Politika
Katalunia
Agentziak | Erredakzioa
Delitua berriz egiteko arriskua dagoela uste du Auzitegi Goreneko apelazio aretoak.
Joaquin Forn Kataluniako Barne kontseilari kargugabetua. Artxiboko argazkia: EFE
Joaquin Forn Barne kontseilari kargugabetua eta Jordi Sanchez Kataluniako Asanblada Nazionaleko (ANC) presidente ohia espetxetik ateratzea arbuiatu du Auzitegi Goreneko apelazio aretoak, iturri juridikoek jakitera eman dutenez. 'Proces' auzian ikertzen ari dira. Delitua berriz egiteko arriskua dagoela uste du Gorenak.
Julian Sanchez Melgar Estatuko fiskalburuak eskatuta, Forn “arrazoi humanitarioengatik” 100.000 euroko fidantzapean aske uztea eskatu zuen Ministerio Publikoak asteartean; izan ere, “tuberkulina antzeman diote”.
Saioa ateak itxita egin zuten asteartean. Era berean, Fornen defentsak kautelazko neurria bertan behera uztea eskatu zuen. Voxen herri-akusazioak, ostera, behin-behineko espetxealdian jarraitzea eskatu zuen.
Sanchezen kasuan, martxoaren 20an apelazio saioan defentsak azaldutakoa ez du onartu Zigor-arloko Salak. Junts per Catalunyako (JxCat) diputatua datozen egunetan Parlamenteko eserlekua uzteko “prest” zegoela adierazi zuen abokatuak, berriro unibertsitateko irakasle izateko.
Hurrengo egunean diputatuak Roger Torrent Ganberako presidenteari gutun bat bidali zion, erabakia horren berri emateko.
Aurreko autoetan erabilitako argudioa errepikatu du Auzitegiak: “Auzi honetan ez dago preso politikorik, preso dauden politikariak baizik, besteak beste, ustez matxinada eta sedizio delitu larriak egiteagatik”.
Llarena epaileak otsailean agindutako espetxealdiaren aurkako bi helegiteak asteartean berriz aztertu zituen Gorenak. Gaur ebazpenen berri eman du, bien espetxe prebentiboa baieztatuz. Iragan udazkenetik kartzelan daude.
Bi kasuetan, Francisco Monterde, Alberto Jorge Barreiro eta Miguel Colmenero magistratuek Llarena epailearen irizpidearekin bat egin dute, delitua berriz egiteko arriskua dagoela iritzita.
Forni dagokionez, leporatzen zaizkion delituak egiteko orduan erabakitasun berezia azaldu zuela uste du auzitegiak, “antolatu eta aurrera eramateko ia bi urte behar izan baitzituzten”.
“Herritarrak legez kanpoko erreferendum batean bozkatzera bultzatu zituen, nahiz eta Estatua aurka izan; legea betearazten ari ziren indarren eta herritarren arteko enfrentamendu fisikoa baimendu zuen”, esan du auzitegiak.
Gainera, independentzia lortzeko helburuarekin, Estatuarekin borroka zuzena izateko borondatea behin betiko baztertu duenik ez du uste Aretoak.
Fornen gaixotasunaren inguruan, aretoak fiskalari erantzun dio: eritasunaren “existentzia ez dute baieztatu, ezta defentsak dokumentatu ere”.
Jordi Sanchezek aurkeztutako helegiteari dagokionez, bere ideologia askatasuna eta parte-hartze politikorako eskubidea urratu dituztenik ukatu du Salak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa