Politika
Katalunia
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Junts per Catalunyako diputatuak Puigdemontekin bildu dira Berlinen. Epe hori agortu bitartean ez dute hautagaitza alternatiborik aurkeztuko.
Carles Puigdemont eta Elsa Artadi JxCATek Berlinen egin duen bileran. Argazkia: EFE
Junts per Catalunyak Carles Puigdemont presidente izendatzeko asmoari eusten dio eta inbestidura maiatzaren 14a baino lehen egiten saiatuko dira, aukera gutxi dituztela jakin arren.
Larunbat honetan JxCATeko diputatuek eta Puigdemontek bilera egin dute Berlinen, inbestidura hizpide. Batzarraren ostean Eduard Pujol JxCAT talde parlamentarioaren bozeramaileak agerraldia egin du eta Puigdemonten hautagaitzari eutsiko diotela jakinarazi du.
"Badakigu zailtasunak izango ditugula", onartu du. Ildo horretan, ziur agertu du Espainiako Gobernuak Puigdemonten inbestidura ekiditeko bereak eta bi egin egingo dituela, Jordi Sanchezen edo Jordi Turullen hautagaitzekin egin zuen moduan.
Halaber, Estatuak Puigdemont Parlamentuan egon gabe presidente izendatzea ahalbidetzeko Kataluniako Ganberak atzo onartutako Presidentzia Legearen erreformaren kontra egingo duela ziurtzat eman du.
Hala ere, bide horretatik joateko, aukera guztiak agortzeko eta maiatzaren 14a baino lehen hautagaitza alternatiborik ez aurkezteko erabakia irmoa dela esan du.
"Gure asmoa ez da epeak amaitzea eta hauteskunde berriak deitzea", zehaztu du Pujolek. Izan ere, maiatzaren 22rako Generalitateko presidenterik ez badago, berriro deitu beharko dituzte bozak.
Larunbat honetako bileran JxCATeko 28 diputatuk hartu dute parte, tartean Elsa Artadi egon da. Presidentegai alternatiboa bera izan daitekeela zabaldu da azkenaldian.
Kataluniako Parlamentuak Presidentzia Legearen erreforma onartu eta biharamunean egin dute batzarra.
Espainiako Gobernuak atzo baieztatu zuen erreforma horren kontrako helegitea aurkeztuko duela Auzitegi Konstituzionalean.
Bestalde, Kataluniako Asanblada Nazionalak (ANC) egindako barne galdeketaren emaitzak ezagutarazi dituzte gaur. Puigdemonten inbestiduraren alde agertu dira, eta hauteskundeak errepikatzearen kontra.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa