17:15

Politika

Kataluniako gatazka

Estatuko 'errepresioaren aurrean fronte komun bat' osatzeko deia egin du Torrentek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

"Ez dizuet erretorika proposatu nahi, duintasuna baizik. Ez dizuet aieneka ibiltzea eskatzen, erantzunak baizik" esan die Kataluniako Parlamentuaren presidenteak diputatuei, bilkuraren ostean.

2:00
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak eutsi egin dio gaurko deituta saioari,  baina inbestidura saioa egin ordez, eztabaida saioa bihurtu du. Torrentek talde parlamentarioei hitza ematea erabaki du, "herriak bizi duen egoera larri eta konplexua dela eta". Hala, talde parlamentario bakoitzak 15 minutu izan ditu hitz egiteko, eta ez da gero inolako bozketarik izan. "Hitz egin beharra dagoela" nabarmendu du saioa hasi aurretik: "Ezer gertatu ez balitz bezala jokatuko bagenu, injustizia eta errepresioa onartzen arituko ginateke" gaineratu du.

Talde parlamentarioen interbentzioaren ostean Torrent berak amaitu du gaurko saioa "Estatuko errepresioaren aurrean fronte komun bat eraikitzea" eskatuz, demokrazia eta Kataluniako eskubide zibil eta politikoak defendatzeko, azken kartzelaratzeen aurrean.

JxCAT, ERC, CUP, eta en comu-Podemeko diputatuen aurrean irakurri du "Oinarri demokratikoen eta eskubide zibil eta politikoen defentsa-adierazpena", auzipetutako politikarien senideak eta gizarte zibileko hainbat ordezkari ere han zirela. PSC, PP eta Ciudadanoseko diputatuak ez dira manifestua entzutera geratu.

"Egoera politiko eta demokratikoaren larritasuna ikusita", kataluniar guztiei hitz egin nahi diela esan du Torrentek. Atzo beste bost buruzagi subiranista kartzelara bidali izana "demokraziaren bihotzera erasoa" dela nabarmendu du, eta ondorioz, inor ezin dela "erreakzionatu gabe" geratu, kartzelan edo desherrian dauden politikari kopurua ikusita.

"Aurrekaririk gabeko atzerakada izan du demokraziak"
"Aurrekaririk gabeko atzerakada izan du demokraziak" esan du Torrentek, "polizialki jazarri da erreferendum bat, botoa eman nahi zutenak erreprimituz, oinarrizko eskubideak urratuz, eta ideiak kriminalizatuz".

Egoera horren aurrean nahitaezkoa ikusten du "berehala fronte bat osatzea demokraziaren eta oinarrizko eskubideen defentsan, aniztasunaren errespetuan oinarrituko den fronte trasbertsala". Fronte komun horrek "demokrata guztiok preso subiranisten askatasuna eskatzeko eta lortzeko balio beharko luke" irakurri du, "kartzelaratze horiek erregimen autoritarioetan gertatzen baitira, eta ez demokrazia batean" salatu du. "Ez dizuet erretorika proposatu nahi, duintasuna baizik. Ez dizuet aieneka ibiltzea eskatzen, erantzunak ematea baizik" esan die parlamentariei, "ez baitira botere banaketa errespetatzen ari, eta demokrazia dago arriskuan" ondorioztatu du.

"Nahikoa da" bota du Torrentek, kartzelan edo herbestean daude guztien izenak aipatzearekin batera, eta guztiak Kataluniara itzul daitezen borrokatuko duela gaineratu du. "Zinez, ez dugu etsiko, zuek etxean izan arte. Ez gara geldituko zuek libre eta zuen familiekin egon arte, injustizia hau amaitu eta jazarpen ideologiko honekin amaitu arte" esan du.

Ez dela banderen arteko borroka bat esan du Parlamenteko presidenteak, balio unibertsalena baizik: "Eta horregatik, Espainiako, Europako eta munduko demokratei dei egiten diet babes gaitzaten eta solidarioak izan daitezen gurekin, gu ere horrenbestetan izan garen bezala". Eta Estatuaren erantzuna "zibikoa, baketsua, demokratikoa eta zabala" izatea eskatu du, politika jarriz guztiaren erdian.

"Mundu guztiak garbi izan dezala herri honek aurrera jarraituko duela, duin eta burua altu [...]. Batera aritzen bagara, inposaketarekin eta errepresiarekin amaitzea lortuko dugu. "Gora demokrazia eta Gora Katalunia" esanez amaitu du hitzaldia, txalo artean. "Preso politikoak aske" uzteko oihuen ostean, 'Els Segadors' abestuz amaitu dute.

Alderdien interbentzioak

PPk plenoa utzi du "lege-iruzurra" dela argudiatuta.

XAVIER GARCIA ALBIOL PARLAMENT EFE

Ciudadanos:"Nahikoa da prozesutik! Berreskuratu zentzua eta has gaitezen gizartea josten"

Ines Arrimadas Kataluniako Ciudadanosen buruak 'prozes' delakoa "porrot kolektiboa" dela esan du: "Nori balio izan dio prozesuak? Nork irabazi du? Zertarako? (...) Nahikoa da! Mesedez, nahikoa da prozesutik! Has gaitezen gizarte kataluniarra josten, elkarbizitzaren alde lanean".

Arrimadasek "galdu egin dutela" eta "prozesuak porrot egin duela" onartzeko eskatu die alderdi independentistei: "zuek uste zenuten Mariano Rajoyri aurre egiten ari zinetela, eta benetan Europar Batasunean, XXI. mendean, ondo errotutako demokrazia bati ari zineten aurre egiten. Hori izan da ziur aski zuen akatsik handiena. Garaia da egia esateko eta frustrazio kolektibo gehiago ez sortzeko".

Hain zuzen ere, haserrea eragin dute Arrimadesen antzeko hitz batzuk: badela garaia "pasiluetan elkar agurtzeko" esan du une batean. Eta diputatu independentistei ez zaie batere gustatu. Elsa Artadi JxCateko parlamentariak Twitterren jarri du: "Pertsonak kartzelara bidali, eta elkar agurtzea garrantzitsua dela esaten duzunean. Oraintxe Parlamentean...". Aurora Madaula JxCATekoak ere hala idatzi du: "Nik ez du agurtzen kartzelan nahi nauena, ezta errepresioarekin pozten dena eta 155 artikuluaren aplikazioari irribarre egiten diona".

Espainian demokrazia "etenda" dagoela eta ekidistantziak ez duela balio ohartarazi du ERCk

Sergi Sabria ERCko bozeramaileak "Espainan demokrazia etenda" dagoela ohartarazi du, eta horren aurrean ez duela "balio ekidistantziak", independentisten kartzelaratzea "botere-gehiegikeria eta botere-judizialaren prostituzioa" delako, eta era berean, "desegiten ari den Estatua" islatzen duelako.

Atzoko eguna "urte askoan" gogoratuko dela esan du ERCko bozeramaileak: "kartzelan edo herbestean diren gure kideen duintasuna hor geratuko den bitartean, izugarrikeria hau justifikatzen dutenen lotsagarrikeria ere hor geratuko" da esan du.

"Demokrazia bertan behera geratu da Espainian, eta horren aurrean ez dago ekidistantziarik" adierazi du Saberiak, "elkarbizitzaren oinarriak bota baitituzte. Estatuak entzungor egiten dio aspalditik milioika kataluniarrek adierazi dutenari eta 78ko sistema "desegiten" ari dela gaineratu du.

Icetak "blokeak" alde batera utzi eta gehiengoen alde egiteko dei egin du

Miquel Iceta PSC-Units taldeko buruak Jordi Turull atzo kartzelara bidali zuztenean gaurko inbestidura plenoa bertan behera uzteko eskatu zuela gogorarazi du, baina onartu du arrazoizkoa iruditu zaiola Parlamenteko presidenteak eztabaida sinboliko bat deitzea: "Enpatia eta elkar ulertzeko ariketa bat eginez, gaur agian ez dugu zehatz-mehatz araudia beteko, baina talde parlamentarioei hitza emateko une bat badago, oraintxe da hori, larri dagoen herri batean bizi baikara" esan du. "Gaur okerren pasatzen ari diren pertsona eta familiengan pentsatzen dut, eta badakizue nortzuk diren" esa du expetxeratuei erreferentzia eginez.

Legea errespetatu egin behar dela, "Zuzenbide Estatua eta botere banaketa bezala", esan du Icetak, baita "arazo politikoek konponbide politikoa" behar dutela ere gaineratu du, eta Katalunian gertatzen ari dena "Espainiako demokraziak 1981etik bizi duen arazo politiko nabarmenena" dela.

13 buruzagi independentista kartzelan sartzea "neurrigabea" dela esan du, eta horrek ez duela "errugabetasun presuntziorako eskubidea aldatzen". PSEko burua "blokeak alde batera utzi eta elkarrizketaren bidean aurrera" egiteko deia egin du.

Domenechek CUPetik PSCra arte joango den "fronte demokratiko" baten alde egin du

Xavier Domenech Catalunya en Comu-Podem talde parlamentarioko buruak esan du Katalunian "eskubide eta askatasunen alde borroka egiteko fronte demokratiko" bat osatu beharko luketela eta hori "politikoki, CUPetik hasi eta, gutxinez, PSCra arte" joan beharko litzatekeela. "Ahalik eta erantzun zabal eta transbertsalena behar da, ezinezkorainora arteko", "askatasunak eta demokraziak mundu guztia behar baitu, inor utzi gabe".

Domenechek gogor kritikatu du Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epailearen erabakia eta "helburu bakarra" duela esan du: "buruzagi independentistak bizitza publikotik kanporatzea". "Garaile eta garaituen logika darabilte, demokraziaon egon daitekeen logikarik okerrena" esan du. "Hemen ez dago justiziarik, inolakorik, ezta justizia itxurako ezer ere" gaineratu du: "Erresoluzio judizialak borondateak, ideiak epaitzen ditu, ez ditu ekintzak epaitzen".

Natalia Sanchezek (CUP) fronte errepublikar zabala eraikitzeko eskatu du

Natalia Sanchez CUPeko diputatuak gogor kritikatu du Estatuaren jarrera eta haren kontra bat egiteko deia egin du: "Estrategia errepublikarraren alde egiten dugu, atzera ez egitearen alde gaude, errepresioaren kontrako alderdi demokratiko guztiok aurrera egitearen alde, alegia". Estatuak bi estrategia jarraitu dituela esan du: "biolentzia fisikoarena", polizia indarra erabiliz, eta bide judizial eta estrajudizialarena, buruzagi independentisten kontra.

"Ez dira beraiek ezarritako hauteskunde batzuk irabazteko gai izan. Euren eskaintza, kartzela, herbestea, porrazoak eta botere-gehiegikeria dira. Oso inutila izan behar da horrela ezer konponduko dutela pentsatzeko" eta Ciudadanosi ere Parlamentaren subirautza defendatzeko eskatu die. PSEri, berriz, gogorarazi die eurek askotan defendatu dutela erreferendum bat, "ez" aukera ere bazuena.

Llarena epaileari berriz "prebarikazioa" leporatu dio Sanchezek eta demokrazia Espainiaren batasunarekin nahastea egotzi dio.

JxCatek batasuna eskatu du 155. artikuluaren "gizatasun ezaren" aurrean eta "ez huts egitea" agindu du

Quim Torra Junts per Catalunya (JxCat) diputatuak batasuna eskatu dio independentismoari, Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa babesten duten alderdien "gizatasun ezaren" aurrean. Espetxean dagoen Jordi Turull alderdikideari honako hau agindu dio: "Ez dugu huts egingo". "Egin dezagun bat egoerari eusteko eta irabazteko, hori izango baita modu bakarra Jordiek, gainerako preso politikoek eta erbesteratuek haien eserlekuak berriz betetzeko, guri gertatzen zaigun moduan, faltan botatzen dituztelako". Turullen inbestidura saioa izan behar zuena "ez ohiko egoera politikoari buruzko eztabaida" bilakatutako bilkuran esan du hori guztia Torrak.

Bestalde, "Atzerapen demokratikoa eta Estatuaren autoritarismoa" kritikatu ditu Torrak. Kataluniak "autodeterminazioa erabili behar duela" berretsi du, "nork bere burua babesteko". "Independentistak jendearen borondatez gaude hemen. Haiei soilik zor diegu obedientzia", esan du. Espainiako Gobernuari negoziatzera eser dadin eskatu dio, Espainian zergatik jarraitu behar duten "konbentzitzeko".

Espainiako Gobernuaren ohartarazpena

Gaurko saioarekin legedia betetzen ez bada, "dagozkion neurriak" hartuko dituela ohartarazi du goizean goiz Espainiako Gobernuak.

Ciudadanos eta PSC alderdiek goizean eskari bana aurkeztu dute ganberan, bilkura bertan behera uzteko eskatuz. Xavier Garcia Albiol PPCko buruak ere saioa ez egitea eskatu zuen atzo.

'Ihes egiteko arriskua'

Jordi Turull Kataluniako Gobernuko presidentegaia, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia eta Raul Romeva, Josep Rull eta Dolors Bassa kontseilari ohiak bermerik gabe espetxeratzeko agindua eman zuen atzo Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak, matxinada delitua egotzita, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak (VOX alderdia) eskatu bezala.

 

"Ihes egiteko eta egozten zaizkien delituak errepikatzeko arrisku handia dago"

 

Epailearen arabera, auzipetuek ihes egiteko eta egozten zaizkien delituak errepikatzeko "arrisku handia" dago. Matxinada delituagatik 15 eta 25 urte arteko kartzela-zigorra ezar diezaiekete.

Turull, Romeva eta Rull Estremerako presondegian espetxeratu zituzten; Forcadell eta Bassa, berriz, Alcala-Mecon.

Matxinada leporatuta aurretik behin-behinean kartzelatu zituzten gainerako agintari eta politikari independentistak hauek dira: Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohia, Joaquim Forn Barne kontseilari ohia, Jordi Sanchez ANCko presidente ohia eta Jordi Cuixart Omniumeko presidente ohia.

Erbestean daude, ostera, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia, Marta Rovira ERCko idazkari nagusia eta Antoni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohiak.

Rovira eta gainerako erbesteratuak atxilotzeko agindua

Bestalde, Pablo Llarena epaileak atzerrian diren gainerako auzipetuak atxilotzeko nazioarteko agindua eman zuen. Marta Rovira ERCko idazkari nagusia, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia eta Antoni Comin, Clara Ponsati, Meritxel Serret eta Lluis Puig kontseilari ohiak dira erbestean dauden buruzagi independentistak.

Horrez gain, mantendu egin zuen auzipetu horien kontra Espainian ezarritako atxilotze-agindua.

Anna Gabrielen kontrako nazioarteko atxilotze-agindurik, berriz, ez zuen eman. Arrazoia: CUPeko diputatu ohiari desobedientzia delitua egozten diotela, eta ez matxinada delitua. Nolanahi ere, Espainian hura atxilotzeko aginduari eutsi zion, epailearen aurrean deklaratzeari uko egin ziolako.

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena