12:06

Politika

Katalunia

Puigdemont inbestitzeko eskubidea babestu eta presoak askatzea eskatu du Parlamentuak

Agentziak | Erredakzioa

JxCat, ERC eta CUP taldeek egin dute ebazpenen alde; Ciutadansek, PSCk eta PPCk kontra bozkatu dute. CatECPek bi proposamenen puntu batzuen alde egin du.

1:38
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Junts per Catalunya (JxCat), ERC eta CUP taldeek aurkeztutako bi ebazpen onartu ditu gaur Kataluniako Parlamentuak. Testuotan Carles Puigdemontek, Jordi Sanchezek eta Jordi Turullek presidente izateko duten eskubidea aldarrikatu, eta kartzelan diren buruzagi independentistak aske uztea eskatu dute.

Ciutadansek, PSCk eta PPCk ebazpenen kontra bozkatu dute. Catalunya en Comun-Podem (CatECP) taldeak proposamenen hainbat punturen alde —presoak aske uztearena eta NBEk Sanchezen auzian Espainiari galdegindakoa betetzea— egin du.

Bestalde, Roger Torrent Parlamentuko presidentearen dimisioa eskatzen zuen ebazpena baztertu du Ganberak. Ciutandasek aurkeztutako ebazpenean erakundea "modu arbitrarioan eta alderdikeriaz" zuzentzea leporatu diote Torrenti. JxCat, ERC, PSC, CatECP eta CUP taldeek egin dute kontra, eta Ciutadansek eta PPCk alde.

Ganberaren gehiengoak onartutako ebazpenei dagokienez, lehenengoak "kartzelan dauden Parlamentuko diputatu eta diputatu ohi guztiak berehala aske uztea" eskatu du. CatECP taldearen babesa du proposamenak, eta Ciutadansek ez du bozketan parte hartu, "izugarrikeria" iruditu baitzaio Justiziari "zer egin behar duen" esatea.

 

 

Gehiengoak onartutako beste ebazpenetan jasotzen denez, Ganberak konpromisoa hartu du Puigdemonten, Sanchezen eta Turullen eskubide politikoak bermatzeko "beharrezko neurriak" hartzeko, tartean inbestitzeko eskubidea.

Ebazpenean gogorarazi dutenez, Puigdemontek "bere hautagaitza baztertu egin behar izan zuen" Auzitegi Konstituzionalak inbestidurari ezarritako "blokeoa" tarteko.

Sanchezen hautagaitzari aipamen egiten zaio testuan. Horren arabera, Auzitegi Goreneko epaileak ez zion inbestidurara joateko baimenik eman. Sanchezek NBEren Giza Eskubideen Batzordera jo zuen orduan, eta erakundeak ohartarazpena egin zion Espainiari, JxCaten bigarrenari "bere eskubide politikoak babesteko neurriak" hartzeko eskatuz.

Hirugarren presidentegaiaren kasuan —Jordi Turull—, ebazpenak dio lehen saioan inbestitzeko boto nahikoa lortu ez zuela, baina bigarrenera joateko modurik eduki ez zuela, Llarenak kartzelara bidali baitzuen.

 

Taldeen adierazpenak

Gemma Geis JxCateko diputatuak eztabaidan ohartarazi duenez, bere taldea erabakita dago Puigdemont presidente egiteko: "Ez diogu Puigdemonten inbestidurari muzin egin. Bere taldekoak gara, eta eginahalak egingo ditugu Presidentetzaren legitimotasuna babesteko". Ildo horretan, Llarenari "eskubide politikoak" errespetatzeko deia egin dio.

Anna Caula ERCko diputatuaren ustez, "botere gehiegikeriaz" ari da jokatzen Espainiako Estatua. Katalunian izandako indarkeria ekintza bakarra urriaren 1eko Poliziaren oldarraldia izan zela nabarmendu du Caulak, baina kartzelan daudenak buruzagi independentistak direla kritikatu du.

Carles Riera CUPeko diputatuak Puigdemont inbestitzeko bilkura "berehala" deitzeko galdegin die JxCat eta ERC taldeei, eta erantsi du: "Inbestidura egiteak dakartzan ondorio guztiak onartzeko prest gaude".

Ines Arrimadas Ciutadansen buruzagiaren hitzetan, "izugarrikeria" da Espainiako eta Alemaniako justiziari "zer egin behar duen esatea". "Zer izango da hurrengoa? Nor espetxeratu behar duten adieraztea?", galdetu du.

INES ARRIMADAS PARLAMENT KATALUNIA

Arrimadas, bere hitzaldiaren une batean. Argazkia: EFE

PSCk Parlamentuan duen bozeramaile ondokoak, Ferran Pedretek, esan du independentisten "sufrimenduarekin enpatia" sentitzen duela, baina "auzia gehiago ez sakontzeko" eta "elkarrizketaren bidea" zabaltzeko eskatu du.

Proposamen zehatza egin du Xavier Domenech Catalunya en Comu-Podem taldeko buruak: hiru talde independentistei "atzera egiteko" eta independenteez osatutako gobernu "anitz eta transbertsala" osatzeko eskatu die.

Azkenik, Xavier Garcia Albiol PPCko buruak gogor kritikatu ditu JxCat, ERC eta CUP. Horren aburuz, "suhiltzaile piromano" baten moduan ari dira, "erradikalek Kataluniako kale eta errepideetan sortutako kaos eta gatazka Parlamentura eramanez".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena