14:03

Politika

EAJren 123. urteurrena

PPk eta Ciudadanosek jeltzaleak Kongresutik bota nahi dituztela salatu du Ortuzarrek

Agentziak | Erredakzioa

Casadok eta Riverak, Hauteskunde Legea "bihurrituz", Espainiako Diputatuen Kongresua "bere neurrira" eraiki nahi dutela kritikatu du EBBko presidenteak.

1:25
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

PP eta Ciudadanoseko presidenteak gogor kritikatu ditu Andoni Ortuzarrek, EAJren EBBko presidenteak. Esan duenez, Pablo Casadok Albert Riveraren hauteskunde-iruzurrarekin bat egin nahi du, Hauteskunde Legea "bihurrituz" Diputatuen Kongresua "bere neurrira" eraikitzeko. "Madriletik bota nahi gaituzte", esan du. Parlamentuan ez badituzte nahi, euskal herritar askok "Estatuan zer egiten ari garen" galdetuko diote euren buruari, eta independentismoak gora egingo du.

Bilbon, EAJren 123. urteurrena ospatu dute jeltzaleek. Bertan salatu du Ortuzarrek PP eta Ciudadanoseko liderrek "joko arauak aldatzea" nahi dituztela, "demokrazia batean ikaragarria" dena.

Esan duenez, "Madrileko politikaren krisiaren erdian, 'Espainia EAJren eskuetan dago' bezalako titularrak jasangaitzak egiten zaizkie", eta "traba" egiten dietelako "bota" nahi dituzte jeltzaleak.

Ortuzarren arabera, EAJk erabaki "zail eta garrantzitsuak" hartu ditu "prozesu politiko konplexuetan", eta euskal herritarren interesak izan dituzte neurtzeko irizpide bakarra.

"Non geratu da Konstituzioaren batzorde txostengilean Manuel Fragak ere defendatzen zuen "Espainia, Herrien arragoa" eta "nazioen nazioa"? Nola integratzen da herri bat bertako alderdi gehiengoak ezabatzen badira?", galdetu du.

Bere ustez, Espainiako politikaren arazoak "ez dira Kongresuan dauden Euskal Herriko edo Kataluniako nazionalistak", "baizik eta alderdien jokatzeko modu", nahiago dutelako "mokoka ibiltzea". "Beste alderdi bati garaipena ez emateagatik, hiritarren interesen kontra egitea nahiago dute", kritikatu du.

EAJren presidenteak esan duenez, "Espainiako politikaren momentu kritikoetan beti egon da EAJ"; "ez da inoiz albora begira jarri" eta ez da etorkizunean jarriko.

Estatutu politiko berria

Ortuzarren arabera, PSE-EEk eta Podemosek "malda gutxiagoko bidea" eskatuko balute, EAJ "bide berria irekitzen" saiatuko litzateke Euskadiren etorkizuneko estatutuan, EH Bildurekin batera, eta ohartarazi duenez, haiekin ala haiek gabe, "aurrera egingo dute".

Euskadiren autogobernurako oinarriak EH Bildurekin adosteagatik EAJri "mendira jotzea" leporatzea deitoratu du, baita "legez kontrako helmuga eta bide berria abertzaleentzat bakarrik ezartzeagatik" kritikatzea ere. "Gezurra da", esan du.

Ortuzarrentzat, PSEk eta Podemosek "ez dute eztabaidan sartu nahi izan". "Biak Madrileko alderdi handien menpean daudenez, inplikatzeko beldurra izango zuten, gero errieta botatzen diete eta, Espainiako politika dagoen moduan ikusita", esan du.

Horregatik, "borondate politikoa eta mahai batean jesartzeko ausardia" eskatu dizkie sozialistei eta Podemosi, "beto eta aurreiritzirik gabe, eta aurrean EAJ ireki eta bakegile bat izango dute".

EAJri bide bat ala bestea aukeratzeko eskatu diote PSEk eta Podemosek

PSE-EEk bi aukeraren artean hautatzeko eskatu dio EAJri: "azken 40 urtetan gaur egungo Euskadi eraikitzeko oinarri izan dugun hitzarmen historikoa hautsiko ez duen" Estatutuaren erreforma ala, EH Bildurekin batera, "Espainiako Konstituzioa erreformatzea autonomia estatutua aldatuta bilatzen duen eta Katalunian bezala bukatzeko arriskua hartzen duen bidea". "Gure 'Euskal Konstituzioa' herrialdeko pluraltasuna islatzen duen araua izan behar da", esan du.

Podemos Euskadiko Komunikazio idazkari Andeka Larreak, bestalde, EAJri Estatutu berria adosteko gonbidapena "zintzoa" den argitzeko eskatu dio, ala, aldiz, EH Bildurekin "bakarrik" joatea erabaki duen. Gainera, "legaltasuna gaindituko duen" eta "euskaltasunaren agiriak banatuko dituen" estatutuaren erreforma onartuko ez dutela esan diote.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena