23:53

Politika

MANIFESTAZIOA IRUÑEAN

80.000 pertsona bildu dira Iruñean, Altsasuko gazteentzako justizia eske

EITB.EUS

"Ez da Justizia, #Altsasukoakaske" irakur zitekeen manifestazio buruko pankartan. Nafarroako hiriburuan inoiz egin den manifestaziorik handiena izan da, apirileko mobilizazio historikoa ere gaindituz.

1:48
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Milaka lagunek bat egin dute larunbat honetan Iruñean, Altsasuko auziaren epaia salatzeko eta zortzi gazteen askatasuna exijitzeko egin den manifestazio historikoan.

Zortzi gazteen senideek deitu duten mobilizazioa Sadar estadioaren kanpoaldetik abiatu da 17:12 aldera, Iruñeko erdialdetik igaro da eta Askatasunaren plazan amaitu da 19:00ak jota zirenean.

"Ez da Justizia, #Altsasukoakaske" irakur zitekeen manifestazioaren buruan eraman duten pankartan eta "Altsasukoak aske" izan da lelorik errepikatuena. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 80.000 pertsona baino gehiagok hartu dute parte (30.000 udaltzaingoaren arabera), eta Nafarroako hiriburuan inoiz egin den manifestaziorik handiena izan da, beraz. Hala, apirileko mobilizazio historikoa ere gainditu dute larunbat honetan. Orduko hartan, 38.000 lagun inguru elkartu ziren.

Goizean goizetik hasierako eta amaierako guneak prestatzen aritu dira antolatzaileak. Espainiako estatuko 150 udalerritatik (besteak beste, Madrildik, Valentziatik, Galiziatik...) joan dira autobusak eta lehenak, Kataluniatik etorriak, goizean bertan iritsi dira Nafarroako hiriburura. Hain zuzen ere, kataluniar ugarik parte hartu dute manifestazioan, kamiseta horiak jantzita eta esteladak eskuetan:

altsasu manifestazioa

Sare sozialetan ere #Altsasukoakasko traola bolo-bolo ibili da, manifestazioaren irudiak, bideoak eta sentsazioak zabalduz. Zigortutako gazteen senideek ere bide hori erabili dute jendearen babesa eskertzeko:

 

Gaurko protestak Nafarroako 50 bat eragile politiko, sindikal eta sozialen atxikimendua jaso du. Epaia "bidegabea" dela iritzita, Foru Gobernuak ere ordezkaritza bidali du.

Maria Solana Nafarroako Gobernuaren bozeramaileak manifestazioa hasi aurretik azaldu du gaurkoan "justizia justu bat eta proportzionaltasuna" aldarrikatuko direla eta Nafarroako Gobernua bezalako instituzio batek aldarrikapen horretan parte hartu beharra daukala "justizia eta proportzionaltasuna oinarrizko printzipioak baitira, eta oinarriak, gainera, elkarbizitzarako".

EH Bildu, EAJ eta Nafarroako Podemoseko ordezkariek ere justizia eta proportzionaltasuna aldarrikatu dituzte.

Arlo sindikaletik, Igor Arroyo LABeko idazkari nagusi albokoak esan du manifestazio honetan parte hartu beharra dagoela "justizia eskatzeko Altsasuko gazteentzat, Altsasuko herriarentzat eta Euskal Herriarentzat. Baita demokrazia aldarrikatzeko ere".

Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusiak, berriz, salatu du PPren agintaldian, "Espainiako botere judizialaren barruan sare bat antolatu" dutela, "honelako gauzak gerta daitezen. 'Karroñerismoarekin' zerikusia duten gauzak egiteko, normalizazioa bultzatu beharrean".

Elkartasun keinu horiei guztiei erreferentzia egin die Bel Pozuetak, Altsasuko ametako batek, manifestazioaren hasieran. Babes hori "ordainezina" dela esan du, ez dakitela nola definitu ere. "Bide hau luzea da, aurrerago ere beharko zaituztegu baina gaur, hemen, kaleak txiki geratuko dira, gure kasuarekin egiten ari diren injustiziak askatasunaren, demokraziaren eta zuzenbide estatuaren muga guztiak gainditzen baititu", esan du.

ALTSASU MANIFESTAZIOA

Amaierako ekitaldia

Jon Maia bertsolariak hasi du ekitaldia segidilla bat abestuz, eta Altsasuko gazteei eskainitako jota bat abestu dute ondoren: "siete jóvenes de Altsasu condenados sin razón hasta cuando aguantaremos esta injusta situación" zioen letrak.

Kartzelan diren zazpi gazteei erreferentzia egin diete ondoren: "500 kilometrora zaudete, baina zuekin gaude eta ez zaituztegu bakarrik utziko". "Borroka honek bere fruituak emango ditu eta egoera hauek posible ez diren gizarte bat lortuko dugu. Utzi Altsasu bakean" esan dute.

Gotzon Urrizola eta Bel Pozueta gurasoek hartu dute ondoren hitza: "Mendeku gose nabarmena" dagoela esan dute, eta "neurri legalak" eskatu dizkiete agente politiko eta sozialei "hau berriz ere gerta ez dadin". Eta hori lortzeko, "demokrazia erregeneratzeko eta eskubide eta eskatasunak berreskuratzeko mahaia" eskatu dute.

Estik, Mikel Markezek, Jon Maiak eta 'el Drogas'ek 'Aurrera Altsasu' abestia elkarrekin kantatuz amaitu da ekitaldia.

2 eta 13 urte arteko kartzela-zigorrak

Azkenean terrorismo delitua egotzi ez bazieten ere, Auzitegi Nazionalak bi eta hamahiru urte arteko kartzela-zigorrak ezarri zizkien zortzi auzipetuei, 2016ko urrian Altsasuko Koxka tabernan bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin izandako liskarragatik.

Gazteetako bat soilik dago aske, bi urteko espetxealdia ezarri ziotelako. Gainerako guztiak kartzelan daude, eta horietako hiruk urtebete eta erdi baino gehiago daramate preso.

Auzitegi Nazionalak ebazpena ezagutarazi zuenean, gazteen gurasoek berehala salatu zuten zigorra "neurrigabea" eta epaia "politikoa" zela, "mendekuan oinarritutakoa" eta errekurtsoa jarriko zutela iragarri zuten.

Halaber, "injustizia honen aurrean erantzun irmoa eta argia" emateko unea iritsi dela azpimarratu zuten eta, horrenbestez, larunbat honetan Iruñeko kaleak betetzeko deia egin zuten.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, ordea, zigorra txikiegia izan dela uste du, eta errekurtsoa iragarri zuen ostegunean bertan, terrorismo delitua ere leporatu diezaietela eskatuz.

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena