10:35

Politika

KATALUNIA

Puigdemonten estradizioa eskatu du Alemaniako Fiskaltzak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Kataluniako presidenta Espainiaratzeko eskatu dio Alemaniako Fiskaltzak Schleswigeko Lurralde-auzitegiari, matxinada eta diru publikoak bidegabe erabiltzea egotzita.

1:21
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Carles Puigdemont Kataluniako presidenta Espainiaratzeko eskatu dio gaur Alemaniako Fiskaltzak Schleswigeko Lurralde-auzitegiari, matxinada eta diru publikoak bidegabe erabiltzea egotzita. Gainera, Puigdemont espetxean mantentzea eskatu du Alemaniako Fiskaltzak, ihes egiteko arriskua dagoelakoan.

Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak Kataluniako buruzagia atxilotzeko euroagindua igorri zuen martxoaren 23an, matxinada eta diru publikoak bidegabe erabiltzea leporatuta. Bi egun geroago Alemanian atxilotu zuten, Puigdemont Helsinkitik (Finlandia) itzultzen ari zenean.

“Matxinada akusazioak, funtsean, Konstituzioaren kontrako erreferendum bat egin izana jasotzen du, nahiz eta istiluak izateko arriskua izan”, azpimarratu du Fiskaltzak agiri batean. Zentzu horretan, Espainiako Justiziak Puigdemonti egotzi dion delitua, Alemaniako Zigor Kodearen goi-mailako traizioaren baliokidea izan daitekeela uste du fiskalak. “Alemaniako eta Espainiako arauak literalki berdinak izatea ez da beharrezkoa”, nabarmendu du.

2017ko urriaren 1ean, erreferenduma egiteko ustelkeria eta diru publikoak bidegabe erabiltzearen akusazioak, Alemaniako Zigor Kodeak aurreikusitako bidegabeko erabilera delituarekin lotu daitezkeela erantsi du bertako Fiskaltzak.

Fiskaltzaren ahotan, “2017ko irailaren 20an, herritarren eta Guardia Zibilaren artean gertatutako istiluen ondotik”, erreferendumean indarkeriak gora egitea espero zitekeen. Hala ere, “Puigdemontek galdeketa mantendu zuen, eta independentziaren aldekoek erreferendumean parte hartu ahal izatea, mossoek bermatzea ahalbidetu zuen”, gaineratu du.

Bestalde, “ihes egiteko arriskua” dagoela azpimarratu du Alemaniako Fiskaltzak. Horregatik, “kartzela ez den neurririk Puigdemont Alemanian jarraitzea bermatzen ez” duela uste du fiskalak.

Erabakia, Alemaniako auzitegiaren esku

Presidenta Espainiaratzeko Fiskaltzaren eskakizuna espero zuela esan du gaur Jaume Alonso-Cuevillas Carles Puigdemonten abokatuak. Hala ere, Alemaniako auzitegiak prozedura eten eta estradizioa atzera botatzeko itxaropena du abokatuak.

“Espero genuen albistea zen eta logikaren barruan dago: kontrakoa ezustekoa litzateke”, adierazi du Cuevillasek Rac1 irratian, Fiskaltzaren agiriaren berri izan ondoren.

Cuevillasen ahotan, “Alemaniako auzitegiak du orain azken erabakia”. Hala ere, estradiziorik ez izatea espero du abokatuak.

 

Cuevillas: "Preso politiko bat dela eta Espainiako Estatua guztia ordainarazten saiatuko dela argi du Puigdemontek"

 

“Ihes egiteko arriskua txikitzeko alternatibak proposatzea” aztertzen ari direla erantsi du Cuevillasek. Auzitegiaren behin betiko erabakia ezagutzeko bi-hiru hilabete itxaron beharko dituztela gogorarazi du abokatuak. Hala eta guztiz ere, “auzi berezia da, duen garrantzia, osagai politiko eta jatorrizko herrialdean gertatu den giza eskubideen urraketagatik”, azaldu du.

Puigdemonten egoeraz galdetuta, “bikain” dagoela esan du Cuevillasek. Matxinada deliturik egin eta diru publikoak bidegabe erabili ez dituela oso argi duela gaineratu du: “Preso politiko bat dela eta Espainiako Estatua guztia ordainarazten saiatuko dela argi du, eta horretarako prest dago”.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena