17:32

Politika

ETA

ETAk armaz betetako hiru kutxa entregatu ditu Baionan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

ETAk galduta zituen eta, ondorioz, 2017ko apirilaren 8an entregatu ezin izan zituen armak eta lehergailuak dira, Txetx Etcheverryk azaldu duenez.

  • Armagabetzea. Artxiboko irudia: EiTB

    Armagabetzea. Artxiboko irudia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

ETAk armaz betetako hiru kutxa utzi ditu Frantziako agintarien esku Baionan, EFE eta Europa Press agentziek zabaldu dutenez. Arma eta lehergailu horien kokalekuari buruzko koordenatuak jakinarazi ditu ETAk.

Hain zuzen ere, 24 arma labur, munizioa, hari detonatzailea, 500 bat detonatzaile elektroniko, bi tenporizadore, 200 matrikula plaka eta ibilgailuak osteko materiala entregatu du ETAk.

Txetx Etcheverry bakegileak azaldu duenez, ETAk "galduta" zituen eta, beraz, 2017ko apirilaren 8ko armagabetzerako entregatu ezin izan zituen armak eta lehergaiak dira.

Egun hartan, ETAk "kontrolpean zuen armamentu guztia" entregatu zuen, baina "handia ez den kopuru bat" ezin izan zuen Poliziaren esku utzi, "galduta" zuelako.

Etcheverryren hitzetan, ETAko kideek atxilotuak izateko arriskuarengatik ezin izan zituzten arma eta lehergailu guztien kokapena zehaztu orduan.

ETAk Bakegileekin galdutako materiala berreskuratzeko konpromisoa hartu zuela eta dagoeneko hala egin duela ziurtatu du. Orain, Bakegileen bidez, arma eta lehergailu horiek entregatzeko prozesua abiarazi dute, kokalekuari buruzko koordenatuak emanda.

ETAren desegitea

ETAren armagabetzea 2017ko apirilaren 8an gauzatu zen eta erakunde horren behin betiko desegitea irudikatzeko ekitaldia datorren maiatzaren 4an egingo dute Kanbon, Arnaga Jauregian.

Kanboko topaketa Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Foro Sozial Iraunkorrak eta Bake Bidea elkarteak anolatu dute.

Bere behin  betiko desegitea gauzatu aurretik, ETAk agiria kaleratu zuen joan den astean, eragindako minari eta neurriz kanpoko sufrimenduari buruzko autokritika eginez. Benetan sentitzen zuela adierazteaz gain, hori guztia ez gertatu izana nahiago zukeela azaldu zuen oharrean. Gainera, berriz ez errepikatzeko konpromisoa berretsi zuen.

Armagabetzearen lehen urteurrena zela eta, 2018ko apirilaren 8an Gara eta Berria egunkarietan argitaratutako agiriaren arabera, "hildakoak, zaurituak, torturatuak, bahituak eta ihes egin behar izan duten pertsonak" izan dituen "gehiegizko sufrimenduaz" aritu zen, eta "min horretan izandako ardura" onartu zuen ETAk, "inoiz halakorik ez zelako gertatu behar, ezta denboran luzatu ere".

ETAren desegitea armagabetu eta urtebetera iritsiko da, eta jarduera armatua behin betiko alde batera utzi eta zazpi urtera.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena