Itxi

Politika

'Demokrazia Bai' ekimena

70 bat lagun ezagunek bat egin dute, demokrazia faltaz ohartarazteko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Carlos Garaikoetxeak, Juan Jose Ibarretxek edota Rafa Diez Usabiagak osatzen dute 'Demokrazia Bai' ekimena. Besteak beste, herritarren borondatean oinarritutako estatus politikoa aldarrikatzen dute.

1:24

Juan Jose Ibarretxe eta Carlos Garaikoetxea lehendakariak buru dituen 'Demokrazia Bai' plataforma jaio da, demokrazian atzeraka egiten ari garela ohartarazteko eta Euskal Herria "herri eta nazio" gisa aintzat hartuko duen "estatus politiko berria" aldarrikatzeko.

Gaur aurkeztu dute 'Demokrazia Bai' izeneko ekimena, Donostian egindako agerraldi batean. Manifestua arlo ezberdinetako 70 bat pertsona ezagunek babestu dute, eta horien artean ondoko hauek daude: Juan Jose Ibarretxe eta Carlos Garaikoetxea lehendakariak; Joseba Azkarraga eta Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak; Iñigo Iruin abokatua; Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi ohia; Josetxo Arrieta Podemoseko senataria; eta Daniel Arranz (PSE-EE) Bizkaiko gobernadore zibil izandakoa.

Agirian, testuinguru politikoaren analisi bat egin dute eta Espainiako sistema demokratikoa "ustelkerian eta politika antisozialetan lokaztuta" dagoela salatu dute. Areago, Kataluniako prozesu independentistak sistema hori "alde guztietatik leherrarazi" duela erantsi dute.

"Katalunian botere exekutiboak eta botere judizialak elkarri eskua emanda ari dira, herritarren gehiengoak hauteskundeetan aukeratutako kargudunak espetxeratzen eta jazartzen", kritikatu dute.

Gauzak horrela, 'Demokrazia Bai' plataformako kideek uste dute ez dela beste aldera begiratzeko unea, baizik eta "kontzientzia kritikoz iniziatiba hartzeko garaia" iritsi dela.

Horrela bada, herritarren garapen jasangarria ahalbidetuko duen eta edozein herrialderi aplikatzen zaion estatus politiko berri bat aldarrikatzen dute.

Ildo horretan, galdeketak eta erreferendumak egiteko eskumena eta euskal herritarrek erabakitzeko eskubidea dutela aitortzea ezinbestekotzat jotzen dute.

"Proiektu politiko eta sozial guztiak gauzatzea posible izan behar da, betiere gehiengoaren babesarekin, eta herritarren borondatea soilik izango da muga", gaineratu dute.