Politika
Katalunia
Kataluniaren eskubideak bakean defendatzeko deia egin du Puigdemontek
Agentziak | Erredakzioa
Generalitateko presidente ohiak espetxetik aldarrikatu duenez, 'geroz eta modu autoritarioagoan jokatzen duen estatu baten aurrean' hala ekin behar da.
-
Carles Puigdemonten artxiboko argazkia
Kataluniaren eskubideak bakean defendatzeko deia egin du igande honetan Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak, "geroz eta modu autoritarioagoan jokatzeaz gain, oinarrizko eskubideak murrizten ari den estatuaren aurrean".
"Aurrera egin behar dugu, gure eskubideak defendatzen ari gara, Nazio Batuek aitortutako eskubideak", aldarrikatu du Neumüsterreko espetxetik, Catalunya Ràdiok zabaldutako audio baten bidez.
Kataluniako herritarrek etorkizuna "aske erabakitzeko erabateko eskubidea" dute, eta ezin dute arreta galdu estatu espainiarraren ekintzen aurrean.
Bestalde, mobilizazioak bakean eta indarkeriarik gabe egin ditzaten eskatu die herritarrei: "Jarrai dezagun gure jarduteko moduarekin, indarkeriarik gabe eta lasai, urte horietan guztietan munduari erakutsi diogun eran".
Neumüsterreko espetxean astebete daramala bidali du mezua. Alemaniako justiziak euroaginduaren inguruko erabakia hartu zain dago han.