13:46

Politika

AUZITEGI GORENA

Puigdemont sedizioagatik Espainiaratzea proposatu dio Pablo Llarenak Alemaniari

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Halaber, Auzitegi Goreneko magistratuak bitan banatu du Kataluniako auzia.

  • Pablo Llarena Auzitegi Goreneko magistratua. Artxiboko argazkia: EFE

    Pablo Llarena Auzitegi Goreneko magistratua. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kataluniako hainbat politikariren kontra irekitako auzia ikertzen ari den Pablo Llarena Auzitegi Goreneko magistratuak idatzi bat bidali dio Alemaniari, Carles Puigdemont presidentea sedizio delituagatik Espainiako Justiziaren esku uztea eskatzeko.

Llarenak dokumentu hori bidali duela baieztatu diote Goreneko iturriek EFE albiste agentziari. Alemaniako Justiziak Puigdemonti matxinada delitua leporatzeko baldintzak ez direla betetzen irizten badio, sedizio delitua egoztea proposatzen du Llarenak.

Zehatz-mehatz esanda, urriaren 1eko erreferendumaren aurreko egunetan, egunean bertan eta ondorengo egunetan gertatutako egitateak sedizio gisa interpretatzea iradokitzen du Llarenak.

Hori dela eta, kalifikazio juridikoak albo batera utzi eta bidalitako txostenean aipatzen diren egitateetan zentratzeko eskatu die Llarenak Alemaniako magistratuei.

Bestalde, Fiskaltzaren eskariz, Kataluniako auzia bitan banatzea erabaki du: lehenengoa, Justiziaren aurrera eraman dituztenekin; bigarrena, erbestean dauden zazpiekin.

Pablo Llarenaren iritziz, Carles Puigdemont (Alemania), Antoni Comin (Belgika), Meritxell Serret (Belgika), Lluis Puig (Belgika), Clara Ponsati (Eskozia), Marta Rovira (Suitza) eta Anna Gabriel (Suitza) aparte epaitzeko "nahikoa elementu daude". Prozesua luzatu daitekeela ikusita hartu du erabakia Llarenak; izan ere, auzipetuak urte honetan bertan epaitzea nahiko luke magistratuak.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena