12:08

Politika

Espainiako Gobernua

Sanchezek azpimarratu du bere gobernua elkarrizketarako prest dagoela

Agentziak

Isabel Celaa euskal politikaria, Hezkuntza ministroa izateaz gain, Gobernuaren bozeramailea izango da. Fernando Grande-Marlaska Barne ministro izango da, eta Maxim Huerta kazetaria, Kultura ministro.

5:16
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidenteak gaur azpimarratu duenez, bere gobernuko kideak "desberdin pentsatzen duenarekin elkarrizketa izateko eta adostasuna lortzeko zabalik egongo dira". Bi euskal herritar izango dira gobernu berrian: Isabel Celaa eta Fernando Grande-Marlaska.

Exekutiboaren osaketaren berri emateko, agerraldia egin du presidenteak Moncloan. Sanchezen hitzetan, Gobernua profesional errespetatuek eta aitortuek osatzen dute. "Gizartearen ikuspegi progresista, modernizatzailea eta europeista dute", erantsi du.

Eskaintza onartu izana eskertu die Sanchezek Gobernua osatzen duten "pertsona ospetsuei", "datozen hilabeteetan herria zerbitzatzeko, ibilbide profesional prestigiotsuak alde batera uzteagatik".

Sanchezen ahotan, bere gobernua "zerbitzatzeko asmoa duen gizarteko onenaren isla da". Martxoaren 8an azaleratu zen "mugimendu feminista" bere egingo duela erantsi du Sanchezek, Espainiako gizartean "mugarri" izan zelako.

Isabel Celaa euskal politikaria, Hezkuntza ministroa izateaz gain, Exekutiboaren bozeramailea izango dela iragarri du Espainiako Gobernuko presidenteak arratsaldean.

Margarita Robles PSOEren Kongresuko bozeramailea eta Auzitegi Goreneko magistratu ohia Defentsa ministro izango da. Gainera, Maxim Huerta kazetari eta idazleak Kultura eta Kirol ministroaren ardura hartuko du, presidenteak berak agerraldian baieztatu duenez.

Huerta izan da baieztatu duten azkena. Guztira, Gobernuak 17 ministro ditu, eta emakumeek gehiengo zabala izango dute bertan.

Ministro berriak Zarzuelako jauregira joango dira ostegun honetan, 10:00etan, Espainiako erregearen aurrean karguaren zina egin edo agintzeko.

Hauxe da Espainiako Gobernuaren osaketa:

-Pedro Sanchez, Gobernuko presidentea

-Isabel Celaa, Hezkuntza eta Lanbide Heziketa ministro eta Exekutiboaren bozeramailea

-Carmen Calvo, Gobernuko presidenteorde eta Presidentetza, Gorteekiko Harreman eta Berdintasun ministroa

-Fernando Grande-Marlaska, Barne ministroa

-Margarita Robles, Defentsa ministroa

-Maxim Huerta, Kultura eta Kirol ministroa

-Pedro Duque, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate ministroa

-Josep Borrell, Atzerri Gai, Europar Batasun eta Kooperazio ministroa

-Teresa Ribera, Trantsizio Ekologikorako ministroa

-Jose Luis Abalos, Sustapen ministroa

-Maria Jesus Montero, Ogasun ministroa

-Carmen Monton, Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizaterako ministroa

-Nadia Calviño, Ekonomia eta Enpresa ministroa

-Meritxell Batet, Lurralde Politika eta Funtzio Publikorako ministroa

-Magdalena Valerio, Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantza ministroa

-Reyes Maroto, Industria, Merkataritza eta Turismo ministroa

-Dolores Delgado, Justizia ministroa

-Luis Planas, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroa

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena