Politika
Noos epaia
Iñaki Urdangarin Brievako espetxean sartu da, Avilan
Agentziak | Erredakzioa
Noos auzia dela eta, bost urte eta hamar hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Auzitegi Gorenak.
Iñaki Urdangarin Brievako espetxean sartu da gaur goizean, Avilan. Noos auzia dela eta, bost urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion Auzitegi Gorenak.
1989an eraiki zuten Brievako espetxea. 43.540 metro karratu eta 162 zelda ditu. Avilatik hamar kilometro ingurura dago, erdiguneetatik nahiko isolatuta, baina Madriletik ez oso urrun. Luis Roldan Guardia Zibilaren zuzendari ohiak kartzela horretan bete zuen zigorra.
90ko hamarkadan, ihes egin ostean atxilotu eta gero, Brievara eraman zuten Roldan, segurtasun gehiago izateaz gain, gertuagotik zaindu zezaketeelako. Emakumeentzako espetxea izanik, isolatutako eremu batean kokatu zuten.
Espetxe Zuzendaritzak joan den astean azaldu zuenez, Iñaki Urdangarinen erabakiaren zain zegoen erakunde horretako Idazkaritza Nagusia. Ondoren, aukeratutako espetxea ikusita, hor utzi edo beste batera eraman erabakiko du orain, antolakuntza eta segurtasun arloko irizpideak kontuan hartuta.
Urdangarini bost eguneko epea jarri zion Palmako Lurralde Auzitegiak espetxean sartzeko joan den asteazkenean. Mario Pascual Vives abokatua lagun zuela joan zen kartzelatze-agindua jasotzera.
Epai irmoa
Auzitegi Goreneko Zigor Aretoak aho batez berretsi zuen Iñaki Urdangarinen kontrako espetxe zigorra. Hala ere, Noos auziagatik lehen instantzian ezarri zioten 6 urte eta 3 hilabeteko kartzela zigorra bost hilabetean arindu zuen: guztira, 5 urte eta 10 hilabete. Palmako Auzitegiak prebarikazio delitua, diru publikoa bidegabe erabiltzea, dokumentu publikoak faltsutzea, influentzia trafikoa eta Ogasun Publikoaren kontrako bi delitu leporatu zizkion lehen instantzian.
Gorenak dokumentu publikoak faltsutzearen delitutik absolbitu zuen Urdangarin, bere parte-hartzea ez zela frogatu argudiatuta. Kartzela zigorraz gain, Urdangarinek milioi bat euro inguru ordaindu beharko du isunak eta kalte ordainak aintzat hartuta.