20:47

Politika

'Altsasu auzia'

Iñaki Abaden bideoak Guardia Zibileko sarjentuaren testigantza gezurtatu du

EITB.EUS

Halaber, bi medikuk esan dute bi guardia zibilen eta haien bikoteen testigantzak eta zauriak bat ez datozela. "Hainbat lagunek kolpatu izan balituzte, lesio larriagoak izango lituzkete", azaldu dute.

3:58
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Altsasuko auziaren epaiketan zortzigarren saioa egin dute gaur. Iñaki Abad auzipetuak 2016ko urriaren 15ean izandako liskarrean sakelako telefonoarekin grabatutako bideoa ikusi dute, duela egun batzuk epai-mahaiak froga gisa onartu ostean.

Irudi horiek gezurtatu egin dute Guardia Zibileko sarjentuak emandako bertsioa. Lurrera bota zutela eta hainbat aldiz kolpatu zutela esan zuen, baina bideoan argi ikusten da soinean daraman alkandora zuria garbi dagoela, eta ez hautsita eta odolez zikinduta.

Era berean, eta Abadek epaiketan deklaratu bezala, sarjentuak eskuarekin jo egin ziola eta telefono mugikorra lurrera bota ziola ikus daiteke.

Horrez gain, gaurko saioan bi medikuk deklaratu dute aditu gisa, defentsak deituta. Mediku txostenak aztertuta, guardia zibilek eta haren bikotekideek emandako testigantzak zalantzan jarri dituzte. 20-25 lagunen artean "bortizkeriaz jipoitu" zituztela, odola eraginez eta agenteetako bati orkatila hautsita.

Bada, medikuen esanetan, hala izan balitz, hots, hainbat lagunek kolpatu izan balituzte, "zauri gehiago eta lesio larriagoak izan beharko lituzkete". Beraz, erasotzaile bat baino gehiago egon izana baztertu dute.

Tenienteak zuen orkatila haustura "mekanismo ez-zuzen" batek eragin ohi duela azaldu dute. "Kolpe zuzena badu, kolpea jaso duen hezurra hausten da, eta ez biak", erantsi dute. Horrenbestez, agenteak orkatilan zuen lesioa "erorketa baten ondorioz egindako bihurritua" izan daitekeela ondorioztatu dute.

Sarjentuari liskarra izan eta hiru astera atera zitzaion hematomari dagokionez, medikuek oso arrarotzat jo dute, horrelako zauriak "normalean 10 egunetan osatzen direlako".

Bi emakumeen zauriak ere izan dituzte hizpide, defentsako abokatuen galderei erantzunez. Maria Jose Naranjo tenientearen bikotekideari atzemandako tendinitisa, "gehiegizko esfortzu batek eragindako lepoko gainkarga" izan daitekeela esan dute.

Pilar Perez sarjentuaren bikotekideak zuen lepoko mina, ostera, "urduritasunak" edo "norbait lurretik altxatzen saiatzeagatik" eragindakoa izan daitekeela adierazi dute.

Bestalde, Altsasuko zortzi gazte auzipetuek EH Bildu, ERC eta Podemoseko diputatu eta senatarien elkartasuna jaso dute gaurkoan. Oskar Matute (EH Bildu), Jordi Salvador (ERC) eta Eduardo Santos (Podemos) Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzaren kanpoaldean izan dira goizean.

Altsasun gertatu zena liskar bat izan zela azpimarratu dute, eta ez terrorismoa. Oro har, "justizia" eta "proportzionaltasuna" exijitu dituzte eta auzi honen atzean "mendeku gosea" dagoela salatu dute.

 

BIDEOA | EH Bildu, ERC eta Podemosen babesa jaso dute gazte auzipetuek

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena