Politika
Katalunia
Agentziak | Erredakzioa
Jaume Alonso-Cuevillasen ustez, hori pentsatzeko 'elementu oso sendoak daude'. Abokatuak 'show'tzat jo du presidentearekin batera zihoan historialariaren atxiloketa.
Alonso-Cuevillas, artxiboko irudi batean. EFE
Jaume Alonso-Cuevillas Carles Puigdemont presidentearen abokatuaren ustez, "elementu oso sendoak" daude pentsatzeko Alemaniak buruzagi katalanaren aurkako estradizioa errefusatuko duela.
Azaldu duenez, Puigdemont galdekatu zuen epaileak barkamena eskatu zion, Aste Santua tarteko, auzia lehenbailehen argitzeko modurik izango ez zuelako.
Rac1 irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean nabarmendu duenez, Puigdemontekin batera zihoan historialaria atxilotzea "show-a, ikuskizun hutsa" izan zen, ezin baitzaio deliturik egotzi.
Alonso-Cuevillasek Josep Lluis Alay historialariaren lana eta profila goraipatu du. Azaldu duenez, nazioarteko harremanetan aditua da Alay, eta presidentearen "laguntzaile" aritzen zen. Abokatuaren esanetan, hori ez da legez kanpokoa. Salatu duenez, autoa topatzeko gailua jarri zion Poliziak.
"Formalki ez digute esan zer leporatzen zaion, eta ez digute argitu epailearen aurrera joan behar den ere", kritikatu du. Horren hitzetan, estaltze deliturik ezin zaio egotzi Puigdemont Belgikara zihoalako, bere burua Justiziaren aurrera aurkeztera.
Hori horrela, atxiloketa horren ostean "beldurraren kanpaina bat" dagoela uste du Alonso-Cuevillasek. "Presidentearen hurbilekoak urduri jarri nahi dituzte", erantsi du.
Llarenak sinatutako euroaginduan ustelkeria delitua ere sartu izanaren harira, abokatuak uste du Gorenaren eskaera baino ez du zikintzen.
Ana Rosa Quintana aurkezlea salatu du Puigdemontek
Bestalde, Paul Bekaert abokatuak –Carles Puigdemontek Belgikan duen abokatua- EFE agentziari jakinarazi dioenez, Ana Rosa Quintana telebistako aurkezlearen eta haren lan-taldeko bi langileren kontrako salaketa jarri dute Belgikan, Kataluniako presidente ohiak Toni Comin kontseilari ohiari sakelako telefonoaren bidez igorritako mezu pribatu bat grabatu eta publiko egitegatik.
"Salaketa jarri dugu. Belgikan zigortuko dituzte eta hemen kartzela-zigorra suposatzen du delitu horrek", erantsi du Bekaertek.
Belgikako zigor-kodearen arabera, sei hilabete eta hiru urte arteko espetxealdia ezar diezaiekete mezu pribatu baimenik gabe zabaltzeagatik.
Joan den urtarrilaren 31an, Ana Rosa Quintanak Telecinco telebista-katean aurkezten duen saioan eman zuten aipatu mezuaren berri eta hautsak harrotu ziren.
Puigdemontek Comini igorritako mezuak ondokoa zioen: "Hau bukatu da. Sakrifikatu egin gaituzte (…). Moncloaren plana atera da garaile".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa