Itxi

Politika

KATALUNIA

Torrak Eskozian egindako erreferendumaren moduko bat aldarrikatu du Kataluniarentzat

AGENTZIAK

Generalitateko presidenteak eta Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak bilera egin dute Edinburgon. Bi buruzagi politikoek Kataluniako eta Eskoziako prozesuak aztertu dituzte.

  • Quim Torra Generalitateko presidentea Eskozian. Argazkia: EFE

    Quim Torra Generalitateko presidentea Eskozian. Argazkia: EFE

Quim Torra Generalitateko presidenteak Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroarekin bildu zen atzo Edinburgon, eta Espainiako Gobernuarekin hitzartutako erreferendum bat aldarrikatu zuen bilera horretan Kataluniarentzat, eskoziarrek 2014an egin zuten bezala.

Eskoziako gobernuburuaren egoitza nagusian elkartu ziren, Bute Housen, eta ordubete inguru eman zuten hizketan. Bi buruzagiak Kataluniarentzat "konponbide bakezaleak eta demokratikoak" bilatzearen alde agertu ziren, betiere, "Espainiako Gobernuaren eta Kataluniakoaren arteko elkarrizketa" abiapuntu gisa hartuta.

Bileraren amaieran, agiri bateratu bat zabaldu zuten. Bertan irakur daitekeenez, Kataluniarentzako konponbidea "Kataluniako herriaren autodeterminazio eskubidearen errespetutik bilatu beharko da".

Sturgeonen eta Torraren iritziz, autodeterminazioari lotutako arazoak "erreferendum demokratikoen bidez" konpondu behar dira, 2014an Eskozian egin zuten erreferendumarekin egin zuten moduan.

 

 

Quim Torrak hedabideen aurrean adierazi zuenez, Eskoziako herriak Kataluniakoari erakutsitako elkartasuna eskertu zion. Halaber, bi gobernuek lantalde bat eratzea adostu zuten, kultura, gizarte eta ekonomia alorrean bi herrien arteko harremanak sendotzeko. Bestalde, Torrak Bartzelonara gonbidatu zuen Sturgeon, eta horrek onartu egin zuen eskaintza. Hala ere, oraingoz ez dute bisitarako datarik zehaztu.

Edinburgora egindako bisitan, Kataluniako buruzagia erbestean dagoen Clara Ponsati Hezkuntza kontseilari ohiarekin ere elkartu zen hiriaren erdiguneko hotel batean. Kataluniako presidenteak bileraren osteko prentsaurrekoan esan zuenez, Pedro Sanchezekin astelehenean izan zuen bileran "preso politikoen eta Clara Ponsati bezala erbestean daudenen egoera bidegabeaz" hitz egin zuten.

Epaile batek bi polizia ikertu gisa deklaratzera deitu, urriaren 1eko erreferendumarengatik

Bartzelonako 7. Instrukzio Epaitegiak istiluen kontrako bi polizia agente ikertu gisa deklaratzera deitu ditu irailaren 5erako, 2017ko urriaren 1eko erreferendumean "bereizi gabe eta proportziorik gabe" jardutea egotzita.

Iridia giza eskubideen aldeko kolektiboak aurkeztutako kereila baten harira abiatu zuen ikerketa epaitegiak. Zehazki, ikertutako poliziak inspektoreorde bat eta istiluen kontrako agente bat dira, urriaren 1eko erreferendumean Barcelonetako Mediterranea hezkuntza zentroan zeuden pertsonen kontra egin zutenak. 30 pertsona inguru zauritu zituzten bertan.

Turull, Forn eta Rull lekualdatuta, Kataluniako preso independentista guztiak Kataluniako espetxeetan daude

Preso dauden Kataluniako bederatzi politikari independentistak Kataluniako kartzeletan daude jada. Atzo, Jordi Turull, Joaquim Forn eta Josep Rull Lledoners espetxera eraman zituzten, eta gainerako sei presoak aurreko astean lekualdatu zituzten.

Turull, Torra eta Rull Esquadra Mossoen bi furgonetatan iritsi ziren, 13:00ak aldera, Sant Joan de Vilatorrada (Bartzelona) udalerrian dagoen Lledoners kartzelara. Espetxe horretan bertan daude uztailaren 4az geroztik Oriol Junqueras, Raul Romeva, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart.

Bestalde, Carme Forcadell eta Dolors Bassa Figueresko (Girona) espetxe batean daude joan den astetik.