15:46

Politika

DIPUTATUEN KONGRESUA

Presoak hurbiltzeko hartu duen erabakia irmoa dela esan du Pedro Sanchezek

AGENTZIAK

Pedro Sanchezek esan du euskal autogobernua hobetzeko prest dagoela, amnistia fiskalak debekatzeko lege bat iragarri du eta Francoren gorpuzkiak "epe laburrean" aterako dituztela agindu du.

1:41
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzeko erabakia irmoa dela azpimarratu du gaur Pedro Sanchezek. Halaber, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako autogobernua hobetzeko akordioa egiteko prest dagoela adierazi du.

Sanchezek agerraldia egin du Diputatuen Kongresuan bere gobernu-programaren xehetasunak azaltzeko eta EAJko eta EH Bilduko diputatuen galderei erantzunez izan ditu hizpide espetxe-politika eta euskal autogobernuaren erreforma.

Espainiako Gobernuko presidenteak esan du Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek gogor kritikatu arren, presoak hurbiltzeko eta Euskal Herrian bizikidetza egonkortzeko erabakia hartuta duela eta, beraz, hala egingo duela, "betiere ETAren biktimak eta haien oroimena errespetatuta".

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko ordezkariak zalantzan jarri ditu Sanchezen asmoak eta argi eta garbi hitz egin dezala galdegin dio; izan ere, koalizio soberanistak Kongresuan egindako galdera bati erantzunez, Espainiako Gobernuak idatziz esan du Euskal Herriko kartzelatara hurbildu daitezkeen presoen zerrenda bat egiteko asmorik ez duela.

"Zer da egingo duzuena? Legea eskuan hartuta, salbuespeneko espetxe-politika bere osotasunean amaituko duzue? Bai ala ez?", galdetu dio Sanchezi. "Hitz gutxiago eta ekintza gehiago", azpimarratu du Beitialarrangoitiak.

Euskal autogobernua

Estatutu politiko berriaren eztabaidari dagokionez, noraino iristeko prest dagoen argitu dezala eskatu dio Aitor Esteban EAJko diputatuak. Sanchezek ez du zehaztapenik egin, baina adierazi du bat datorrela Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarreko autogobernu lantaldeari buruz egin duen irakurketarekin.

Gernikako Estatutua erreformatzeko "akordio transbertsalak" behar direla esan izan du beti EAJk eta jarrera hori egokitzat jo du Espainiako Gobernuko presidenteak. "Blokeen dinamika albo batean utzi behar da; hori da Legebiltzarreko alderdiek egin dezaketen ekarpenik onena Gernikako Estatutua eraberritzeko", erantsi du.

Horrez gain, PSE-EEk Legebiltzarreko lantaldean proposamen zehatzik egingo ote duen esan dezala eskatu dio Estebanek Sanchezi eta, hala izango ez bada, Estatutuaren erreforma ezerezean gera daitekeela ohartarazi du.

"Alde guztiek proposamenak egitea ezinbestekoa da; eta proposamen zehatzik egiten ez duenak, bere burua eztabaidatik kanpo uzten du", gaineratu du.

Ildo horretan, Legebiltzarreko autogobernu lantaldeari arreta jar diezaiola galdegin dio Sanchezi, "akordio bat lortzeko garaiz gaudelako".

"Gu itunak egiteko prest gaude, baina immobilismoak eta erabakirik hartu nahi ez izate horrek ezer ez egitea eragin dezake", berretsi du Estebanek.

Amnistia fiskalak, debekatuta

Pedro Sanchez Espainiako Gobernu presidenteak azaldu duenez, ezin izango du 2012ko amnistia fiskalaren onuradunen zerrenda argitaratu Auzitegi Konstituzionalak bere atzeraeraginik eza ebatzi zuelako. Aitzitik, lege erreforma bat iragarri du amnistia fiskalak "debekatzeko".

Sanchezek Diputatuen Kongresuan egin du iragarpena, bere gobernuaren ildo nagusiak aurkezteko eta Europako Kontseiluak ekainaren 28an eta 29an egindako bileren berri emateko, berak eskatuta, egin duen agerraldian.

Haren esanetan, amnistia fiskala "porrot morala izan zen, baita diru-bilketaren ikuspuntutik ere". Ildo horretan, Alderdi Sozialistak Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztu zuela gogoratu du.

Gobernu presidenteak nabarmendu duenez, Auzitegi Konstituzionalak Rajoyren administrazioaren aurkako "epai oso gogorra" ebatzi zuen, baina aldi berean amnistia lege horren atzeraeraginik eza ebatzi zuen.

2017ko epaian Konstituzionalak amnistia fiskala Konstituzioaren aurkakotzat jo zuen, baina ondasunen erregularizazioan atzeraeraginik ez izatea erabaki zuen.

"Zoritxarrez ezin dugu dagoeneko epaituta dagoen iragana aldatu. Gustatuko litzaidake, baina etorkizunean amnistia fiskal berriak egotea eragotzi dezakegun", arrazoitu du.

Francoren gorpuzkiak 'epe laburrean' aterako dituztela iragarri du

Pedro Sanchez Espainiako Gobernu presidenteak astearte honetan ziurtatu duenez, Francoren gorpuzkiak Eroritakoen Haranetik ateratzeko erabakia "irmoa" da eta "epe laburrean" gauzatuko da. Dena den, ez du horretarako datarik zehaztu.

"(Gorpuzkiak ateratzea) ahalbideratuko duen instrumentuari azken ukituak eman zain, epe laburrean egingo da", esan du Sanchezek Diputatuen Kongresuan, bere gobernuaren ildo nagusiak aurkezteko eta Europako Kontseiluak ekainaren 28an eta 29an egindako bileren berri emateko, berak eskatuta, egin duen agerraldian.

Sanchezek azpimarratu duenez, demokrazia batek ezin du diktadura bat goresten duen monumenturik izan. "Gureak ere ez", nabarmendu du.

"Zauriak urte gehiegi egon dira irekita eta ixteko garaia iritsi da. Gure demokraziak hiritarrak batzen dituen sinboloak izan behar ditu, ez bereizten dituenak", gaineratu du.

Elkarrizketa, Kataluniako krisi instituzional "larriari" aurre egiteko

Gobernu presidentea Kataluniako egoeraz ere mintzatu da eta elkarrizketan jarri du azpimarra krisi instituzional "larriari" aurre egiteko. Ildo horretan, eta egoera berbideratzeko, indarrean dauden markoetan (Estatutua eta Konstituzioa) aurrera egitea proposatu du. "Aztertu daitezkeen alternatiba politiko duinak badaude", iradoki du. Elkarrizketa "zintzo, zuzen eta oztoporik gabekoa" eskaini du.

"Normaltasun instituzionala berreskuratzea ez da helmuga, Kataluniarentzat konponbide politikoa aurkitzea baizik", esan du. Helmuga horretara iristeko bidea fondoko lasterketa bat izango dela onartu du, gorabeherak eta egoera zailak izango dituena.

"Lasterketa horrek determinazioa, neurritasuna, Estatu zentzua eta eskuzabaltasuna eskatzen ditu guztien aldetik", uste du Sanchezek. Ildo horretan, bidea egingo dutenei zer adosteko prest dauden kontuan hartzeko eskatu die.

Autonomia erkidegoen defizit muga bi hamarren handiagoa izango da

Sozialisten buruzagiak baieztatu duenez, Gobernuak % 0,3ko defizit muga ezarriko die autonomia erkidegoei datorren urterako, orain artekoa baino bi hamarren handiagoa. Hori dela eta, zorpetzeko aukera handiagoa izango dute.

Pentsioen gaia ere hizpide izan du eta babesa eskatu die Kongresuko talde parlamentarioei, pentsioak inflazioaren eta "bizitzaren kostuaren" arabera eguneratu ahal izateko. Kongresuan egin duen agerraldian onartu duenez, ez du ulertzen gai honetan akordioak lortzeko "ezintasuna".

Gainera, eskua luzatu die gainerako alderdi politikoei Toledoko Itun berria eraikitzeko, Gizarte Segurantzaren iraunkortasuna eta pentsio sistemaren bideragarritasuna bermatuko duena.

RTVEko administratzailearen izendapena babestea eskatu dio Sanchezek Kongresuari

Pedro Sanchez atsekabetuta mintzatu da, atzo Kongresuaren gehiengoa RTVEko goi-karguak berritzearen kontra agertu zelako. Hori dela eta, kontseilari berrien hautaketa prozesua amaitu arte Espainiako irrati-telebista publikoa kudeatzeko ardura izango lukeen administratzaile bakarraren izendapena babesteko eskatu die alderdi politikoei. Urteetako "manipulazioa" eta kontseilarien aldaketarik eza salatu ditu.

Dena den, Sanchezen esanetan, bere Gobernua gehien arduratzen duena RTVEren bideragarritasuna eta iraunkortasuna dira, bai finantza arloari eta baita lan arloari dagokionez.

Osasun politikaren ildo nagusiak ere azaldu ditu eta gauza guztien gainetik genero eta eskubide berdintasuna eta gaixoen ahalduntzea aipatu ditu. Aurretik iragarri bezala, Osasun Sistema Nazionalaren unibertsaltasuna berreskuratuko duela gogoratu du, pertsona guztiek (beraien egoera edozein dela ere) arreta jaso ahal izan dezaten. Halaber, botiken koordainketa bertan behera utziko duela aurreratu du.

Horrez gain, bikoterik gabeko emakumeek eta bikote lesbianek osasun sistema publikoko laguntza bidezko ugalketa tratamenduetara sarbidea izango dute berriro ere. Bestalde, Kongresuak eutanasia legea onartzea nahiko lukeela adierazi du Sanchezek.

Gazteen enpleguaren kalitatea hobetzeko plana

Gazteen langabezia tasa altuari aurre egiteko eta horien artean lana sustatzeko neurriak iragarri ditu, besteak beste, errelebo-kontratuak eta praktika kontratuak bultzatuz eta bekadunentzako programak erregulatuz.

"Lehendabiziko aldiz Bekadunaren Estatutua sortuko da", aditzera eman du Sanchezek. Ez hori bakarrik, araudi berri horren helburua gazteen kontratuekin gertatzen diren praktika txarrekin amaitzea dela aitortu du.

'La Manada' auziko epaiak eragindako polemika ere hizpide izan du, emakume batek ezetz esaten duenenean ezetz dela eta baietz esaten ez badu ezetz dela berretsiz. Sanchezen iritziz, arau juridikoen gainean egiten den irakurketa ez dator bat gizartearen izpirituarekin.

Horrenbestez, genero ikuspuntua Justiziaren ekintza guztietan txertatzea defendatu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena