Politika
Gobernu sozialista
Agentziak | Erredakzioa
Bestalde, Pedro Sanchezek eta Quim Torrak telefonoz hitz egin dute ostiral hoentan, eta "laster" bilera bat egingo dute. Sanchezek Iñigo Urkullu eta Uxue Barkosekin ere hitz egin du.
Albisteak (4)
Pedro Sanchezen Gobernu berriak Kataluniako kontuak ikuskatzeari uzteko erabakia hartu du gaur. Isabel Celaa Espainiako Gobernuaren bozeramaile berriaren hitzetan, "normalizazio politikorako keinu gisa" hartu dute erabakia ostiral honetan egin duen lehen ministro bileran. "Ongi funtzionatuko duela uste dugu", erantsi du.
2017ko irailean hasi zen Espainiako Ogasun Ministerioa Kataluniako kontu publikoak kontrolatzen, eta urrian Mariano Rajoyren Gobernuak Generalitateko agintariak kargugabetu eta Kataluniako administrazio publikoaren kontrola bere gain hartu zuen, urriaren 1eko erreferenduma egin eta independentzia aldarrikatzeagatik.
Joan den ekainaren 2an Quim Torrak Generalitateko presidente kargua hartu zuenean, Espainiako Gobernuak 155. artikulua indargabetu zuen. Alabaina, Alderdi Popularraren exekutiboak Kataluniako kontu publikoak kontrolatzen jarraitu zuen.
Gaur, Pedro Sanchezen Gobernu berriak esku hartze hori amaitutzat eman du eta hala jakinarazi die bankuei. Horrenbestez, aurrerantzean Espainiako Ogasun Ministerioak ez ditu Generalitatearen kontuak ikuskatuko.
Sanchez eta Torra "laster" bilduko dira
Bestalde, arratsalde honetan jakin da Pedro Sanchezek eta Quim Torrak telefonoz hitz egin dutela. "Laster" biltzekotan gelditu dira biak.
Ordu batzuk lehenago, Isabel Celaa Espainiako Gobernuko bozeramaile berriak iragarri du Pedro Sanchezek autonomia erkidegoetako presidente guztiekin bilerak egingo dituela, baita Quim Torra Generalitateko presidentearekin ere.
"Harreman instituzionalak normalizatzeko helburua du Gobernuak; hori dela eta, izotza apurtzen joan behar gara", esan du Celaak sozialistek ostiral honetan egin duten lehen Ministroen Kontseilu osteko prentsaurrekoan.
"Jakina da erkidegoetako presidente guztiekin bilduko dela Sanchez, baita Torrarekin ere", adierazi du.
Celaak ziurtatu duenez, Pedro Sanchez "esku batean Konstituzioa eta bestean elkarrizketa" duela joango da Quim Torra Generalitateko presidentearekin oraindik zehaztu gabeko egun batean egiteko duen bilerara.
Gobernu bozeramaileak azaldu duenez, gaurko Ministroen Kontseiluan ez dute aldebiko bilera horretan jorratu daitezkeen gaien inguruan hitz egin, baina lehentasuna duena Kataluniako egoera "normalizatzea" dela esan du.
Bilera horren edukiak argitu ez baditu ere, Isabel Celaak azpimarratu duenez autodeterminazio eskubidea edo Kataluniaren erabakitzeko eskubidea ez dira bilera horretan jorratuko.
Urkullu eta Barkosekin ere hitz egin du
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Iñigo Urkullu lehendakariari ere adeitasun-dei bat egin dio. Hizketaldi motzean, ez dute Urkulluk Sanchezi bidali zion mezuari buruz hitz egin; hau da, elkarrizketa-bide bat eskatu zion, besteak beste, Estatutua osorik betetzeko gaiei aurre egiteko.
Deia ostiral honetan, 19:00etan, izan da, eta "arreta gehiagorekin" aurrez aurreko bilera bat egiteko geratu dira, datarik jarri ez arren, Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.
Sanchezek Uxue Barkos Nafarroako presidentearekin ere hitz egin du; aurrerago hizketaldi bat izatekotan geratu dira, baina ez dute egun zehatzik jarri. Barkosek Aurrekontuen Egonkortasun Legea indargabetzeko eskatu dio, eta, horrekin batera, Abiadura Handiko Trena (AHT) eta enplegua ere jarri dizkio mahai gainean.
Borrellen jarrera Kataluniarekiko
Atzerri Gaietarako ministro berriak Kataluniarekiko izango duen harremanaz galdetuta Celaak erantzun duenez, Josep Borrell "Kataluniako politika orientatzen jarraitzeko itsasargi ona da".
Bestalde, Meritxell Batet Lurralde administraziorako ministro berriak datorren astean Kataluniako auziari buruzko agerraldi bat egingo duela iragarri du Gobernu bozeramaileak.
Celaak nabarmendu duenez, Kataluniako auzia gai "transbertsala" da eta Gobernuko presidenteari dagokio gai horretan "lidergoa" hartzea.
Espetxean dauden buruzagi kataluniarrak gerturatzeko aukeraz galdetuta, Celaak erantzun du behin-behineko espetxealdian daudela eta instrukzio epaileari dagokiola horien egoerari buruzko erabakiak hartzea.
Elkarrizketa berreskuratzea funtsezkoa dela esan ostean, Sanchez guztiekin elkarrizketak izateko agenda itxi nahi duela gaineratu du. Halaber, Parlamentuko buruekin eta agente sozialekin biltzeko asmoa duela iragarri du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa