Politika
'Altsasu auzia'ren epaiketa
EITB.EUS
Tenientearen hitzetan, Koxka tabernaren barrualdean "15-20 pertsonek kolpatu ninduten". Guardia Zibilarenganako halako "gorroto" eta "ezinikusia" sekula sentitu ez duela adierazi du sarjentuak.
Albisteak (3)
2016ko urriaren 15ean Altsasun izandako liskarrean zauritutako Guardia Zibilaren tenienteak Auzitegi Nazionalean adierazi duenez, Koxka tabernaren barrualdean "15-20 pertsonek kolpatu ninduten", eta kanpoaldean "beste 20-25 genituen zain, jotzeko". "Alde guztietatik jaso nituen kolpeak, bizkarrean, hanketan, eta batez ere, buruan", erantsi du.
Agenteak nabarmendu duenez, inork ez zien lagundu, inor ez zen "giroa lasaitzen saiatu". Guardia zibil horren hitzetan, "erasoa Foruzaingoaren agente bi tabernara heldu zirenean gelditu zen".
Fiskalaren galderei erantzunez, zauritutako tenienteak akusatutako batzuk identifikatu ditu ustezko erasotzaile moduan. Hala, Jokin Unamuno —"aspalditik ezagutzen nuen, presoen aldeko manifestazioetan eta Guardia Zibilaren kontrako bilkuretan parte hartu zuelako"—, Adur Ramirez de Alda, Julen Goikoetxea eta Oihan Arnanz. Gainerakoen inguruan aitortu du ezin duela zehaztu borrokan parte hartu zutenik, baina batzuk tabernan ikusi zituela.
Tenienteak urriaren 15eko gauean jazotakoak kontatu ditu. Azaldu duenez, Maria Jose neska-lagunarekin, sarjentu batekin eta horren bikotekidearekin amaginarrebaren tabernara joan ziren afaltzera. Handik irtetean, 02:00ak aldera, Koxka tabernara joan ziren, "trago batzuk hartzera".
Tenienteren esanetan, "ez da giro abertzaleko taberna, askotan joaten nintzen. Eskatu eta gutxira, tabernan zegoen jendearen begiradak sentitu genituen, baten batek eskuaz seinalatzen gintuela".
Uneren batean, komunera joan zen eta gazte bat hurbildu zitzaion —Oihan Arnanz omen, "manifestaziotan ikusita neukan"— eta bota ei zion: "zu txakurra zara?"; baietz erantzun zion. Harengandik "ihes egitea" lortu zuela kontatu du, baina beste gazte bat pare-parean jarri zitzaiola erantsi du —ustez Jon Ander Cob—, baina horri ere ez ziola jaramonik egin.
Sarjentua eta bikotekideak ziren lekura itzuli eta gutxira, Jokin Unamuno pertsona talde batekin sartzen zela ikusi zuen. Tenientearen hitzetan, "Jokin sarjentuarengana joan zen zuzenean, eta oso gertutik mintzatu zitzaion, gero niri hitz egin zidan, oso oldarkor. Orduan hasi zen istilua". Azaldu duenez, "kolpeak sentitu zituen atzetik, bizkarrean, hanketan eta batez ere buruan".
Une horretan tabernatik ateratzea erabaki omen zuten guardia zibilek eta euren bikotekideek, eta irteeran ere kolpatu zituztela adierazi du. "Buelta eman nuen, eta argi eta garbi gogoratzen dut Adur —Ramirez de Alda— kamiseta gorriarekin eta ile luzeagoa zuen beste bat ikusi nituela ukabilak ematen. Ez nuen espero baina kanpoan beste 20-25 pertsona zeuden, zain", nabarmendu du.
Hilko zuten beldur izan zela esan du tenienteak, "erasoa etengabea" zelako: "Alde guztietatik jaso nituen kolpeak. Zorabiatuta nengoen, eta lurrera jausi nintzen; ezin izan nintzen berriro altxatu. Deiren bat egitea lortzen dut, baina ez dakit hartu ote zidaten".
Tenienteak azpimarratu du inork ez ziela lagundu, inor ez zela "giroa lasaitzen saiatu". Maria Jesus bikotekidea gainean jarri omen zitzaion, babesteko, eta "erasotzaileei gelditzeko eskatuz".
Nabarmendu duenez, eurek ez zuten "inor iraindu, ezta probokatu ere".
Erasoaren ondorioz, zortzi hilabete bajan eman zituela azaldu du tenienteak, orkatilan ebakuntza egin eta gero. Tenientearen hitzetan, berriz ibiltzen ikasi behar izan du.
Defentsako galderen aurrean, xehetasunak gogoratzen ez dituela errepikatu du guardia zibilak behin eta berriro, eta aurrekoetan esandakoa berretsi du.
Bestalde, bere bizitza arriskuan ikusi zuela esan du sarjentuak epaiketan, egoera txarragoan zirelako eta Guardia Zibilarenganako halako "gorroto" eta "ezinikusia" sekula sentitu ez duelako.
Koxka taberna barruan zein kanpoan ukabilkadak eta ostikoak jo zizkietela kontatu du sarjentuak bere deklarazioan. Guardia zibilaren ahotan, erasoa ez zen "ustekabekoa" izan, "aldez aurretik pentsatutakoa" baizik.
"Indarkeria eta estres egoeratara ohituta nago, nire lanagatik, baina halako egoera ez dut sekula bizi. Nire bizitza arriskuan ikusi nuen, egoera txarragoan geundelako eta guardia zibila izateagatik gorroto eta ezinikusi hori ez dut sekula sentitu", adierazi du fiskalaren galderen aurrean.
Sarjentuak 20 egun bakarrik zeramatzan Altsasun, eta 33 urte zituen orduan. Guardia zibilak gogorarazi duenez, tenientea lurrera bota arte astindu zuten, haren bikotekidea "babesten" saiatu zenean ere, eta baita bere bikotekidea ere, erasotzaileen eta beraren artean jarri zenean.
Jokin Unamuno akusatuak tabernan errieta egin zienean dena hasi zela esan du sarjentuak, tenientearen bertsioarekin bat eginez: "Haren aurpegia nire aurrean ikusi nuela gogoratzen dut, oihuka, jarrera oldarkor batean".
Une horretan, ospa egin behar zutela esan zien tenientearen bikotekide altsasuarrak, eta laurak aterantz abiatu ziren, erasoa hasi zenean. "Pasillo horretan kolpeak eta ostikoak alde guztietatik jaso genituen", gaineratu du.
Sarjentuaren hitzetan, Unamunok "erasoa bultzatu eta guztia antolatu zuen". Aurreko tabernan zigarro bat erretzen ari zela, talde batek Poliziaren autoa zabaldu eta Unamuno atxilotua bertatik atera eta eraman zuen, erantsi duenez.
Era berean, Joan Ander Cob eta Julen Goikoetxea identifikatu ditu sarjentuak, "ostikada eta ukabilkada ugari" eman zizkietenetako bi izan zirelako, baita Aratz Urrizola ere.
Adur Ramirezek beste ukabilkada bat eman zion tenienteari eta "oso aktiboa izan zen erasoan", nabarmendu duenez. Bere bertsioaren arabera, Ohian Arnanzek ere tenientea jo zuen, eta haren teknika ikusita, "borroka-arteetan trebatuta" ematen zuen.
Bestalde, Guardia Zibileko tenientearen bikotekideak ere deklaratu du gaurko saioan. Gau hartan gertatu zenaren inguruko testigantza eman du eta liskarrak eragin dizkion ondorioak aipatu ditu.
Bere hitzetan, Altsasutik alde egin behar izan du, hango bizilagunek baztertu egin zuten eta bere familiak mehatxuak jasan zituen. Bere buruaz beste egitea pentsatu zuela ere adierazi du.
Dena taberna barruan hasi zela esan du, Jokin Unamuno "modu oldarkorrean" hurbildu zitzaienean.
"Berak hasi zuen erasoa eta beragatik gaude gaur hemen; barruan nahiz kanpoan jo gintuen", azpimarratu du.
Jokinen atzetik Oihan Arnanz hurbildu zitzaiela eta hark ere "jarrera agresiboa" erakutsi zuela esan du. "Haiei –bi guardia zibilei- jo nahi bazien, aurretik ni jo beharko ninduela esan nion; niri eskurik gainean jarriko ez zidala, baina beste biak lehertu egingo zituela esan zidan", kontatu du.
Emakumeak akusatu guztiak identifikatu ditu eta erasoan guztiek parte hartu zutela ziurtatu du. Hala ere, liskarrean jende gehiago ere izan zela adierazi du.
Arnanzekin hitz egin ostean, iskanbila hasi zela esan du eta ordurako beste hiru akusatu ere inguruan zirela gaineratu du. "Bultzakadak, ostikadak eta ukabilkadak izan ziren", adierazi du.
Kanpoan egoerak okerrera egin zuela esan du, lagun gehiago elkartu zirelako haien kontra. "Gorrotoarekin eta amorruz kolpatu gintuzten".
Kolpe gehienak bere bikotekideak jaso zituela zehaztu du: "Odoletan zegoen eta buruan eta gorputz guztian ostikadak ematen zizkioten; orkatila erdibituta zuen".
Hura babesten saiatu zela esan du, baina une horretan "indarrez" bultza egin ziotela eta lurrera erori zela kontatu du.
Bestalde, sarjentuaren bikotekideak ere hartu du hitza gaurko saioan. Bera "biktima bat" dela, baina Altsasuko herritarren jarrerak "erasotzaile" sentiarazten diotela esan du epaiketan. "Une oro barkamena eskatuz eta azalpenak emanez bizi naiz".
"Etxetik erosketak egiteko irteten naiz, inoiz ez bakarrik, beti nireko bikotekidearekin, eta ondoren etxera berriro; horixe da nire bizimodua herrian", erantsi du.
Liskarrari dagokionez, guardia zibilek adierazitakoa berretsi du. Bere bizitza, bere bikotekidearena eta gainerako guztiena "arriskuan" ikusi zuela esan du.
"Erasoan erabili zuten bortizkeria kontutan hartuta, harritzekoa izan zen odoletan egon ez izana", aipatu du.
Erasotzaileetako batzuk identifikatu zituela, baina beste asko nortzuk izan ziren ez dakiela esan du, Altsasura iritsi berria zelako eta hango bizilagunak ezagutzen ez zituelako.
"Guztiak identifikatzeko gai izango banintz, zortzi baino gehiago izango lirateke, baina nik herrian 15 egun neramatzan eta horiek dira buruan iltzatuta geratu zitzaizkidan pertsonak", azaldu du.
Lekukoen testigantzak emango dituzte
Atzerapenarekin hasi da bigarren saio hau (10:00etan zen hastekoa). Zortzi akusatuen defentsek lekukoen testigantzen deklarazioa eta audioa ez emateko eskatu dute. Fiskaltza eta akusazioak eskaera horren kontra azaldu dira.
Defentsek argudiatu dutenez, Epaimahaiak ez ematea onartu zuen 2017ko urrian emandako auto batean, baina gaurkoan aukera hori baztertu du Concepcion Espejel Epaimahaiko presidenteak.
Esan duenez, epaiketaren saioak publikoak dira, eta hedabideek zuzenean jarrai dezakete; "berme konstituzionala da", erantsi du
Era berean, Epaimahaiak onartu du guardia zibilen bikotekideek bionbo batekin babestuta deklaratzea. Antza, emakumeetako bat tratamendu psikologikoan dago, eta bestea "arriskuan", Altsasun bizi delako oraindik. Defentsak kontra azaldu dira.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa