Politika
KATALUNIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako presidenteak argi utzi du egitekotan autogobernuari buruzko galdeketa onartuko lukeela, inola ere ez independentziari buruzkoa.
Katalunian autogobernuari buruzko erreferenduma egitearen alde agertu da Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, baina "autogobernuaren ingurukoa, ez independentziari buruzkoa", azpimarratu du. Buruzagi sozialistaren arabera, Katalunian "jokoan dagoena ez da independentzia, bizikidetza baizik".
Cadena Ser irrati-katean goizean egin dioten elkarrizketan egin ditu adierazpenok Sanchezek. Egitekotan autogobernuari buruzko galdeketa bat babestuko lukeela esan du, inola ere ez erabakitzeko eskubideari buruzko erreferenduma.
Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluari buruz galdetuta, Katalunia "bere lekuan" jartzeko "tresna baliagarria" dela azpimarratu du. Presidente kargua hartu zuenetik artikulu hori indarrean sartzeko "egoerarik" ez dela oraingoz gertatu esan du, baina, beharra sortuz gero, "Espainiako Gobernuak 155. artikulua berriro ezartzeko arazorik ez" duela zehaztu du.
Halaber, Kataluniako arazoari "irtenbide politikoa" emateko prest agertu da Sanchez: "Elkarrizketa nahi dugu arazo politikoa konpontzeko. Bozketa da irtenbidea".
Katalunian "bozkatu ez zen estatutu bat" dutela, eta hor dagoela arazo politikoaren gakoa esan du. Horrenbestez, Kataluniako Estatutuari buruzko galdeketa egin beharko litzakeela esan du Sanchezek.
Independentziaren aldeko alderdiei eta herritarrei "autokritika egiteko" eskatu die Espainiako buruak, eta "muturreko jarrerak" alde batera uztea ezinbestekotzat jo du.
Lazo horien inguruan sortutako polemikari buruz, berriz, Sanchezek adierazi du "banaketa eragiten duten sinbolo guztien kontra" dagoela. Espainiako Gobernuak Kataluniari egiten dion proposamena hiru hitzetan laburbildu du: "autogobernua, Konstituzioa eta Europa".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa