11:40

Politika

Rajoyren ordezkoa

Maria Dolores de Cospedal hautagai izango da Rajoyren ondorengoa aukeratzeko lehian

EITB.EUS

'Alderdi Popularra zuzentzen duen lehen emakumea' izan nahi duela azpimarratu du, baita Espainiako Gobernuko lehen emakumezko presidentea ere, erantsi duenez.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

"Irabazteko, irabazteko eta irabazteko aurkeztuko naiz". Ziur azaldu da Maria Dolores de Cospedal Alderdi Popularreko idazkari nagusia alderdia zuzentzeko hautagaitza iragartzeko orduan.

Gaztela-Mantxako PPren presidente ere bada Cospedal, eta hain justu, eskualde horretako Zuzendaritzaren bileran iragarri du Cospedalek. Txalo artean hartu dute erabakia han zeuden 150 bat alderdikideek.

"Prest nago. Alderdi Popularra zuzentzen duen lehen emakumea izan nahi dut, baita Espainiako Gobernua zuzentzen duen lehena ere", iragarri du.

Cospedalek goizean iragarritako horrekin, sei dira jada PP zuzentzeko aurkeztutako hautagaitzak: Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteorde ohiarena, Pablo Casado PPko Komunikazio idazkariordearena, Jose Manuel Garcia Margallo ministro ohiarena, Jose Ramon Garcia-Hernandez Kongresuko Kanpoko Arazoetarako Batzordeko PPren bozeramailearena eta Jose Luis Bayo Valentziako Belaunaldi Berrien presidente izandakoarena.

'Pilatutako eskarmentu eta formakuntza'

Alderdi Popularreko idazkari nagusiak bere formakuntza (Estatuko abokatua da) eta eskarmentu politikoa (Gaztela-Mantxako Presidentetzarako hautagai, Defentsa ministro eta "PPren eta beste ezein alderdiren lehen emakumezko idazkari nagusi" ere izan da) aipatu ditu balio gisa. Rajoyren ondorengoa izateko lehian parte hartzeko erabakia "asmo pertsonalistak alde batera utzita" hartu duela nabarmendu du. "Ziur naiz alderdiarentzat onena dela", erantsi du.

PPren alde "aurpegia askotan eman" duela gogorarazi du: "Guztiok engainatu gintuzten tipoen kontra, denon sosak lapurtu zutenen kontra, Alderdi Popularrari ere ostu zioten horien kontra, eta gure alderdiaren izen ona zikindu zutenen kontra. Orain egon behar duten lekuan daude horiek denak".

"Askotan eman dut aurpegia, eta beti egingo dut horrela. Askotan astindu naute, eta berriz egingo dute, baina beti altxatu nahi, eta horrela egingo dut aurrerantzean ere", esan du.

Cospedalen hitzetan, bada garaia "Espainiako zentroaren batasuna berreskuratzeko" eta bide horretan, hautagaitza "umiltasunez, eskarmentuarekin eta ilusioarekin" aurkezten duela gaineratu du.

Saenz de Santamaria aipatu ez badu ere, PP zuzentzeko hautagai izatearen erabakia "inoren kontrakoa" ez dela azpimarratu du, eta "proposamen integratzaile" bat aldarrikatu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena