Politika
Erorien Harana
Agentziak | Erredakzioa
"Ezin da adiskidetzeko lekua izan; atsedenlekua izan behar da, borrokaldiaren eta frankismoaren biktimentzako hilerri zibila", esan du Espainiako Gobernuaren presidenteak.
Erorien Haranean memoria kolektiboaren museo bat egiteari uko egin dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidenteak, nahiz eta horixe proposatu zuen PSOEk, 2017ko amaieran, lege-proposamen batean. Mariano Rajoy buru zuen Gobernuak betoa jarri zion proposamen horri; izan ere, haren iritziz, aurrekontu-kredituak 200 milioi euro baino gehiago egin beharko zuen gora horretarako.
"Gobernuaren ustez, Erorien Harana ezin da adiskidetzeko lekua izan; atsedenlekua izan behar da, borrokaldiaren eta frankismoaren biktimentzako hilerri zibila. Horixe da gure proposamena", adierazi du Sanchezek Bolivian, Evo Morales presidentearekin batera emandako prentsaurrekoan.
Sanchezek Bolivian esandakoak ez du bat egiten orain arte PSOEko idazkari nagusi moduan esan izan duenarekin, eta ez dator bat Gobernuko kideek azken hilabeteotan agertu duten iritziarekin.
Iberoamerikan egiten ari den bidaia jarraitzen ari diren kazetariekin izandako elkarrizketa informal batean egin ditu adierazpen horiek Sanchezek. Alde batetik, argudiatu du Erorien Haranak konnotazio berezia duela, Franco bertan baitago ehortzita (laster aterako dute bertatik, Gobernuak haren gorpuzkiak hobitik ateratzeko izapideak hasi ditu jada), eta, bestetik, nabarmendu du bertan bi bandoetako biktimak daudela.
"Hilerri zibil" bezala uztearen alde dago Sanchez, baina egun bertan dagoen basilikak bertan jarraitu beharko luke, monje beneditarren zaintzapean, horren ustez.
PSOEk "oroitzapen-zentroa" izatea proposatu zuen 2017an
Memoria Historikoaren legea zabaltzeko asmoz 2017ko amaieran PSOEk erregistratu zuen lege-proposamenean, Erorien Harana "oroitzapen zentro nazionala" bihurtzea proposatu zuten; bertatik, adiskidetze-kultura eta biktimen onarpena bultzatuko ziren, hainbat museo- eta ikerketa-proiekturen bidez.
"Informatu, ezagutzera eman, identifikatu, duin bihurtu eta omentzeko lekua izango da bertan hobiratuta daudenentzat", zioen PSOEren proposamenak, eta Estatuak bertan lurperatuta dauden biktimak hobitik ateratzeko eta identifikatzeko diru-kopuru bat bideratzea jaso zuten bertan.
Espainiako gobernuburuaren ustez, hobe da memoriaren museoa beste toki batean sortzea. Txileko hiriburuan, Santiagon, horrelako bat bisitatu du, Salvador Allenderen aurkako estatu-kolpearen eta Augusto Pinocheten diktaduraren errepresioaren biktimaren gainekoa, eta zentro horrek hunkitu egin duela adierazi du.
Sanchezen iritziz, Txile Espainia baino aurreratuago dago arlo horretan; izan ere, txiletarrek duela urteak jarri zuten martxan Egiaren Batzordea. PSOEk ekimen hori bera jaso zuen 2017an aurkeztu zen lege-proposamenean, giza eskubideek garai hartan jasan zituzten urratzeak argitu eta gerrako eta gizateriaren aurkako krimenetan parte hartu zutenen ardurak onartzeko.
Hala ere, Egiaren Batzordea Espainian egotea nahi du Sanchezek; anitza izan beharko luke horrek, eta Gerra Zibilaren eta diktaduraren gaineko ikuspegi historiko guztiak jaso beharko lituzke, "zauri horiek behingoz ixteko", adierazi du Sanchezek Bolivian. Bestela esanda, Gobernuaren asmoa da Gerra Zibilean eta diktaduran gertaturikoaz "herrialde-bertsioa adostea".
Gobernuak Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko dekretua onartu duenez, Oroitzapen Historikoari lotutako neurri horiek eta beste batzuk sartzeko aukera izango dute; horretarako, Kongresuak lege-proposamen bezala tramitatzea erabaki beharko luke, eta horrela taldeek euren zuzenketak aurkeztu ahalko lituzkete.
Sanchezen ustez, orduan zehaztu ahal izango da, guztien artean, Erorien Haranaren etorkizuna zein izango den, edota memoriaren museoa sortzea. Museo hori, baina, berez horretarako sortutako eraikin batean egin beharko litzatekeela uste du Espainiako Gobernuaren buruak.
Franco hobitik ateratzea, uste baino zailagoa
Prentsarekin izandako elkarrizketa informalean, halaber, Sanchezek onartu egin du Francoren gorpuzkiak ateratzea uste baino zailagoa dela; Gobernu berriaren esperientzia-faltagatik gertatu da hori, horren aburuz. Sanchezek berak iragarri zuen Franco uztailean aterako zutela hobitik, baina urte-amaieran aterako dute, aurreikuspenen arabera.
Nolanahi ere, Sanchezek erabakiaren alde egin du: "Demokrazia batek ezin du ezer egin diktadore baten ordainetan; erabaki honek duin egiten du gure demokrazia".
Hortaz, Sanchezek ez du ulertzen PPko lider berriak, Pablo Casadok, bere alderdiaren herentziari uko egin ez izana; izan ere, Casadok gaitzetsi egin du Franco hobitik ateratzeko erabakia. Dena den, Espainiako presidentearen iritziz, are ulergaitzagoak dira Ciudadanosen kritikak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa