Politika
Hurbilketa
Agentziak | Erredakzioa
ETAko presoen lekualdatzeen kontra azaldu da PPko presidenteak, "ez direlako damutu", eta Pedro Sanchezi "zentsura-mozioa babestu zutenen xantaiaren aurrean amore ez emateko" eskatu dio.
Albisteak (3)
Pablo Casado, PPko presidentea, "damutu ez diren" eta "zigorgabe geratzen diren 300 hilketak argitzen lagundu ez duten" ETAko "presoen hurbilketaren" eta "espetxe-onuren" kontra azaldu da. Gainera, Gobernuari Espainiako gizarteak eta alderdi handiek eskatzen dutenarekin "koherentea" eta "leiala" izateko eskatu dio, eta Mariano Rajoyren kontrako "zentsura-mozioa lagundu dutenen xantaiaren aurrean amore ez emateko".
Santa Polan (Alacant) hitz egin du Casadok, Guardia Zibilaren kontrako atentatu baten biktimen omenez egindako lore-eskaintza batean. Herriko "minari" eta "2022an bi lagun maite, Silvia txikia eta Cecilio, galdu zituzten bi familiaren omenaldiari" batu zaie PPko liderra.
"Gorrotorik gabe, baina oroimena, duintasuna eta justizia aldarrikatuz. Ez bakarrik Silvia eta Cecilioren izenean, baita terrorismoaren biktima guztien izenean ere", esan du Pablo Casadok.
Popularren buruak "Gobernu sozialista egiten ari den terrorismoaren aurkako politikek asko arduratzen gaituzten garaietan" egin ditu adierazpenak.
Casadorentzat, "ezin da presoen hurbilketarik ezta espetxe-onurarik ere egon damutu ez diren terroristentzat, zigorgabe jarraitzen duten 300 hilketak argitzen lagundu ez dutenentzat eta garaileak eta garaituak egon behar den terrorismoaren porrotaren kontakizuna ezartzen lagundu ez dutenentzat".
"Garaituak hiltzeagatik ezer lortu ez zuten eta hiltzeari uzteagatik ezer lortuko ez duten terroristak dira, eta garaileak biktimak eta Espainiako demokrazia osoa izan behar dira, duintasuna eta, batez ere, eredugarria den askatasun sistema baten eraikuntza zutabe dituena", esan du.
Gobernuari eskatu dio "Espainiako gizarteak eskatzen duenarekin koherentea izatea", "alderdi handiek esaten dutenarekin leiala izatea" eta Mariano Rajoyren aurkako zentsura-mozioan babestu dutenen xantaiaren aurrean amore ez ematea". Horiek dira, bere ustetan, "independentistak, Katalunian egiten ari den bezala" eta "batasunoak eta EAJ".
"Gu ez gara haiekin egongo, uste dugulako zentsura-mozio lotsagarri baten kontraprestazioa dela, baina, batez ere, ETA talde terrorista poliziak, Guardia Zibilak, Espainiako gizarteak, epaileek eta nazioarteko laguntzak garaitu dutela uste dugulako", esan du Casadok.
Batetek, lekualdaketa legezkoa dela
Bestalde, Meritxel Batet Lurralde Politikako ministro espainiarrak esan du bi preso Basaurira lekualdatu izana Espetxe Legedia jarraituz egin dutela.
"Espetxe aldaketa kartzela erregimenaren aldaketagatik egin dute", izan ere, "hirugarren gradua lortzen denean, hurbilketa automatikoa da", gaineratu du Batetek kazetarien galderei erantzunez.
Era berean, gogorarazi du PP Gobernuan zegoenean, aurreko otsailean, lortu zuela hirugarren gradua bi presoetako batek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa