Politika
KATALUNIA
AGENTZIAK | ERREAKZIOA
Quim Torraren Gobernua osatuko dute 13 kontseilariek hartu dute kargua, Generalitateko jauregian egin den ekitaldian. Gainera, mugarik gabeko elkarrizketarako deia luzatu dio Torrak Sanchezi.
Argazkia: EFE.
Kataluniako Gobernu berria osatuko duten 13 kontseilariek kargua hartu dute larunbat goiz honetan Generalitateko jauregian. Behin Gobernu berria osatuta, Konstituzioaren 155. artikulua bertan behera geratuko da Katalunian.
11:30ean hasi da ekitaldia, eta espetxean eta erbestean dauden Josep Rull, Lluis Puig, Jordi Turull eta Toni Comin kontseilari ohien senideek ekitaldian parte hartu dute. Txaloaldi luze eta "askatasuna" oihuen artean sartu dira Generalitateko aretora eta, behin bertan, kontseilari ohiek idatzitako gutunak irakurri dituzte.
Kontseilari berri izateari uko egiten diotela onartu dute eskutitzetan (simbolikoki, 155. artikuluagatik ezin zutelako kargua hartu), "Estatuko botereek abiatutako blokeo-egoeragatik", Meritxel Lluis Rulleko emazteak irakurri duenez. Gainera, Quim Torra presidenteak eskainitako konfiantza eskertu dute.
Comin, Turull, Puig eta Rull kontseilari izendatu nahi zituen Torrak, baina Espainiako Gobernuak betoa jarri zien izendapen horiei.
Quim Torra eta Elsa Artadi kontseilari berria. Argazkia: EFE
Kargu-hartzea
Gutun horien irakurketaren ostean, Quim Torraren Gobernuaren 13 kontseilariek kargua hartu dute, eta "leialtasuna" hitzeman diote horri. Guztiek formula bera erabili dute. "Legeari so eginda eta Generalitateko presidenteari leialtasuna izanda, karguak dituen eginbeharrak beteteko dituzula agintzen duzu?", galdetu die Torrak, "bai, agintzen dut", erantzun dute haiek.
Kontseilari berriak honako hauek dira: Pere Aragones (presidenteordea eta Ekonomia kontseilaria); Elsa Artadi (Presidentzetza eta bozeramailea); Angels Chacon (Enpresa eta Ezagutza); Ernest Maragall (Atzerri Gaietarako kontseilaria); Miquel Buch (Barne kontseilaria); Josep Bargallo (Irakaskuntza); Alba Verges (Osasuna); Damia Calvet (Lurraldea eta Jasangarritasuna); Laura Borras (Kultura); Ester Capella (Justizia); Chakir El Homrani (Lana, Giza Gaiak, Familia); Jordi Puignero (Politika Digitalak eta Administrazio Publikoa) eta Teresa Jorda (Nekazaritza, Abelzaintza, Arrantza eta Elikadura).
Kataluniako presidentea, eta Pere Aragones, Ekonomia kontseilari berria. Argazkia: EFE
Eztabaidarako deia Sanchezi
Kontseilarien kargu-hartzearen ostean, Quim Torra Generalitateko presidenteak hitz egin du, eta aldebiko eta mugarik gabeko eztabaida hasteko eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente berriari. "Pedro Sanchez presidentea, hitz egin dezagun, arriskuak gure gain har ditzagun. Negoziatu dezagun, gure artean", adierazi du Torrak bere hitzaldian.
Dena dela, Generalitateko presidenteak ohartarazi duenez, Kataluniako Gobernuaren helburua izango da "urriaren 1eko agindua betetzea", hau da, Katalunia Errepublika Estatu independente bihurtzea.
"Bidea ez erraza izango, hori oztopatu nahi duten interes oso boteretsuak baitaude", esan du Torrak. Horren harira, kontseilarien "ausardia eta konpromisoa" azpimarratu ditu. Bestalde, Gobernu berriaren lehenengo urratsak iragarri ditu: Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzitako lege sozialak berreskuratu nahi dituztela esan du, eta 155. artikuluaren ondorioei buelta emateko plan bat. "Gaur, 155. artikulua amaitzen da, baina poz handirik gabe, egon nahi genukeen lekutik oso urrun gaudelako", ondorioztatu du.
"Guztientzako Gobernua izango gara. Agindu errepublikanoa daukagu, eta zazpi milioi eta erdiko katalanei zerbitzua eta ahalegina zor diegu", amaitu du Torrak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa