18:06

Politika

Presidentegaia

Katalunian 'prozesu konstituziogilea' bultzatuko duela iragarri du Quim Torrak

Agentziak | Erredakzioa

Hartuko dituen lehen neurrien artean, 155. artikuluaren eragina aztertzeko egitasmo bat martxan jarri eta haren ondorioak ikertzeko “mandatari” bat izendatuko duela azaldu du presidentegaiak.

1:55
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bere txio polemikoengatik barkamena eskatu eta, president izendatzen baldin badute, “prozesu konstituziogile” bat martxan jarriko duela iragarri du gaur Quim Torra JxCateko presidentegaiak, “U-1eko agindua” izan zelako, Kataluniak bizi duen “krisi humanitarioari” aurre egiteko.

Roger Torrent Parlamenteko presidenteak lehen inbestidura saioa larunbat honetarako deitu ondoren, Kataluniako presidente gisa Generalitateko jauregian lan egingo duela adierazi du Torrak TV3en, baina Carles Puigdemont president kargugabetuaren bulegoa erabiliko ote duen ez du argitu.

Oraindik Govern berriaren izen batzuk “zehaztu” behar dituztela onartu du Torrak. Hala ere, hartuko dituen lehen neurrien artean, Konstituzioko 155. artikuluaren  eragina aztertzeko egitasmo bat martxan jarri eta haren ondorioak ikertzeko zein “berrezarkuntza plan bat bultzatzeko mandatari” bat izendatuko duela esan du presidentegaiak.

Torraren hitzetan, Govern berriak “errepresioa salatzeko bozgorailu, eta prozesu konstituziogilean zein Errepublika eraikitzeko prozesuan aurrera egiten jarraitzeko” balio behar du.

 

Torra: "Parlamentak erabakitzen duena obeditzea bakarrik aurreikusten dut"

 

“Parlamentak erabakitzen duena obeditzea” bakarrik aurreikusten duela azpimarratu du Torrak. Zentzu horretan, “U-1eko agindua” betetzea espero duela ziurtatu du, “Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzitako legeen edukia berreskuratuz” eta “prozesu konstituziogile” bati hasiera emanez, 155.a aplikatu baino lehen independentismoaren bide-orriaren puntu nagusietako bat baitzen.

Legealdiaren “salbuespenezko eta behin-behinekotasun izaera” goraipatzeko, “keinu sinboliko garrantzitsuak” izango direla aurreratu du Kataluniako presidentegaiak, hala nola Generalitateko jauregiaren fatxadan begizta hori bat esekitzea edo beste begizta hori bat Govern berriaren eserleku batzuetan jartzea, “preso eta erbesteratuei” elkartasuna adierazteko.

Torraren ahotan, Kataluniak bizi duen egoera “krisi humanitario” bat da, “jendea kartzelan eta erbestean dagoelako”, “Europan beste inon gertatzen ez den bezala”.

 

Rajoy: "155.a beharrezkoa balitz etorkizunean erabiltzeko prozedura bat da"

 

Bestalde, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak ohartarazi duenez, 155.a Konstituzioaren artikulu bat baino gehiago da jadanik; izan ere, Katalunian aplikatu denetik “aurrekari” bihurtu da, legea berriz urratzen baldin badute etorkizunean berriro aplikatzeko. “Katalunia salbuespen egoeratik ateratzeko”, legezko president batek gobernu bat osatzea eskatu du Rajoyk.

Rajoyk ez du Torra aipatu, baina 155.a gaur “beharrezkoa balitz etorkizunerako prozedura” bat dela argi utzi du, nahiz eta hori nahi ez izan.

“Parlamentak legezko president bat aukeratzea beharrezkoa da, bere tokian jarri eta normaltasunez gobernatzeko. Zentzutasuna, sen ona eta legezkotasuna inposatzea beharrezkoa da”, nabarmendu du Rajoyk bere hitzaldian, Diario de Cadiz egunkariaren 150. urteurrenean.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena