14:07

Politika

ETA-REN AMAIERA

Currin: 'Gaur ospakizun eguna da, baina bake prozesua ez da amaitu'

EITB.EUS

Kanboko Arnaga Etxeko ekitaldia Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Foro Sozial Iraunkorrak eta Bake Bidea Elkarteak antolatu dute, nazioarteko hainbat pertsona ezagunen parte-hartzearekin.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Atzo ETAk bere amaiera iragarri ostean, gatazkaren konponbidea aitzinatzeko nazioarteko topaketa egin dute gaur goizean Kanboko Arnaga etxean, ETAren amaiera ordezkari instituzionalen, politikarien, sindikatuen eta eragile sozialen aurrean ziurtatzea helburu.

Kanboko ekitaldia Aieteko Konferentziaren (2011ko urriaren 17 egin zuten Donostian) antzera diseinatu dute. Horrela, ekitaldia Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Foro Sozial Iraunkorrak eta Bake Bidea elkarteak antolatu dute nazioarteko hainbat pertsona ezagunen parte-hartzearekin.

Kanbora nazioarteko hainbat gonbidatu iritsi dira, besteak beste, Jonathan Powell, Tony Blair lehen ministro ohiaren aholkularia zena; Gerry Adams Sinn Feineko presidente ohia, Berthie Ahern, Irlandako lehen ministro ohia; Cuauhtemoc Cardenas, Mexikoko PDR alderdiaren sortzaile eta hiru aldiz presidentegaia; Michel Cambessus, Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari ohia, Brian Currin, Hegoafrikako abokatu eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea; Raymond Kendall, Europoleko zuzendari ohi eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea; eta Alberto Spektorowski Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea.

Horiez gain, alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialetako ordezkariak ere bertaratu dira, 89 gonbidatu guztira.

Arnaga etxeko ekitaldira gonbidatutako pertsonen zerrenda

12:00etatik aurrera, gonbidatuak Arnaga etxean bildu dira. Edmond Rostand idazleak, Cyrano de Bergeracen egileak, 1903an eraiki zuen Arnaga etxea.

Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak eman dio hasiera Kanboko ekitaldiari. Bertaratutako gonbidatu guztiei eskerrak eman ondoren, ekitaldiari buruzko xehetasunak eman ditu.

Funosas

Hitz egiten hurrena Michel Cambessus Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari ohia izan da, eta berak proposatuta minutu bateko isilunea egin dute gatazkaren biktima guztien alde.

 

 

 

 

Brian Currin Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak, ostera, atzoko ETAren adierazpenaren ondoren, gaurkoa ospakizun eguna dela azpimarratu du. Bere hitzaldian atzo Genevan gertaturikoari buruzko hausnarketa egin du. Beste hainbat konturen artean, bake prozesua hutsetik hasi behar izan dela nabarmendu du, ez duela horrelako besterik ezagutu. "Gobernuak ezetz esan arren, herriak prozesua aurrera eramateko borondatea agertu du beti", berretsi du. Dena den, bake prozesua ez dela oraindik amaitu adierazi du. Ildo horretan, presoen egoerari konponbidea bilatu behar zaiola eta biktimei laguntza eman behar zaiela esan du.

Currinek herriaren lana goraipatu du. "Zenbait gobernuk bere gain hartu dute zati bat, sentsibilitate guztiak aintzat hartuta ekarpenen bat egin dute, baina gaur ez daude hemen gurekin", adierazi du. "Tristea da hemen ez egotea, arazo bat da, sentsibilitate ezberdinak integratu behar direlako. Atzo ere ez ziren Genevan egon eta pena bat da", gaineratu du.

ETAren amaierari buruzko adierazpena "oso argia" dela azpimarratu ostean, independentziaren aldeko ekintzak bide demokratikoak erabiliz aurrera jarraituko duela azaldu du. "Berradiskidetzea izango da etorkizun hurbileko erronka nagusia. Bake prozesua ez da bukatuko arazo guztiak konpontzen diren arte. Nola ez, biktimak laguntzea izango da ardatz nagusietako bat", gaineratu du.

"Euskal Herriak asko du erakusteko herrien mugimenduarekin lotuta. ETAren bere deklarazioan esan zuen ETA herrian sortu zela eta herrian urtuko dela", zehaztu du.

 

currin hitzaldia

Segidan, Peio Etchelecu Kanboko zinegotziak agerraldi laburra egin du.

Haren atzetik Vincent Bru Kanboko alkate ohi eta egun Frantziako Asanblean diputatu denak hartu du hitza. Haren esanetan, ETAren agiriak egiazko bakea eraikitzeko "perspektiba berriak" eskaintzen ditu. Horri lotuta, elkarrizketak areagotzearen eta biktimak aitortu eta erreparatzearen alde mintzatu da.

 

Vicent Bru

Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargo presidente eta Baionako auzapezak ETAren azken zatian Iparraldean egindako lana goraipatu du. Etchegarayren hitzetan, "gatazka honek aterabide demokratikoa behar du". "Arnagan etapa berri bat zabalduko da, Aieteren ildo beretik, noski. Gatazkaren ondorioekin egin behar dugu aurrera. Bi lan nagusi ditugu aurretik: biktima guztien sufrimenduaren errekonozimendua eta presoen egoera", azaldu du.

 

Etchegaray barruan

Jonathan Powell Tony Blair lehen ministro ohiaren aholkularia zenak, ostera, gatazkaren azken esaldia, azken orria idaztera etorri dela adierazi du. "Euskal Herrira etorri gara Europako azken talde armatuaren amaiera ikusteko. Atzoko adierazpena une historikoa izan zen. Guk azken orria idatziko dugu gaur", gaineratu du. "Indarkeriarik gabeko Europa bat izango dugu, mundu guztiarentzat adibide izango dena eta gatazka guztien adibide izatea espero dudana", ziurtatu du.

Powellen esanetan, Kofi Annan eta Gro Harlemek Kanbora gerturatu ezin izan badute ere, beraiek ere beren ekarpena egin nahi izan diote Arnagako Adierazpenari. Gaineratu duenez, Euskal Herriarentzako "aukera itzela da, indarkeriarik gabe gauza asko ahalbidetu daitezkeelako esparru politiko zein ekonomikoan".

 

Powell barruan

Gerry Adams Sinn Feineko presidente ohiak, berriz, Espainiako eta Frantziako gobernuei aukera aprobetxatzeko eskatu die eta zehazki Mariano Rajoyren Gobernuari eskatu dio gerturatu ditzala ETAko presoak beren bizilekutik gertuen dauden kartzeletara. Horrez gain, ETAren amaieraren aurrean elkarrizketaren aldeko deia egin du. Haren esanetan, etorkizunari begiratu behar zaio: "Haserrea ez da politika bat eta mendekua ez da aukera bat".

Bere hitzaldian pozik agertu da "une historiko" honetan Euskal Herrian dagoelako eta ETAren erabakia zoriondu du. Bide batez, prozesuan parte hartu dutenei eskerrak eman dizkie, baita nazioarteko agenteei ere "egungo egoerara iristeko egin duten lanagatik".

"Bakea eraikitzea ez da erraza eta ez da egun batean eraikitzen, bidea behar da", esan du.

Liderrak behar direla argi eta garbi esan ostean, orain Euskal Herriaren erronka etorkizunari begiratzea dela azaldu du. "Sinn Feinn zuen alboan egongo da", gaineratu du.

 

Gerry Adams barruan

Michel Camdessus igo da berriro ere oholtzara, kasu honetan Kofi Annan NBEko buruzagi ohiak igorritako adierazpen bat irakurtzeko.

Annanen iritziz, ETAren iragarpenaren ostean gaurko eguna Europa guztian ospatu beharko litzateke, nahiz eta zauriak sendatzeko lan asko egin beharra dagoen.

Camdessusen irudiko, berriz, bakeak besoak zabaltzen dituen egun honetan "oztopoak izango dira, baina itxaropenaren argia izanez gero, berradiskidetze prozesu bat gauzatuko da".

 

Camdessus

Berthie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak egindako bidearen zailtasuna azpimarratu ostean, egindako ahaleginak beste ahalegin batzuei bide ematea espero duela esan du, Espainiako Gobernuari erreferentzia eginez.

Gauza guztiek gainetik Aieteko Konferentziaren ostean Euskal Herrian egondako jarrera aldaketa goraipatu du, bakerako eta berradiskidetzerako bidea aipatuz.

 

Bertie Ahern

Cuauhtemoc Cárdenas mexikarra, berriz, etapa berri baten hasieraz mintzatu da. "Ikusiko dugu ETAn parte hartu dutenek hemendik aurrera beste erakunde batzuetan parte hartuko dutela edo parte hartzeko modu indibiduala garatuko dutela Euskal Herriaren batasunaren helburuari ekiteko eta bere eskubideak errespetatzeko erakundeetatik, eta beraz zorionak erabaki hori hartu duten guztiei", zehaztu du.

Erabakia hartu dutenei aitortza egin ondoren, pozik agertu da borroka armatuaren aroari amaiera eman eta "bake eraikitzailearen" aroari hasiera eman zaiolako.

 

CARDENAS KANBO ARNAGA

Arnaga Etxeko ekitaldiari amaiera emateko, berriro ere Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak hartu du hitza.

Ondoren, Arnaga Etxearen kanpoaldean, Arnagako Deklarazioa irakurri dute 13:30ak aldera. Irati Agoria Cuevas gazteak irakurriko du Arnagako Adierazpena, "Euskal Herriko etorkizun berriaren ordezkari bezala". Horren ondotik, Cuauhtemoc Cárdenasek gazteleraz Michel Camdessusek frantsesez eta Jonathan Powellek inglesez irakurri dute. Modu horretan, irudikatu dute ETAren behin betiko amaiera.

Atzo ETAk azken agiria igorri ostean etorri da gaurko Kanboko nazioarteko topaketa.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena