10:13

Politika

Altsasu

Defentsak berretsi egin du Altsasun gertatutakoa ez zela terrorismoa izan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Auzipetuen abokatuek esan dute "gertakari isolatua" izan zela, hots, ez zela aurretik pentsatutako erasoa izan, eta azpimarratu dute epaiketan ez dela frogatu akusatuek liskarrean parte hartu zutela.

1:23
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Altsasuko auziaren epaiketan, zortzi gazteetako batzuen abokatuek adierazi dute gertaerak "handietsi" egin direla, biktimek "lesio arinak jasan zituztelako, eta ez asko", eta inolaz ere ez zela ekintza terrorista bat izan nabarmendu dute.

Ostegun honetan, epaiketan, zortzi auzipetuetatik lauren abokatuak hitz egiten dute; gertatutakoa "ustekabeko liskarra" izan zela adierazi dute, eta aldez aurretik pentsatu gabeko estrategia batetik kanpo dagoela gaineratu dute. "Ez da inolako izaera edo joera terroristarik hautematen"; beraz, absoluzioa eskatu dute.

Halaber, horiek ordezkatzen dituzten pertsonek erasoetan parte hartu izana frogatu ez dela argudiatu dute abokatuek.

Auzitegi Nazionalak ostegun honetan ekin dio berriro bistari, auzipetuen defentsen txostenekin. Fiskaltzak 12 eta 62 urte arteko espetxe-zigorrak eskatzen ditu haientzat, lesio eta mehatxu terroristak egotzita, 2016ko urriaren 15eko goizaldean Altsasun, Koxka tabernan, izandako erasoagatik.

Amaia Izko abokatuak azaldu du gertakariak jai-giro testuinguru batean jazo zirela eta liskarra bi guardia zibilak tabernan egoteak eragin zuen eztabaida baten ondorioz hasi zela.

Epaiketan gertakari horiek “handitu” egin direla eta biktimek “bortizkeriazko erasoa” jasan zutela kontatu dutela esan du, “zauri arinak soilik izan dituzten arren”. “Ubeldurak, kontrakturak, urratuak eta hautsitako orkatila batean ez da terrorismo zantzurik ikusten”, erantsi du.

Izkok gogoratu du Zigor Kodea erreformatu egin zela terrorismo delitua berridazteko eta Altsasuko gazteei egotzi zaien terrorismo delitua beren kabuz aritzen diren jihadistei aplikatzeko asmoz egin zela. Ildo horretan, erantsi du ezinezkoa dela delitu hori auzipetuei leporatzea.

Era berean, Zigor Kodearen 573. artikulua ere aplikaezina dela esan du, “biktimek beldurra, izua edo terrorea sentitzeak ez duelako esan nahi herria terrore egoera batean bizi denik”.

Bestalde, azpimarratu egin du Ministerio Publikoak ez duela inoiz Ospa mugimenduaren kontrako salaketarik jarri talde terrorista izatea egotzita. Gainera, Izkok ukatu egin du mugimendu horrek ETAren estrategiaren parte dela eta, hala izango balitz, epaiketan frogatu gabe geratu dela adierazi du.

Halaber, fiskalak Ospa mugimendua ETAren estrategiaren baitan kokatzea, “Euskal Herrian nahiz Estatuan bizi den errealitate politiko eta soziologikoarekin ez dator bat”, azpimarratu du.

Jaime Montero abokatuak, berriz, Guardia Zibilak hasieratik gertakari horren ikerketa bere gain hartzeko erakutsi zuen interesa izan du hizpide. Guardia Zibilaren zuzendaria bi agenteekin bildu zela, salaketa berarekin jar zezatela eskatuz, auzia Foruzaingoaren esku geratzea saihesteko, azaldu du.

“Guardia Zibilak aukera bat ikusi zuen gertakari hori bere kanporatzea eskatzen duen Ospa mugimenduarekin lotzeko”, adierazi du.

Horrez gain, auzipetuetako bat identifikatzeko egin ziren errekonozimenduetan irregulartasunak izan zirela nabarmendu du.

Bestalde, Guardia Zibileko tenientearen bikotekideak pairatu dituen kalte psikologikoak ez direla ustezko erasoaren ondorio esan du. “Bere herrian bizi duen bazterketa egoerak eragindakoak dira”, erantsi du.

Manuel Olle abokatuaren ustez, ETAren indarkeria amaituta dagoen honetan “zentzugabea” da Altsasun gertatutakoa “terrorismoa” izan zela esatea.

Defentsako abokatu guztiek berretsi dute epaiketan ez dela frogatu gazte auzipetuek Koxka tabernako liskarrean parte hartu zutenik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena