Politika
Eusko Legebiltzarra
Agentziak | Erredakzioa
Mikel Legarda (EAJ), Iñigo Urrutia (EH Bildu), Alberto Lopez Basaguren (PSE-EE), Arantxa Elizondo (Elkarrekin Podemos) eta Jaime Ignacio del Burgo (PP) dira alderdiek proposatutako adituak.
Eusko Legebiltzarreko bost talde politikoek ostiral honetan jakinarazi dute nor proposatuko duten estatutu berria idazteko ardura izango duen aditu taldean parte hartzeko.
Gaur arte zuten EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PSE-EE eta PP alderdiek testua eratzeko ardura izango duten adituen berri emateko. Datozen zortzi hilabeteotan, estatutu berria garatzeko testua landuko dute, eta, lan hori bukatutakoan, Legebiltzarrera bidaliko dute, alderdiek bertan eztabaida dezaten.
EAJk Mikel Legarda parlamentaria aukeratu du, Zuzenbidean lizentziatua eta Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoetan luzaroan aritua. Autogobernuaren defentsan eta sustapenean ibilbide luzea daukala gaineratu du EAJk agiri batean.
EH Bilduk Iñigo Urrutia Libarona proposatu du Euskadiren estatutu politiko berria idazteko ardura izango duen adituen taldea osatzeko. Zuzenbidean doktore, EHUko Administrazio Zuzenbideko irakasle eta eskubide linguistikoetan aditua da.
Elkarrekin Podemosek, berriz, Arantxa Elizondo soziologoa eta EHUko Politika Zientzietako irakaslea proposatu du. Giza eskubideen eta genero berdintasunaren alde egiten duela esan du alderdi moreak.
PSE-EEk, berriz, Alberto Lopez Basaguren proposatu zuen atzo (osteguna), Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna. Basagurenek Konstituzioaren erreforma proiektuaren proposamenean parte hartu zuen 2015ean.
PPk Jaime Ignacio del Burgo historialari nafarra eta Zuzenbide irakaslea proposatu du. Nafarroako Gobernuko presidentea izan zen 1979 eta 1984. urteen bitartean. Horrez gain, senatari eta diputatua izan da, eta parlamentaria Nafarroan.
Hala ere, Legebiltzarreko taldeek oraindik ez dute erabaki zer eskatuko dioten adituen taldeari.
Erabaki hori asteazkenean hartuko dute Autogobernuaren Lantaldearen bileran, bertan azaldu beharko baitizkiete eskakizunak adituei.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa