19:31

Politika

Bakea eta bizikidetza

Biktimek presoei buruzko erabakietan duten eragina kritikatu du Txema Matanzasek

Agentziak | Erredakzioa

Txema Matanzas abokatu eta preso ohiak eta Carmen Guisasola ETAko kide izandakoak Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lantaldean parte hartu dute.

2:24
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Txema Matanzas abokatu eta preso ohiak kritikatu du biktimek “gaitasun handiegia” dutela euskal presoen egoerari buruzko erabakiak baldintzatzeko.

EH Bilduk eskatuta, Matanzasek Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lantaldean parte hartu du gaur. Bilera ateak itxita egin dute, baina barrura sartu aurretik kazetarien aurrean adierazpenak egin ditu.

Euskal presoei aplikatzen zaizkien “salbuespen neurriak” bertan behera uzteko eskatu du. “Presoak aske geratzeko exijitzen diren epeak atzeratzea gatazkari zentzuzko konponbidea ematearen aurka doa”.

Halaber, Matanzasek salatu du kartzelatik ateratzeko euskal presoei ezarritako baldintzak “erabat subjektiboak” direla, hala nola, “norberaren ideia politikoei uko egitea, iraganari buruzko autokritika egitea, biktimei barkamena eskatu behar izatea edota indarkeria gaitzestea”.  “Honelako baldintzak Espainiako zuzenbidean soilik existitzen dira”, erantsi du.

“Zigor zuzenbidearen pribatizazioa ematen ari da; biktimek, hau da, delituaren ondorioak pairatzen dituzten pertsonek, gaitasun handiegia dute presoen gizarteratze prozesuari buruz erabakitzeko”, kritikatu du.

“Hau saihestu egin behar da, ez baikaitu inora eramango. Honek blokeo egoera batera eramango gaitu, hondarrak geratuko dira eta etorkizunean arazoak berpiztea ekarriko du”, ohartarazi du.

Horrez gain, gogora ekarri du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eztabaida prozesu bat egin zuela eta, besteak beste, espetxetik ateratzeko bide legalak ahalbidetzen dituen zirrikituak erabiltzeko erabakia hartu zuela.

Carmen Guisasola Legebiltzarrean

(Jone Goirizelaia EH Bilduko parlamentaria eta Carmen Guisasola. Argazkia: EFE)

Carmen Guisasolak ahalegin gehiago eskatu du

Gaurko saioan Carmen Guisasola ETAko kide ohiak ere hartu du parte, EH Bilduk eskatuta. Guisasola 2014an utzi zuten libre, 24 urtez preso egon eta ‘Langraiz Bidea’ri heldu ostean.

ETA betirako desegin dela eta, "alde guztien ahalegin gehiago" eskatu du, "zauriak ixteko".

Batzarra hasi aurretik, Guisasolak onartu du presoen egoera “oso konplikatua” dela. “Zerbait aldatu nahi bada, bizikidetzaren alde esfortzu handiagoa egin behar dugu guztiok”.

“Lehendabizi, zauriak itxi behar dira eta horretarako hemen gertatu dena bortitza eta bidegabea izan dela  eta inoiz gertatu behar ez zela aitortu behar da”, azpimarratu du.

Ildo horretan, ‘Yoyes’en hilketa izan du gogoan. ETAk tiroz hil zuen Maria Dolores Gonzalez Ordizian, semearekin kalean zegoela.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena