Politika
BAKEA ETA BIZIKIDETZA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Horretarako, indarkeria mota guztietako biktimen aitortzarako urratsak ematea eta errelato guztiak biltzen dituen memoria inklusibo bat garatzea beharrezkoak direla esan du bakearen aldeko dinamikak.
Agus Hernan eta Nekane Alzelai, gaur Bilbon. Argazkia: EiTB.
Foro Sozial Iraunkorraren aurtengo erronkarik nagusiena elkarbizitza demokratikorako behin betiko oinarriak finkatzea da, bake eta giza eskubideen kultura baten gainean eraikitakoak.
Bilbon egindako agerraldian, Agus Herran eta Nekane Alzelai Foro Sozialeko ordezkariek lanurte berriko asmoen eta erronken berri eman dute. Elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko zutabeak hiru direla adierazi dute: "indarkeria mota guztietako biktima guztien aitortzarako behin betiko urratsak ematea, preso dauden pertsonei irtenbide integrala ematea eta kontakizun guztiak onartuko dituen memoria inklusiboaren erronkari aurre egitea".
Azken urteotan bakegintzan "aurrerapauso handiak" eman direla nabarmendu arren, hainbat alorretan lan asko dagoela egiteko esan dute, eta bide horretan sakontzen jarraituko du Foro Sozialak.
'Memoria inklusiboa'
Indarkeria mota desberdinetako biktimekin lanean jarraitzeko konpromisoa agertu dute Hernanek eta Alzelaik, "beraien arteko topaguneak bilatuz". Biktima guztiak aitortzea da helburu nagusia.
"Argitu gabeko kasuak edo egiarik gabekoak lantzen jarraituko dugu, pasa den martxoaren 17an Miramar Jauregian aurkeztutako txostenaren ildotik. Bertan argitu gabeko kasuak 482 zirela adierazi genuen", esan dute.
Bide horretan, "memoria inklusibo" bat garatzearen premia azpimarratu dute. "Galdera da: orrialdea pasatu gabe, dauden kontakizun guztiak eroso sentitzeko memoria baten oinarriak nola landu behar dira?. Lan horren emaitzan inor ez da baztertuta sentitu behar. Lan horren emaitzak etorkizunari begiratzea ahalbidetu behar du, gure iragana ahaztu gabe", esan du Alzelaik.
Datozen hilabeteetan Eusko Legebiltzarrari begira egongo dela adierazi du Foro Sozialak, besteak beste, Memoria eta Elkarbizitzaren lantaldearen bidea jarraitzeko. Akordio zabalak eta transbertsalak egotea espero dute.
Presoak
Presoen inguruan akordiorako borondatea eta adostasun zabala dagoela uste du bakearen aldeko taldeak, baina Espainiako Gobernuak iragarritako pausoak ez emateak frustrazioa eragingo duela esan du. "Gizartearen beste sektore guztiak bezala, Barne Ministroak iragarritako pausuak noiz gauzatuko diren zain gaude", gaineratu du Hernanek.
Foro Sozialaren iritzian, "preso dauden pertsonen egoerari irtenbide integrala ematea elkarbizitza demokratikorako ekarpen bat dela uste du euskal jendarteak".
Orain arte bezala, lanean jarraituko dutela ziurtatu dute, "era diskretuan, fokuetatik urrun", presoen auzia konpondu arte. "Euskal jendarteak bere nahiak asetuko dituen keinuak behar ditu eta horretarako aurrerapausuak ematen hasi behar da Espainiako Gobernua", zehaztu dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa