12:54

Politika

Auzitegi Nazionala

Lamelak Trapero auzipetu du, sedizioa eta erakunde kriminaleko kide izatea egotzita

Agentziak | Erredakzioa

Era berean, epaileak Pere Soler Esquadra Mossoen zuzendari ohia eta Cesar Puig Barne Kontseilaritzako idazkari nagusi ohia auzipetu ditu. Teresa Laplana intendenteari sedizioa bakarrik leporatu dio.

1:31
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen buruzagi ohia, Pere Soler Kataluniako Poliziaren zuzendari ohia eta Cesar Puig Barne Kontseilaritzako idazkari nagusi ohia auzipetu ditu Carmen Lamela epaileak, sedizioa eta erakunde kriminaleko kide izatea egotzita; Ekonomia Kontseilaritzan eta U-1ean gertatutakoarekin zerikusia dutelakoan.

Auzipetze auto bat igorri du Auzitegi Nazionaleko magistratuak, ahozko epaiketari hasiera emateko aurretiazko pauso bezala. Auto berdinean, Teresa Laplana Mossoen intendentea auzipetu du, baina sedizioa soilik leporatuta.

Auzitaratzearen berri apirilaren 16an emango die Lamelak. Horrela, Ekonomia Kontseilaritzako egoitzaren aurrean, Bartzelonan, irailaren 20an eta 21ean jazo ziren gertakarietan eta urriaren 1eko erreferendumean delitu zantzuak ikusten ditu epaileak.

Traperori, Puigi eta Solerri erakunde kriminaleko kide izatea leporatzen die magistratuak. Sedizio delituaren kasuan, ostera, euren artean ezberdintasun bat ezartzen du epaileak; izan ere, Traperori bi sedizio delitu egotzi dizkio; beste biei, aldiz, bakarra, urriaren 1eko gertakariengatik, alegia.

Lamelaren esanetan, hirurek erakunde antolatua osatzen zuten, “zuzendaritza komun baten menpe, piramidearen gailurrean Carles Puigdemont Kataluniako Generalitatearen presidenta zelarik”. Guztiek urriaren 1eko erreferenduma aurrera eraman eta urriaren 27an independentzia aldarrikatzea zuten helburu, epailearen arabera.

 

"Ez ekiteko, ezer ere ez egiteko, ez nahasteko, eskurik ez hartzeko, eta toki seguruan, begira egoteko eta informatzeko bakarrik agindu zieten"

 

Magistratuaren hitzetan, agintariek ezer ez egiteko agindu zieten mossoei, baita Guardia Zibilaren zein Espainiako Poliziaren ekintzak eta mugimenduak zelatatzea ere.

Gainera, U-1ean mossoek kode propio bat (21 Klabea) erabili zutela azaldu du Lamelak testuan. Horrela, mossoek kanal alternatibo bat erabili omen zuten erreferendum egunean, ohiko bidetik informazioa ez partekatzeko. Horretarako, telefono mugikor partikularrak eta korporatiboak erabili zituzten agenteek, erantsi duenez.

37 orrialdeko autoan, atzemandako komunikazioen edukian lankidetza falta agerian geratzen dela ondorioztatu du epaileak: “Ez ekiteko, ezer ere ez egiteko, ez nahasteko, eskurik ez hartzeko, eta toki seguruan, begira egoteko eta informatzeko bakarrik agindu zieten”.

Magistratuaren ahotan, poliziak eta guardia zibilak zelatatu zituzten mossoek, baita kale-jantzian zeuden poliziak ere.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena