16:04

Politika

Autogobernu lantaldea

Estatutu berriaren Atariko Titulua ere adostu dute EAJk eta EH Bilduk

Agentzia | erredakzioa

EAEko herritarrei 'euskal nazionalitatea' ematea aurreikusi du, Legebiltzarrak onartutako Legean oinarrituta. Elkarrekin Podemosek boto partikularra eman du; PSE-EE eta PPk testua baztertu dute.

  • EAJk Lantaldean dituen ordezkariak (Berriozabal, Egibar eta Ituarte). EFE

    EAJk Lantaldean dituen ordezkariak (Berriozabal, Egibar eta Ituarte). EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Estatutu berriaren hitzaurrearekin egin bezala, Atariko Tituluaren edukia adostu dute EAJk eta EH Bilduk. Hitzartutako proposamenean "euskal nazionalitatea" aitortzen diete EAEko biztanleei, betiere Eusko Legebiltzarrak onartutako Legean oinarrituta. Elkarrekin Podemosek boto partikularra aurkeztu du eta PSE-EEk eta PPk, ostera, testua baztertu dute.

Joan den astean hitzaurrea hitzartu eta onartu zuten bi alderdiek. Testuan "Euskal Herria berezko nortasuna duen herri" eta "nazioa" dela jaso dute, baita "bi Estatutan, espainiarra eta frantziarra, egituratutako zazpi lurraldeetara zabaltzen da". Era berean, EAEko biztanleen erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute. Eskubide hori "legezkotasunaren printzipioaren" arabera garatuko litzateke, eta Estatu espainiarrarekin "berdinen artekoa" harreman mota berria ezarriko litzateke, aldebikotasunean eta izaera "konfederalean" oinarrituta, eta biak subjektu politikoak direla aitortuta.

Hitzaurrean jasotako printzipioak garatu dituzte gaur adostutako Atariko Tituluan, 12 puntutan. Testuan jasotzen denez, "herriaren borondatea" izango da erabaki politikoak hartzeko muga bakarra. Halaber, galdeketak eta erreferendumak egiteko boterea aitortzen die tituluak euskal erakundeei, eta Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatzen duten "subjektu politiko juridiko konstituziogilea"ri nazio identitatea onartzen dio.

Euskal nazionalitatea

Testuak hiritartasun eta nazionalitate kontzeptuak bereizten ditu. Hiritartasun izaera euskal udalerri bateko bizilagun diren pertsona guztiei onartuko zaie eta nazionalitatea, ostera, Eusko Legebiltzarrak onetsiko duen lege baten arabera zehaztuko da.

AUTOGOBERNU LANTALDEA PONENCIA

Gaurko bilerak ordubete eskaseko iraupena izango du. Argazkia: EFE

Dokumentuaren arabera, hiritartasunaren aitortzak eta auzotartasun administratiboaren erabilerak euskal lurraldean bizi diren guztiei zerbitzu publikoetarako sarbidea izatea ahalbideratuko die, horien jatorria edo nazionalitatea edozein delarik ere.

Adostutako Atariko Tituluak dioenez, autogobernuaren eguneratzea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiritarren erabakian oinarrituko da eta horretako "hiritarren gehiengoaren borondateari balio arauemaile garrantzitsua eman beharko zaio".

Horrela, euskal erakundeek galdeketak eta erreferendumak arautzeko eta kudeatzeko ahalmena izango dute, Espainiako Estatuarekin, beste herrialdeekin eta Euskal Herriko beste herrialde batzuekin izan nahi duen harremanaz galdetzeko.

Hiru lurraldeek osatutako subjektu politiko juridikoa Estatuari lotuta egongo da "aldebikoa, berezia eta izaera konfederalekoa" izango den harreman baten bitartez. Halaber,  elkarrekiko errespetuan oinarrituta egongo da, ez menpekotasunean, eta "akordioan eta euskal autogobernuak blindatuko duen itunean" sostengatuko da.

Gasteiz izango da hiriburu politiko eta instituzionala

Eskumenei buruzko gatazkak ebazteko formula bat gehitu behar dela zehazten du Atariko Tituluak, blindaje hori gauzatzeko. Horrez gain, Estatuak aldebakartasunez arauak bertan behera uzteko dituen mekanismoak edota autonomian esku hartzeko ematen diotenak (Konstituzioko 155. artikulua)  ezabatu behar direla jasotzen du testuak.

Gasteiz izango da hiriburu politiko eta instituzionala eta Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren egoitza izaten jarraituko du. Euskara eta gaztelera izango dira hizkuntza ofizialak, baina lehenengoak "hizkuntza propioaren" aitortza izango du.

Alderdien adierazpenak

Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, euskal nazionalitateari buruzko "polemika artifizial bezain faltsua" sortzen saiatu dira, "hiritarrak baitira pertsonen eskubideak bermatzen dituztenak eta ez nazionalitatea".

"Hiritarrak garen heinean eskubide sozialak, ekonomikoak eta zibilak ditugu", adierazi du Urizarrek. Hori dela eta, haren esanetan, "estatutu berriak euskal hiritar ororen eskubide guztiak bermatuko ditu", baita euren arteko berdintasuna ere.

Legebiltzarkide abertzaleak nabarmendu duenez, Euskal Herriaren izaera nazionala aitortzeak bertako hiritarren euskal nazionalitatea aitortzea dakar berekin. Hori dela eta, plurinazionalitatea defendatzen dutenei (PSE-EEri erreferentzia eginez) termino hori onartzeko dei egin die.

Jose Antonio Pastor legebiltzarkide sozialista, berriz, kezkatuta agertu da, haren esanetan, EAJk eta EH Bilduk beren aldarrikapen nazionalistei eusten dielako, hiritarren artean "kategoriak" ezartzen eta "auzotartasun administratibo eta nazionalitate" kontzeptuak ezberdintzen tematzen direlako. Ildo horretan, testu artikulatuaren atal hori zuzentzea espero du.

 

 

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena