21:32

Politika

Estatuko Aurrekontua

Estatuak iaz baino % 32 gehiago inbertituko du EAEn, EAJri keinu eginez

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Espainiako Gobernuak 509,3 milioi euro bideratuko ditu Euskal Autonomia Erkidegora; 300 milioi inguru AHT eraikitzeko izango da. Nafarroan, berriz, 56,44 miloi euroko inbertsioa egingo du.

  • Cristobal Montoro Ogasun ministroa. Argazkia: EFE

    Cristobal Montoro Ogasun ministroa. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Gobernuak EAJri keinuka jarraitzen du, Estatuko Aurrekontu Orokorraren egitasmoa onartzeko asmoz, eta, ildo horretan, aurten 509,3 milioi euro inbertituko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, iaz baino % 32 gehiago, hain zuzen ere.

Kantabriaren atzetik, EAE da inbertsiorik handiena izango duen bigarren erkidegoa.

Dirutza horretatik gehiena 'Euskal Y'a eraikitzeko erabiliko dute: ia 300 milioi euro. Gainerakoa, portuak, aireportuak eta eraikinak eraberritzeko eta saneamendu lanak egiteko bideratuko dute.

EAJk hamaika aldiz azpimarratu du ez duela Espainiako Gobernuaren Aurrekontua babestuko, 155. artikulua Katalunian ezarrita dagoen bitartean. Jeltzaleek autogobernuaren kontrako erasotzat hartu zuten neurria eta jarrera horri eutsiko diotela berretsi zuen Aberri Egunean Andoni Ortuzar EAJko buruzagiak.

Rafael Hernando PPk Kongresuan duen bozeramaileak esan du EAJ "gauzak nahasten" ari dela. "Abiadura Handiko Trenaren etorkizuna edo Euskadiko pentsionisten egoera ezin daiteke Katalunian Gobernua osatzearekin lotu", ohartarazi du.

56 milioi euro Nafarroan

Bestalde, Espainiako Gobernuak 56,44 milioi euro inbertituko ditu Nafarroan. 30,8 milioi euro trenbide-sarera bideratuko ditu eta 13,7 milioi euro Esako urtegia handitzeko lanetara.

Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak esan du Aurrekontu proiektua "errealista" dela eta "Estatuak Nafarroarekin dituen konpromisoak" betetzen dituela.

Horrez gain, Albak argitu du Aurrekontutik kanpo gelditu dela Adifek zuen zorraren ordainketa, iazko Aurrekontuan gehitu zelako zenbateko hori. 45 milioi euro izan ziren.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena