Politika
Epaia
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi horrek ebatzi duenez, eskuin muturreko taldeek zein langile publikoek eragindako indarkeria politikoaren biktimen Nafarroako legeak Botere Judizialaren eskumenak hartzen ditu.
Auzitegi Konstituzionalaren artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Eskuin muturreko taldeek zein langile publikoek eragindako indarkeria politikoaren biktimen Nafarroako foru legea baliogabetu du Auzitegi Konstituzionalak. PPren Espainiako Gobernuak aurkeztutako helegitea aintzat hartu dute epaileek, eta lege horrek Botere Judizialaren eskumenak hartzen dituela ebatzi dute.
Auzitegi Konstituzionalaren hainbat iturrik EFEri jakinarazi diotenez, ebazpenak lau epaileen aldeko boza izan du.
Epaiaren arabera, biktimen errekonozimenduak eta erreparazioak ez daukate gaitzespenik auzitegi horren aldetik, baina lege horrek oro har "jazotakoaren egia zehaztea du helburu". Ikertzeko eta balizko delituak egiaztatzeko batzorde bat eratzea, "Botere Judiziala erabat alboratuta, eta auzitegietan jada ebatzita dagoenari muzin eginda, Konstituzioaren aurka doa".
"Gure Zuzenbide Estatuan onartezinak dira botere politikoaren ekintzak krimenak ikertzeko, Botere Judizialaren zuzendaritzapean edo kontrolpean egiten ez bada", azpimarratu du epaiak. Nafarroako Gobernuak sortutako batzordeak, beraz, Fiskaltza Ministerioaren funtzio esklusiboak "hartzen" ditu.
Izquierda-Ezkerrak sustatutako eta 2015ean Nafarroako Parlamentuan onartutako foru legea behin-behinean bertan behera utzi zuten 2016ko hasieran, PPren Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu ostean. Horren iritzian, lege horrek hainbat eskakizun konstituzional urratzen zituen, tartean, epaileen babes eraginkorrerako eskubidea eta errugabetasun presuntziorako eskubidea.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren iturriek jakinarazi dutenez, Espainiako Gobernuak bertan behera utziko du Polizia-gehiegikerien biktimen legearen aurkako helegitea. Hurrengo Ministroen Kontseiluan helegite hori bertan behera uztea onartuko du Espainiako Gobernuak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa