Politika
Apirilak 14
Agentziak | Erredakzioa
Ganberak, lauko gobernua osatzen duten alderdien botoekin, adierazpen instituzionala onartu du eta herritarrei martxan parte hartzeko deia egin die.
Auzia salatzeko Iruñean egindako manifestazioetako bat. EFE
Nafarroako Parlamentuak, lauko gobernua osatzen duten alderdien aldeko botoekin, Altsasuko auzian "justizia" eskatzeko apirilaren 14rako deituta dagoen manifestazioan parte hartzeko deia egin du.
Ganberako Bozeramaileen Batzorde eta Mahaiak adierazpen instituzionala onartu dute gaur Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E alderdien aldeko botoekin —oposizioak kontra bozkatu du—.
Auzipetutako zortzi gazteen familiek eta Altsasukoak Aske Herri Plataformak deitu dute manifestazioa, "Justizia. Ez da terrorismoa" lelopean.
Iruñean izango da mobilizazioa, apirilaren 14an, Auzitegi Nazionalean epaiketa hasi baino bi egun lehenago, alegia. Auziak 2016ko urriaren 15ean Altsasuko taberna batean izandako liskarra du iturburu. Bi guardia zibil eta euren bikotekideak zauritu ziren borrokan, eta Auzitegi Nazionalak terrorismotzat jo zuen gertatutakoa. Auzipetuentzat 375 urteko kartzela zigorra eskatu dute. Hiru gazte badaezpadako kartzelaldian daude atxilotu zituztenetik (500 egun daramatzate jada).
Lauko gobernua osatzen duten alderdiek gazteentzat "justizia" aldarrikatu dute. Oposizioak —UPN, PSN y PPN— kritikatu duenez, berriz, erabaki judizialetan eskua sartu nahi du Ganberak.
Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak esan du adierazpen horren bidez "giza eskubideen, askatasunaren eta berme demokratikoen alde" daudela erakutsi nahi izan dutela.
Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak azpimarratu du "bidegabea" dela "taberna batean gertatuko liskar bat" terrorismotzat jotzea eta auzipetuak epaiketarik gabe kartzelatu izana.
"Liskarrean Estatuko segurtasun indarretako kideak nahasita egon arren, Altsasun gertatu zena ez da terrorismoa. Terrorismo kontzeptuaren erabilera maltzurra eta gehiegizkoa egiten ari dira", kritikatu du.
Laura Perez Podemoseko ordezkariak esan du egoera "oso larria" dela eta gogoratu du ez dutela "zigorgabetasuna" eskatzen. Alderantziz, "berme guztiak izango dituen prozesu judizial proportzionala eta justua eskatzen dugu". Horrez gain, Guardia Zibilak eta biktimek "zentzuz" jokatzeko deia egin beharko luketela iritzi dio eta auzi honetan PSNk "beste aldera" begiratu izan deitoratu du.
Jose Miguel Nuin Izquierda-Ezkerrako bozeramaileak ere "bidegabetzat" eta "gehiegizkotzat" jo du Altsasuko gazteei terrorismo delitua leporatu izana. "Justizia eskatzen dugu eta justizia ez da gertatu zena terrorismotzat jotzea", erantsi du.
Javier Esparza UPNko buruzagiak esan du adierazpenaren alde bozkatu duten taldeek "epaileak presionatu" nahi dituztela, eta bere taldeak ebazpen judizialak errespetatzen dituela berretsi du.
Maria Chivite PSNko arduradunak adierazi du ez dutela Parlamentuaren adierazpena babestu, "Altsasun gertatu zena ez zelako taberna bateko liskar soil bat izan".
Ana Beltran PPNko bozeramailearen iritzian, gaur onartutako adierazpena "jokoz kanpo" dago.
Nafarroako Parlamentuak nafar jendarteari dei egiten dio apirilaren 14an Altsasuko gazteei elkartasuna adierazteko deitutako manifestazioan parte har dezan
— Parlamento de Navarra (@parlamentoNA) 9 de abril de 2018
¿https://t.co/oyT2BpcNiL pic.twitter.com/LvrM7tOPUC
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa