16:13

Politika

AUTOGOBERNU LANTALDEA

EAEk erreferendumak deitzeko eskumena eta espetxeetakoa izatea adostu dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

EAJk eta EH Bilduk estatutu politiko berriari buruzko beste akordio bat lortu dute. Aurrez, Atariko Tituluaren eta Hitzaurrearen inguruko adostasuna erdietsi zuten.

  • Autogobernu lantaldearen bilera. Artxiboko argazkia: EFE

    Autogobernu lantaldearen bilera. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Estatutu berriaren hitzaurrearekin eta Atariko Tituluarekin egin bezala, eskumenen atala adostu dute EAJk eta EH Bilduk. Erreferendumak deitzeko eskumena, Gizarte Segurantzarena edota espetxe politikarena jasoko ditu, besteak beste, estatutu berriak. Horrez gain, justizia propioa eta Kontzertu Ekonomikoaren "sendotzea" ere jasoko ditu.

Autogobernu lantaldeak gaur Eusko Legebiltzarrean egin duen bileran erdietsi dute proposamenari buruzko akordioa. Aitzitik, Elkarrekin Podemos, PSE-EE eta PP oraingoan ere akordio horretatik kanpo gelditu dira (Hitzaurreari eta Atariko Tituluari buruzko akordioa ere ez zuten babestu).

Gaur onartutako proposamenaren arabera, Gernikako Estatutuak aitortzen dituen, baina oraindik Euskal Autonomia Erkidegora (EAE) transferitu ez diren eskumenak "berretsi" behar dira. Gainera, Espainiako legediaren edota Auzitegi Konstituzionalaren esku hartzearen ondorioz "murriztuak" izan diren eskumenak "berreskuratzea" aldarrikatu dute EAJk eta EH Bilduk.

Proposamena adostu dutenen esanetan, euskal erakundeek eskumenak handitzea beharrezkoa da herritarren "eskubide politiko, ekonomiko, sozial, linguistiko eta kulturalak bermatzeko".

EAJk eta EH Bilduk adostutako proposamenean hiru bloke bereizten dira. Lehenengoan, "izaera esklusibokoak" jasotzen dira, esaterako, hizkuntza, kirola eta kultura, hezkuntza, osasuna, segurtasuna, enplegu publikoa, zuzenbide zibila, Kontzertu Ekonomikoa eta lurralde antolaketa propioa.

Bigarren blokean, euskal erakundeei EAEko baliabide naturalei buruzko "jabari edo ondasun titulartasuna" aitortzen diete, itsasoa edo bertan kokatuta dauden azpiegiturak barne hartuta.

Hirugarren eta azken blokean, ostera, lan harremanei, babes eta Gizarte Segurantzari buruzko eskumenak aitortzen dizkiete euskal erakundeei. Atal horretan, Estatu espainiarrarekin kolaborazio eta solidaritate mekanismoak jasotzen dira.

Bestalde, EAEk kanpo ekintzan "eskumen handiak" izatea eta Europako zein nazioarteko erakundeetan ordezkaritza izatea proposatzen dute EAJk eta EH Bilduk.

Dokumentu hau, aurreko biak bezala, zirriborro bat da eta litekeena da tramitazio edota eztabaida faseetan aldaketak izatea.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena