Politika
KATALUNIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iragarri bezala, CUPeko parlamentariek abstentzioaren alde egin dute. Bigarren bozketa larunbatean egingo dute.
Albisteak (3)
Jordi Turull Junts per Catalunyaren hautagaiak ez zuen atzo babes nahikoa lortu inbestidura saioaren lehen bozketan gehiengo absolutua eskuratu eta Generalitateko presidente izendatzeko, arratsaldean iragarri zuten moduan, CUPeko lau parlamentariek abstentzioaren hautua egin zutelako eta oposiziko taldeek kontra bozkatu dutelako.
Bost ordutik gorako iraupena izan zuen inbestiduraren lehen saioak. Agerraldiak amaituta, gaueko 22:00ak aldera, egin zuten bozketa. Turullek JxCATen eta ERCren babesa izan zuen (64 boto); Ciudadanos, PSC, Catalunya en Comu-Podem eta PPC, berriz, kontra agertu ziren (65 boto); eta CUPeko lau parlamentariak abstenitu egin ziren.
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak jakinarazi zuenez, inbestiduraren bigarren bozketa larunbat honetan, 10:00etan, egingo dute. Araudiaren arabera, 48 ordu igaro behar dira lehen eta bigarren bozketaren artean.
Bestalde, saio hori kolokan egon daiteke; izan ere, Jordi Turullek gaur Auzitegi Gorenean deklaratu behar du eta baliteke magistratuak behin-behinean espetxeratzeko agindua ematea.
Nolanahi ere, larunbateko bozketan Turullek gehiengo sinplearen babesa eskuratzea nahiko izango luke Generalitateko presidente izateko. Horrenbestez, JxCATek eta ERCk CUPeko bi parlamentarik gutxienez Turullen alde bozkatzea behar dute.
CUPek gaur erakutsi duen jarrerari eusten badio, aukera bakarra ondokoa litzateke: Bruselan dauden Carles Puigdemontek eta Antoni Cominek euren eserlekuei uko egitea eta haien ordez botoa eman dezaketen beste bi diputatu sartzea. Puigdemontek eta Cominek gaurko saioan ez dute botorik eman, Bruselan daudelako.
Kasu horretan JxCATek eta ERCk 66 boto izango lituzkete eta horrekin nahikoa izango litzateke Turull bigarren bozketan Generalitateko presidente izendatzeko.
Edonola ere, atzoko inbestidura saioarekin atzeranzko kontaketa hasi zen eta presidentea izendatzeko epea maiatzaren 22an amaituko da. Ordurako presidenterik ez badago, hauteskunde berriak deitu beharko dituzte Katalunian. Hauteskunde horiek uztailaren 15ean izan litezke.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa