10:26

Politika

'Altsasu auzia'

Adur etxean zegoen heldu zirenean eta ez zen berriro atera, bere amaren arabera

EITB.EUS

Isabel Pozuetak baieztatu duenez, egun hartan kamiseta beltza zuen semeak jantzita, eta ez zuen aldatu. "Neurrigabekeria judiziala" salatu du Altsasuko alkateak.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

'Altsasu auzia'ren epaiketak bosgarren eguna du ostiral honetan. Defentsak deitutako 24 lekukok deklaratu dute.

10:00etan hasi da saioa. Lehen bost lekukoek, akusatuen lagunak edo ezagunak denak ere, zortzi gazteek lehen egunean esandakoa berretsi dute. Besteak beste, aipatu dute Adur Ramirez de Alda akusatuak kamiseta beltza zeramala egun hartan, eta goiz joan zela etxera, 02:00ak aldera.

Bertsio hori baieztatu du akusatu horren amak ere, Isabel Pozuetak, hain justu. Emakumeak lekuko gisa deklaratu du, defentsak eskatuta. Azaldu duenez, urriaren 14an senarrarekin eta ahizparekin atera zen Altsasutik. Pilota partida bat ikustera joan ziren, eta han semea ikusi zuen, lagun kuadrillarekin. Partida amaitzean, pare bat pote hartu zituzten bi tabernatan, eta segidan etxera joan ziren, biharamunean egitekoa baitzuten (Pozuetak lasterketa batean parte hartu behar zuen).

Etxera heltzean (02:15-02:30 aldera), Adur topatu zuten sukaldean, eta partidaz apur bat mintzatu ostean, ohera joan ziren denak. Gaztea ez zen etxetik berriro atera, amaren esanetan.

Egun hartan semeak jantzita zeraman arropaz galdetuta, Pozuetak esan du ez dela ondo oroitzen, baina argazkiak eta bideoak ikusi ondoren, akordatu dela mutilak kamiseta beltza eta jertse grisa zeramala. Egun hartan ez zen arropaz aldatu, berak dakiela.

Pozueta epaiketaren unerik zirraragarrienetako baten protagonista izan da, bere semeari besarkada bat emateko baimena eman diotenean.

 

 

Herrian terrorismoa edo kale borroka izatea ukatu du Javier Ollo Altsasuko alkateak. Horregatik, “neurrigabekeria judiziala” salatu du auzian.

Alkateak lekuko bezala deklaratu du, defentsak eskatuta. Ollok azaldu duenez, Udalak biktimei babesa emateko adierazpena egin zuen lehendabizi, eta ondoren, “auzian izan den neurrigabekeria judiziala ikusita”, akusatuei eta haien familiei laguntza eskaini die.

“Azkenean, zoritxarreko gertakari hauetan nahasitako pertsona guztiak gorriak ikusten ari dira”, gaineratu du.

Olloren esanetan, herrian ez da terrorismo girorik: “Altsasuko errealitate soziala orain, duela 10 edo 15 urtekoa baino askoz hobea da, elkarbizitzaren aldeko pauso ugari” eman direlako.

Alkatearen ahotan, komunikabide batzuk “ia egunero gatazkan dagoen Altsasu baten irudia eman nahi izan dute, eta ez da horrela”. “Herri oso anitza da, eta aniztasun horretan bizikidetza dago”, azpimarratu du Ollok.

 

Altsasuko alkateak "neurrigabekeria judiziala" salatu du

 

Iragan larunbatean, Iruñean, “Justizia. Ez da terrorismoa” lelopean, egin zen manifestazioan parte hartu zuela onartu du alkateak, baina ez akusatuei elkartasuna adierazteko, “gertakarien tratamenduan proportzionaltasuna” eskatzeko baizik.

Foruzainak heldu eta gero bertaratu zen suhiltzaile batek ere lekuko gisa deklaratu du gaur. Guardia Zibileko tenientea lurrean etzanda zauriturik aurkitu zuela azaldu du, eta “pertsona talde bat, handik 10-15 bat metrora”.

Tenientearen bikotekideak egoera azaldu ziela adierazi du suhiltzaileak: “Gizonak ez zuen ezer esaten. Emakumea ondo zegoen, baina urduri”. Tenientearen orkatila ferula batekin immobilizatu zuten. Gainera, “guardia zibilak zentimetro eskaseko zauri bat zuen ezpainean”, erantsi du.

Suhiltzailearen hitzetan, larrialdi zerbitzuei abisua eman eta zauritua osasun zentro batera eraman zuten. Bertan mediku eta erizain batek artatu zuten. “Inork gehiago ez zigun laguntzarik eskatu”, ziurtatu du. “Sarjentuak ez zuen laguntzarik eskatu, ezta haren bikotekideak ere”, gogorarazi du. Osasun zentrora bidean, “tenienteak negar egin zuen, hankan min zuelako; ez zuen beste ezer”, nabarmendu du.

 

Aretoak froga bezala onartu ditu gaur, lehenago errefusatu zituen bi bideo

 

Azkenik, eurek egindako txostena froga bezala onartu ez zutela adierazi du suhiltzaileak. “Ez genion zaurituari ezer eman. Sorosleak gara, ez ginen osasun zentroan sartu, eta zerbait eman behar baldin bazaio, medikuak erabaki behar du”, esan du.

Bestalde, defentsak eskatuta, aretoak froga bezala onartu ditu gaur, lehenago errefusatu zituen bi bideo. Alde batetik, Burunda pilotalekuan jokatu zen pilota partidako ETBren emankizuna, non Adur Ramirez de Alda ikus daiteke elastiko beltz batekin jantzita. Tenienteari eta haren neska-lagunari eraso egin zienean, Adurrek kamiseta gorri bat jantzita zuela defendatu du akusazioak.

Bestetik, Koxka tabernaren kanpoaldean Iñaki Abadek grabatutako bideo bat onartu du aretoak orain. Sarjentuak mugikorra “zartada” batekin kendu ziola deklaratu du Abadek.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena