19:39

Politika

Bakea eta bizikidetza

Nafarroako Memoriaren Institutua bizikidetzan 'mugarri' izango dela esan du Ollok

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Memoriaren Institutuak liburutegi espezializatua eta dokumentazio zentroa izango ditu. 1936ko gerratik gaur arte izandako indarkeria mota ezberdinak eragindako ondorioak landuko ditu.

  • Ana Ollo Instituzio eta Herri Harremanetarako kontseilaria. Artxiboko argazkia: EFE

    Ana Ollo Instituzio eta Herri Harremanetarako kontseilaria. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Nafarroako Memoriaren Institutu berria aurkeztu du gaur Foru Gobernuak. Ana Ollo Instituzio eta Herri Harremanetarako kontseilarian hitzetan, "mugarri izango da memoria eta bizikidetza baketsurako bidean".

Memoria lantzeko politika publikoak lantzeko, gertatutakoari buruzko "azterketa kritikoa" egiteko eta gizarte "justua, etikoa eta demokratikoa" lortzeko lanabesa izango dela erantsi du.

Memoriaren Institutuak 1936ko gerratik gaurdaino gertatutakoa eta hamarkada horietan izandako indarkeria mota ezberdinek eragindako biktimak hartuko ditu kontuan.

1936ko gerraren harira, Ollok gogora ekarri du Nafarroan ez zelan fronterik izan, baina, hala ere, 3.000 lagunetik gora fusilatu zituztela eta horietatik 1.000 inguru oraindik desagertuta daudela.

Azken urteotako indarkeriari dagokionez, bereziki ETArena landuko dute, baina baita polizia-indarkeria edota eskuin muturreko taldeek erabilitakoa.

Nolanahi ere, Ollok adierazi du azken esparru horretan lan egitea zaila izango dela, Espainiako Gobernuak foru legearen kontrako helegitea aurkeztu zutelako eta Auzitegi Konstituzionalak ia arau guztia behin-behinean baliorik gabe utzi zuelako.

Bestalde, Alvaro Baraibar Bake eta Bizikidetza zuzendari nagusiak esan du Memoriaren Institutuak testuinguru ezberdinetan izandako biktimen memoria bermatzeko lan egingo duela.

Horretarako, beste erakunde eta elkarte batzuekin elkarlanean arituko da, giza eskubideen baloreak eta bakearen kultura bultzatzeko; Nafarroako memoria buruzko informazioa zabalduko du herritarren artean; biktimak aitortuko ditu eta haien aldeko ekitaldiak, jardunaldiak edota publikazioak argitaratuko ditu.

Memoriaren Institutuak liburutegi espezializatua eta dokumentazio zentroa izango ditu. Liburutegia datozen egunetan irekiko dute eta 500 bat liburu izango ditu, baita aldizkariak, esku-orriak eta ikus-entzunezko materiala ere.

Dokumentazio zentroko materiala digitalizatuta egongo da eta biktimen testigantzak jasoko ditu.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena