Itxi

Politika

ZENTSURA MOZIOA

Mariano Rajoy: 'Kide ustelak izan ditugu, baina PP ez da alderdi ustela'

EITB.EUS

Gurtel auziko epaiaren 'interpretazio interesatu eta manipulatua' egitea leporatu dio PSOEri. Halaber, sozialistak ustelkeriatik salbu ote dauden galdetu du.

1:36

Pedro Sanchez PSOEko buruzagiak Mariano Rajoyren aurkako aurkeztutako zentsura mozioaren eztabaida hasi dute ostegun honetan Diputatuen Kongresuan. Espainiako Gobernu presidenteak beste behin onartu duenez, "PPn kide ustelak izan dira". Aitzitik, haren esanetan, "PP ez da alderdi ustela". Are gehiago, erasora pasatu da eta ustelkeriatik salbu ote dauden galdegin die sozialistei.

Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariak egin du sozialistek Mariano Rajoyren kontra aurkeztutako zentsura mozioaren defentsa. Ondoren, Mariano Rajoyk hartu du hitza eta berak erantzun dio Abalosi. Gurtel auziko epaiaren "interpretazio libre, interesatu eta manipulatua" egitea leporatu dio. "Zentsura mozioak aurkeztu ditzakezu, bozkatu, egokiak iruditzen zaizkizun erabakiak hartu, baina ezin duzu Diputatuen Kongresuan gezurra esan", aurpegiratu dio Rajoyk.

Rajoyk Abalosi erantzunez esan duenez, Gurtel auziko epaiak "ez ditu ez Gobernua, ezta PP ere zigortu", eta kondenatuen artean ez dago gaur egun alderdiko militante den inor. Haren esanetan, Auzitegi Nazionalak erantzule zibil jo du soilik haren alderdia, izandako irabaziengatik. Azpimarratu duenez, epaia ez da oraindik irmoa eta ez da aho batez emandakoa izan (boto partikular bat egon zen). "PP ez da alderdi ustela, nahiz eta horrek zuek atsekabetu", gaineratu du. Ildo horretan, boto-emaile gehienek 2011, 2015 eta 2016an PPren alde egin zutela eta sozialistei, aldiz, konfiantza erretiratu ziela gogoratu du. "Hori da errealitatea eta gainerako guztia kazerolada bat da, hain zuzen ere, gustuko duzuena", berretsi du.

Akaso sozialistak ustelkeriatik salbu ote dauden galdegin dio Espainiako Gobernuko presidenteak Jose Luis Abalos PSOEko Antolaketa idazkariri. "Abalos jauna, politikari zintzo izateaz harro agertu al zaitezkete sozialistok? Ba al duzue auzipeturik zuen alderdian? Militanteren bati ahozko epaiketa egiteko prozedura zabaldu al diote? Kondenatutako inor ba al dago zuen alderdian? Zuetako inor ba al dago kartzelan ustelkeriagatik?", galdetu dio. Ironiaz beste galdera hau ere egin dio: "Andaluziako EREen auziko epaia ezagutzen denean zentsura mozioa aurkeztuko al diozue zeuon buruari".

Mozio "oldarkor eta grinatsua" aurkeztea aurpegiratu dio Gobernuko buruak PSOEri, eta horretarako errealitatearen antzik ez duen "zorigaiztoko koadroa" aurkeztu duzu.

Mariano Rajoyk Espainiako ekonomiaren garapenean jarri du azpimarra, eta haren Gobernuari esker urtean milioi erdi lanpostu sortzen direla aldarrikatu du, 570.000 lanpostu Podemosek aurkeztutako aurreko zentsura moziotik. Are gehiago, herritarrak "kalte" horretatik libratu nahi ote dituen galdegin dio Alderdi Sozialistari. Abalosi emandako lehen erantzunean, Sanchezen balizko Gobernuak eta hark defendatzen dituen "politika suntsitzaileek" izan ditzakeen ondorioez ohartarazi du. Bestalde, zentsura mozioa iragarri zenean burtsak behera egin zuela eta arrisku sariak ziztu bizian gora egin zuela esan du Rajoyk. Haren hitzetan, nahikoa izan zen Sanchezek hitz egitea "dena argi gorriz betetzeko"

Erantzunen tartean, Rajoyk hainbat sozialistek esandakoak gogoratu ditu. Rajoyren esanetan, horietako asko independentistekin itunak egitearen aurka agertu izan dira —orain horien babesa behar dute zentsura mozioak aurrera egingo badu—. Rajoyk buruzagi sozialisten aipu zehatzak irakurri ditu, tartean, Jose Luis Abalos Antolakuntza idazkariak esandako bat: "Independentistak ezin dira gure aliatuak izan, ezta zentsura mozio batean ere".

 

 

PPko diputatuek zutik eta txaloka hartu dute Mariano Rajoy

Rajoyk Sanchezi: "Ezin duzu Gobernuko presidente izan inoiz hauteskundeak irabazi ez dituzulako"

Gobernura iristen saiatzeko zentsura mozioa aurkeztu izana egotzi dio Mariano Rajoyk Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiari, haren esanetan, badakielako hauteskundeetan ez duela irabaziko. Hori dela eta, nahiago izan du, Rajoyren iritziz, mozioa "presaka" aurkeztea.

"Ustelkeria edo ni" esanda Kongresuari xantaia egin izana aurpegiratu dio Sanchezi. Sozialisten idazkari nagusiak Rajoyri dimitituko ote duen galdetu ostean, Andaluziako EREen auziko epaia ezagutarazten denean dimisioa emango ote duen esanez erantzun dio. Geroago Rajoyk Sanchezi emandako beste erantzun batean argi eta garbi utzi nahi izan du dimisioa eman behar duena buruzagi sozialista dela eta "atzera bueltarik gabe" gainera. PPko buruzagi ere badenak aldarrikatu duenez, oraingoz herritarren gehiengoaren eta Diputatuen Kongresuaren gehiengoaren konfiantza dauka, berak ez bezala.

Bestalde, Espainiarentzat proiekturik ez edukitzea bota dio aurpegira. Espainiako gobernuburuaren iritziz, Sanchezek errealitatea "laidotzeko" premia du bere burua "ezinbesteko" gisa aurkezteko.

2018ko Estatuko Aurrekontuak ere gogoan izan ditu. Ildo horretan, PSOE eta Unidos Podemos gogor kritikatu ditu lehen "urtikaria" eragiten zien kontuak orain sostengatzeko prest agertzeagatik, Rajoyren arabera, zentsura moziorako babes bila.

Kataluniako egoera ere hizpide izan du eta Sanchezi aldebiko jarrera izatea leporatu dio: batetik, Espainia plurinazionala eta erabakitzeko eskubidea; bestetik, espainiarren arteko berdintasuna eta Konstituzioaren erreforma. "Zu aldakorra zara, ez duzu argi hitz egiten eta zure asmoak isobaren mapak baino gehiago aldatzen dira", erantsi du. Kataluniarekin jarraituz, Fiskaltzari auzipetutako independentisten kontrako akusazioak erretiratzeko eskatu ote dion edota Quim Torra Generalitateko presidentearen "eskariak" onartuko ote dituen ere galdegin dio. Azkenik, emandako hitza betetzeko eskatu dio eta urtarrilean egin zioten elkarrizketa batean esandakoa gogorarazi dio: "Ezin da mozio batera joan Espainia apurtu nahi dutenekin".