19:55

Politika

KATALUNIA

JxCat, ERC eta CUP Turullen inbestidura ostegun honetan egitea negoziatzen ari dira

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Erantzun bateratu bat prestatzeko hartu-emanak areagotu dituzte indar soberanistek, bide batez Llarena epaileak ostiralerako deitu dituen agerraldiei aurrea hartzeko.

  • Jordi Turull JuntsxCateko diputatua eta Eduard Pujol bozeramailea. Argazkia: EFE

    Jordi Turull JuntsxCateko diputatua eta Eduard Pujol bozeramailea. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Junts per Catalunyak (JxCat), ERC eta CUP ostegun honetan inbestidura saioa egiteko aukera negoziatzen ari dira, Jordi Turullen izena mahai gainean dagoela. Horrela, auzipetzeen berri emateko, Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak ostiralerako deitu duen agerraldiari aurrea hartu nahi diote.

Besteak beste, Turullen auzipetzea egun horretarako iragarri du magistratuak, eta matxinada delitua leporatuko balio kargu publikoan aritzeko debekua ezar diezaioke. Horregatik, erantzun bateratu bat prestatzeko hartu-emanak areagotu dituzte indar soberanistek, elkarrizketen berri duten iturriek baieztatu dutenez.

Urriaren 1eko erreferenduma dela eta Auzitegi Gorenak zabaldutako auzian ikertutako sei kideak ostiralerako, 10:30ean, deitu ditu Pablo Llarena epaileak, auzipetze autoen berri emateko. Jordi Turull, Carme Forcadel, Marta Rovira, Raül Romeva, Josep Rull eta Dolors Bassa dira ikertutakoak, denak Parlamenteko diputatuak. Hain zuzen, Turull (JxCat) Generalitateko presidente izateko hautagaia izango dela berretsi eta egun batzuetara etorri da Llarenaren iragarpena.

Halaber, egun eta ordu bererako deitu dituzte auzian pertsonatutako gainerako aldeak; Fiskaltza, Vox alderdia (herri akusazioa) eta Estatuko Abokatutza. Auzipetuen behin behineko espetxeratzea eskatzeko aukera izango dute horiek, eta, beraz, espetxeratze arriskuan egon daitezke seiak.

Katalunian izandako erreferendumarekin zerikusia duen informazioa ikertu ondoren, epaileak prozesatze autoa ostiralean jakinaraziko du. Bertan, auzipetuak eta horiei leporatzen zaizkien delituak zehaztu ditu Llarenak. Dena dela, horrek ez du esan nahi instrukzio fasea ostiralean amaituko denik, epaileak prozesuaren edozein unetan kaleratu baitezake prozesatze agindua.

Forcadell, Rovira, Turull, Romeva, Rull  eta Bassa Kataluniako Parlamentuko diputatuak dira. Turull, esan bezala, Generalitako presidente izateko JxCaten eta ERCren hautagaia da, Jordi Sanchezek diputatu aktari uko egingo diola iragarri ondotik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena