Politika
Katalunia
Agentziak
Kartzelan egon den bitartean jaso duen babesa eta elkartasuna eskertu du presidentak. Puigdemontek agerraldia egingo du larunbat honetan Berlinen.
Albisteak (4)
Bideoak (1)
Carles Puigdemont Generalitateko presidenta Alemaniako espetxetik atera da dagoeneko. Dozenaka komunikabide Neumunsterreko espetxearen ateetan zain zituen. Kartzelan egon den bitartean jaso duen "babes" eta "elkartasun" guztia eskertu du presidentak.
Espetxean jarraitzen duten adiskide guztien askatasuna eskatu du presidentak. Kataluniako agintariaren hitzetan, "Europan preso politikoak izatea lotsagarria da".
Haren esanetan, "ez da autodeterminazio eskubidearen aldeko auzia, ezta barne auzi bat ere; demokrazia bigun baten arriskuengatik arduratuta dauden herritar guztiei eragiten dien kontua da". Are gehiago, Europaren amaiera izan daitekeela iragarri du.
Puigdemonten arabera, "hitz egiteko garaia da" eta ez dago Espainiako agintariek Kataluniako erakundeekin ez negoziatzeko aitzakiarik. "Elkarrizketa eskatu dugu azken urteetan eta indarkeria eta errepresioa bakarrik jaso ditugu erantzun gisa. Politika egiteko garaia da", nabarmendu du.
Kartzela atarian JxCateko eta ERCko diputatuen ordezkaritza bat zain zuen.
Lehenxeago, Puigdemontek 75.000 euroko fidantza aurkeztu duela jakinarazi du Schleswig-Holsteingo Fiskaltza Nagusiak. Puigdemont aske geratzeko, fidantza ordaintzeko 75.000 euroko diru-transferentzia egin duela jakitera eman zuen bart Kataluniako Asanblada Nazionalak (ANC). "Alemaniako Justiziak Carles Puigdemont presidentari ezarri dion fidantza ordaindu berri dugu", ziurtatu zuen ANCk Twitter sare sozialean. "Gure elkartasun kutxak fidantzatan ia 4 milioi euro ordaindu ditu jadanik", erantsi zuen.
"Espainiako Estatua botereen banaketaz ohartu da", adierazi zuen ANCk, Alemaniako auzitegiak hartutako erabakiaren berri izan ondoren.
Halaber, Belgikan dauden kontseilari kargugabetuak, ostegunean deklaratu ondoren, fidantzarik gabe aske utzi izana ospatu du erakundeak sare sozial berdinean: "Askatasunaren indarra bidegabekeriari gailendu zaio. Zorionak, kontseilariak".
Puigdemontek agerraldia egingo du larunbat goizean Berlinen, Junts per Catalunyak aurreratu duenez.
Matxinada delituagatik Puigdemont Espainiaratzea baztertu du Schleswig-Holsteingo Lurralde-auzitegiak, eta 75.000 euroko bermepean aske uztea erabaki du, diru publikoak bidegabe erabiltzeagatik estraditatu ala ez aztertzen duen bitartean.
(Carles Puigdemont presidenta Neumunsterreko kartzelatik ateratzen. Argazkia: EFE)
Lurralde-auzitegiaren erabakiari helegitea edo alegazioak aurkezteko aukerarik ez du Schleswig-Holsteingo Fiskaltza Nagusiak.
Wiebke Hoffelner Fiskaltzako bozeramaileak azaldu duenez, Auzitegiaren ebazpenari helegitea aurkezteko aukera legalik ez dago.
Hoffelnerren hitzetan, matxinada delitua onartezintzat jo ondoren, ihes egiteko arriskua txikitu da; ondorioz, Puigdemont kartzelatik atera daiteke.
Puigdemontek ezin izango du Alemaniatik alde egin Fiskaltzaren baimenik gabe, astero Poliziaren aurrean agertu beharko da eta bizileku aldaketa guztien berri eman beharko du, Lurralde, auzitegiak baldintzapeko askatasuna erabakitzean zehaztu duenez.
Bestalde, Puigdemont "diru publikoak bidegabe erabiltzeagatik bakarrik epaitzea" eta kargugabetutako Governaren gainerako kideei epaiketa berean matxinada delitua leporatzea "txingotekeria" litzatekeela adierazi du Jose Antonio Martin Pallin Auzitegi Goreneko magistratu emerituak. Horregatik, "arrazionaltasun logiko, zentzu eta patxada pittin" bat beharrezkoa litzatekeela gaineratu du.
Schleswig-Holsteingo Lurralde-auzitegiaren erabakia hizpide izan du Martin Pallinek Radio Euskadin.
Alemanian gertatuko zena duela egun batzuk aurreratu zuela gogorarazi du Martin Pallinek. Magistratu emerituaren ahotan, bi fiskaltzak "harremanetan" zeudela pentsatzea gauza bat zen, eta "Alemaniako justizia auzitegiak independenteak ez zirenik" beste bat.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa