.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena