Politika
Altsasuko auzia
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bestalde, euro-parlamentari talde batek Europako Batzordearen esku hartzea eskatu du, Altsasuko gazteei ezarritako kartzela-zigorrak "gehiegizkoak" direla iritzita.
Elkarretaratzea Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Argazkia: EFE
Altsasuko liskarragatik zigortu dituzten zortzi gazteen senideek gizartearen babesa eskatu dute, Auzitegi Nazionalak ezarri dien zigorra "neurrigabea" dela salatuta; izan ere, hamahiru urte arteko kartzela-zigorrak ezarri dizkiete.
Gaur goizean elkarretaratzea egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean, justizia aldarrikatzeko. Geroa Bai, EH Bildu, Izquierda-Ezkerra eta Podemoseko ordezkariak izan dira bertan.
Joan den ekainaren 5ean Guardia Zibilak Altsasun egindako polizia-operazioa eta Auzitegi Nazionalak emandako epaia gogor kritikatu dituzte.
"Ezarritako kartzela-zigorrak neurrigabeak dira, ez datoz bat haien hitzetan han izan zen liskarrarekin. Ez zen erasorik izan, epaiketan ikusi zen bideoak argi eta garbi erakusten duen moduan", adierazi du Edurne Goikoetxea zigortutako gazteetako baten amak.
Halaber, gazteek ihes egiteko arriskurik ez zegoela berretsi du. "Espetxealdi eskaerak 50 urtetik gorakoak zirenean, epaiketara joan ziren, bere borondatez sinatzera joaten ziren eta epaia ezagutu ostean ere euren etxeetan jarraitu zuten", gogoratu du. "Muntaia batek biktimak gara", erantsi du.
Horrenbestez, Auzitegi Nazionalak ezarritako ebazpenaren kontra helegitea aurkeztuko dutela esan du, "hau guztia gehiegikeria itzela baita, hilketa kasuetarako zigorrak jarri dituztelako".
Ildo horretan, Goikoetxeak azpimarratu du epaiketan ez zirela "salatutako gertakariak frogatu" eta prozeduran "hainbat irregulartasun" izan zirela.
Gauzak horrela, justizia exijitzeko ekainaren 16an Iruñean egingo duten manifestazioa parte hartzeko deia egin diote gizarteari. "Estatu guztiari eragiten dion auzia da hau, gazteriari, askatasunari, demokraziari eta justiziari eragiten baitio; kasu honetan inork ezin du beste aldera begiratu", ohartarazi du Goikoetxeak.
Europako Batzordearen esku hartzea eskatu dute
Bestalde, EAJ, EH Bildu, Izquierda Unida, Podemos eta BNG taldeetako euro-parlamentariek Altsasuko gazteen auzian esku har dezala eskatu diote Europako Batzordeari, ezarritako kartzela-zigorrak "gehiegizkoak" direla iritzita.
Altsasun izandako liskarrean "zauri arinak" izan zirela eta, hala ere, 13 urte arteko espetxe-zigorrak ezarri dituztela kritikatu dute, antzeko gertakariengatik izandako beste epaiketa batzuetan kartzela-zigorrik ezarri ez denean.
Europako Batzordeari igorritako gutunean, euro-parlamentariek Frans Timmersmans erakunde horretako presidenteordeak 2017ko irailean egindako adierazpenak aipatu dituzte.
Timmermansek orduan esan zuen Europako Batzordea Altsasuko auzia "gertutik" jarraitzen ari zela eta Espainiako botere judizialak Giza Eskubideen Europako Ituna bete behar zuela gogoratu zuen. Ildo horretan, "epaiketa justua" izatea bermatu behar zela eta "terrorista" nor den eta "ekintza terrorista" zer den definitzeko zuzentarau berri bat dagoela eta hura aplikatu behar zela adierazi zuen.
Azkenean terrorismo delitua leporatu ez arren, euro-parlamentariak harridura agertu dute, Auzitegi Nazionalak "muturreko" zigorrak ezarri dituelako. Eta zehazki ondoko hauek azpimarratu dituzte: batetik, ebazpenak auzipetu bakoitzaren inputazio objektiboa aipatu ez izana eta zigorrak handitzeko guztientzat egilekide kontzeptua erabili izana; eta bestetik, Auzitegi Nazionalak Nafarroako Auzitegiari kasua kendu izana, terrorismo deliturik izan ez denean eta, beraz, auzia Nafarroan epaitu behar zenean.
Argudio horiek aintzat hartuta, Auzitegi Nazionalaren epaiak Oinarrizko Eskubideen Itunaren 493. artikulua betetzen ote duen ala ez argitzeko eskatu diote euro-parlamentariek Europako Batzordeari.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa