Politika
RADIO EUSKADI
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bilduk eta EAJk adierazi dutenez, akordio idatzirik ez badago ere, asteazkenean zortzi puntuko testu baten inguruan ados jarri ziren hiru aldeak.
Cristina Makazaga, gaur, Radio Euskadin. Argazkia: EiTB.
Cristina Makazaga Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak ukatu egin du EH Bildurekin eta EAJrekin akordioa zutenik euskal Estatutu berriaren inguruan, eta horiek aukeztu duten testuak "identitate kontu asko" eta "gizarte gaietako kontu gutxi" dituela gaineratu du.
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea lantzen ari den euskal estatus berriaren hitzaurrerako boto partikularra idatziko duela iragarri zuen atzo Euskadiko Podemosek, eta horren ostean, EH Bilduk horren inguruan asteazkenean bertan EAJren eta hiruren artean lortutako akordioa haustea leporatu zion.
EAEko parlametariek Radio Euskadin larunbatero egiten duten tertulia politikoan, Makazagak ukatu egin du akordio hori zegoenik, eta hiru aldeek aztertu duten testua "desakordioz betea" zegoela zehaztu du. Gainera, PSE-EEri kargu hartu dio gai honen inguruan akordioa lortzeko "inolako pausorik" eman ez duelako.
Iker Casanova EH Bilduko ordezkariak esan du "dezepzionatuta" daudela Podemosen jarrerarekin eta Makazagari "egia ez esatea" leporatu dio. Casanovak azaldu duenez, asteazkenean egindako bileran, zortzi puntuko testu baten inguruan akordioa erdietsi zuten. Akordio horretan, Elkarrekin Podemosek bi punturen inguruan boto partikularra emateko eskubidea izatea aurreikusi zuten. "Erabakitzeko eskubideaz hitz egin genuen", baina "hori idatzita ikusteak, antza, bertigoa eman die, eta orain atzera egiten ari dira" esan du.
Joseba Egibar EAJko bozeramaileak zehaztu duenez, "akordioa ez zegoen itxita, idatzita eta sinatuta", baina Elkarrekin Podemosekin "jarrerak gerturatu genituen" eta guztiak pentsarazten zigun hitzaurre-proposamena onartuko zutela, bi puntutan ñabardura bat eginez". Horregatik, bere iritziz, Elkarrekin Podemosek "beldur eszenikoa" izan du. "Presio mediatiko eta polikoaren pean ere negoziatzen jakin beharra dago" gaineratu du.
Eneko Andueza PSE-EEko ordezkariak, bere aldetik, "argitzeko" eskatu dio Elkarrekin Podemosi eta "arazo batean sartzen bada, ez bilatzeko koartada, beste alderdi batzuengan".
Borja Semper PPko ordezkariak "tamalgarritzat" jo du estatus berriko hitzaurrea "EAJren eta EH Bilduren ikuspuntu independentistatik" planteatzea eta egindako proposamena "okerra" dela erantsi du, "Euskadi ikuspegi nazionalista batetik jasotzen baitu".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa