Politika
MANIFESTAZIOA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
'Kalera kalera' ekimenaren bozeramaileak esan du espetxeetako lehen gradua "zigor etengabea" dela eta deuseztatu egin behar dela "euskal presoen kolektiboak ere legedia arruntari heldu dakion".
Albisteak (2)
Milaka lagunek hartu dute parte Bilbon, Kalera Kalerak "Bada garaia, presoak kalera" leloarekin egin duten manifestazioan. 17:45 aldera hasi da martxa eta pankartari helduz joan dira, besteak beste, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, Urtza Alkorta preso ohia, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia, eta Ernai ezker abertzaleko gazte erakundeko hainbat ordezkari.
Manifestazioan izan dira, Felipe San Epifanio, Arantza Zulueta eta Pablo Gorostiaga preso ohiak ere, eta EH Bilduko hainbat ordezkari: Maddalen Iriarte, Julen Arzuaga eta Jasone Agirre esate baterako.
Antton Lopez Ruiz, Kubati preso ohi eta Kalera Kalerako bozeramaileak manifestazioa hasi aurretik egindako adierazpenetan esan du ekimen honekin "babesa, elkartasuna eta maitasuna" helarazi nahi dietela "euskal preso politikoei". "Euren borroka politikoa da eta preso politikoak dira, politikoa izan zen bezala kolektiboak duela urtebete legedia arruntaren bideari heltzeko hartutako erabakia" esan du.
Lehen gradua bertan behera uzteko eskaria
Kubatik adierazi du, Euskal Herria "fase historiko berri batean" sartzen ari dela, "baina bada zati bat sufritzen ari dena, presoak, deportatuak eta erbesteratuak". "Sufrimendu hori amaitu eta guztion artean bakearen, elkarbizitzaren eta berradiskidetzearen bidea egin nahi dugu. Presoen kolektiboa eta ezker abertzalea prest dago horretarako eta gainontzeko agente politiko eta sozialak ere prest egotea espero dugu" gaineratu du.
EPPKk "Euskal Herrian bakea eta elkarbizitza gauzatu dadin egindako ekarpena kontuan hartzeko" eskatu du, eta "behar diren neurriak indarrean jartzea horretarako". Bere iritziz, espetxe-politikaren lehen gradua da horretarako oztopo nagusia, eta PPren Gobernuari erregimen hori bertan behera uzteko eskatu dio.
"Lehen gradua zigor etengabea da, deuseztatu egin behar da, eta euskal presoen kolektiboari aukera eman behar zaio legedia arruntari heltzeko" esan du Lopez Ruizek.
Kalera Kalerako bozeramaileak gogoratu du EPPKk iazko udan legedia arruntaren aldeko apustua egiteko hautua egin zuela, kartzela-onurak lortzen saiatzekoa, alegia, eta EPPK osatzen duten presoen %90 erabakiaren alde agertu zela. 300 bat presok osatzen dute kolektiboa, 250 inguruk Espainiako kartzeletan daude eta 50 Frantzian.
Manifestazio amaierako adierazpena
Urtza Alkortak irakurri du azken adierazpena, eta bertan, ezker abertzalearen izenean ohartarazi du presoek kartzelan jarraitzen duten bitartean ez dela "benetako bakerik eta elkarbizitzarik izango. Gure artean behar ditugu politikoki ekarpenak egiten, kalean, euren familiekin eta Euskal Herrian bizitzen" esan du.
"Baina euren ziegetako giltza ustelkeriak leporaino estaltzen duen Gobernu batek du, eta presoak bere posizio politikoa indartzeko erabiltzen ditu. Erabilera ankerra egiten du, preso zein horien senideei tratu inhumanoa ematean oinarritzen baita" adierazi du Alkortak.
"Enteratu dadila Estatua eta Gobernua, ezker abertzaleak ez ditu preso politikoak inoiz bakarrik utziko, beti izango dute gure maitasuna, errespetua eta gure aitortza. Bai, maite ditugu" amaitu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa