Politika
Prentsaurrekoa
eitb.eus
Foro Sozialak, Bake Bideak eta Nazioarteko Harreman Taldeak 'bake justua eta iraunkorra' lortzeko konpromisoa berritzeko 'nazioarteko topaketa' deitu dute.
Albisteak (2)
ETAren amaiera ekitaldia maiatzaren 4an izango da Kanboko Arnaga etxean, Bake Bideko, Foro Sozialeko eta Nazioarteko Harreman Taldeko ordezkariek astelehen arratsaldean Baionan emandako prentsaurrekoan baieztatu dutenez. Erakundeetako arduradunez gain, politikariak, gizarte ordezkariak eta nazioarteko agintariak izango dira bertan.
Astelehenean jakinarazi dituzte ETAren amaiera ekitaldiari buruzko xehetasunak, Bake Bideko, Foro Sozialeko eta Nazioarteko Harreman Taldeko ordezkariek Baionako hotel batean, 16:30ean, egin duten agerraldian.
Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramaileak, Anaiz Funosas Bake Bidea taldeko ordezkariak eta Raymond Kendall Nazioarteko Harreman Taldeko kideak iragarri dute Euskal Herriko 'Gatazkaren Konponbidea Aitzinatzeko Nazioarteko Topaketa'.
Topaketaren antolatzaileek ez dute ETAren desegitea zuzenean aipatu. Dena den, "laster" behin betiko bakea lortzeko bidean "aurrerapausoak" lortuko direla berretsi dute, 2011ko urrian ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri eta 2017ko apirilean armagabetzea eszenaratu ostean.
Euskaraz egindako agerraldian Anaiz Funosasek adierazi duenez, "bake justu eta iraunkorraren bidean mugarri berri bat ezarri asmoz, Euskal Herrian bakearekiko gure konpromisoa berresteko ordua heldu da".
"2011ko urriaren 17an, Harremanetarako Nazioarteko Lantaldeak, beste hainbat talderekin batera, Euskal Herrian gatazkaren konponbidea sustatzeko Nazioarteko Konferentzia antolatu genuen. Bertan, Europako azken gatazka armatuaren inguruko bake justu eta iraunkorra erdiestea posible zela sinetsita genuela adierazi genuen. Sinetsita geunden euskal gizartearen, bere ordezkari politikoen zein nazioarteko komunitatearen laguntzarekin posible zela hau egitea", gaineratu du Funosasek.
Beraz, "euskal gizarte, erakunde zein alderdi politiko guztiei maiatzaren 4an Kanboko Arnaga etxean egingo den ekitaldian parte hartzeko gonbidapena" egin diete.
Iparraldeko hautetsiek osatutako laguntza taldeko hainbat kide ere izan dira agerraldian: Jean René Etchegaray Baionako alkate eta Euskal Hirigune Elkargoko presidentea; Kotte Ezenarro Hendaiako alkatea; Max Brisson eta Frederique Espagnac senatariak; Florence Laserre-David eta Vicent Bru diputatuak; eta Alain Iriart, Saint Pierre d'Irubeko alkatea.
Eragindako minaren onarpena
ETAren behin betiko desegitearen aurretik, agiria kaleratu zuen joan den astean, eragindako minari eta neurriz kanpoko sufrimenduari buruzko autokritika eginez. Benetan sentitzen zuela adierazteaz gain, hori guztia ez gertatu izana nahiago zukeela azaldu zuen oharrean. Gainera, berriz ez errepikatzeko konpromisoa berretsi zuen.
Armagabetzearen lehen urteurrena zela eta, 2018ko apirilaren 8an Gara eta Berria egunkarietan argitaratutako agiriaren arabera, "hildakoak, zaurituak, torturatuak, bahituak eta ihes egin behar izan duten pertsonak" izan dituen "gehiegizko sufrimenduaz" aritu zen, eta "min horretan izandako ardura" onartu zuen ETAk, "inoiz halakorik ez zelako gertatu behar, ezta denboran luzatu ere".
ETAren desegitea armagabetu eta urtebetera iritsiko da, eta indarkeria behin betiko alde batera utzi eta zazpi urtera.
Hala, bete egin da hainbat euskal eragile politikok, Foro Sozialak batez ere, ETA uda baino lehen desegingo zela esanez azken asteotan egindako iragarpena.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa