Politika
EUSKO LEGEBILTZARRA
AGENTZIAK
Halaber, gogoeta kritikoa egitea eta torturaren biktimei eragindako mina aitortzea ere galdegin dio.
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariak torturari buruzko ikerketa independentea abiatzea eskatu dio Espainiako Gobernuari, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak torturak ez ikertzeagatik Espainia behin eta berriro zigortu ostean. Horrez gain, gogoeta kritikoa egitea eta torturaren biktimei eragindako mina aitortzea eskatu dio Rajoyren Gobernuari.
Bake eta Bizikidetza idazkariak eta Paco Etxeberria forentseak agerraldia egin dute goizean Eusko Legebiltzarrean, 1960 eta 2014 urteen artean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) izandako tortura kasuei buruzko txostena azaltzeko eta martxan jarri asmo dituzten neurrien berri emateko.
Eusko Jaurlaritzaren eskariz, Euskal Kriminologia Institutuak gidatutako txostenaren arabera, 4.113 tortura kasu izan dira 1960 eta 2014 urteen artean EAEn. Horietako batzuk behin baino gehiagotan torturatu zituzten. Beraz, torturak jasandako pertsonen kopurua zehatza hau da: 3.415. Guardia Zibila 1.792 tortura kasutan dago nahasita; Espainiako Polizia 1.785 kasutan; eta Ertzaintza 336 kasutan.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak sarritan zigortu izan du Espainia tortura salaketak ez ikertzeagatik. Ildo horretan, nazioarteko erakundeek Espainiako Gobernuari eskatzen dizkioten prebentzio neurriak hartzea exijitu dio Fernandezek Espainiako Gobernuari. Halaber, Espainian izandako errealitateari buruzko ikerketa independentea egitea eskatu dio Rajoyren Gobernuari.
Gainera, torturari buruzko gogoeta "kritikoa" egitea eta torturaren biktimei eragindako mina aitortzea aldarrikatu du. Gaineratu duenez, Legebiltzarreko Memoria lantaldeari eta giza eskubideen nazioarteko erakundeei ere igorriko zaie orain txostena.
Paco Etxeberriak torturari buruzko txostenaren zehaztasuna defendatu du
Jonan Fernandezen aurretik, ostera, Paco Etxeberria auzitegi mediku eta torturari buruzko txostenari buruzko egile ere badenak hitz egin du Legebiltzarrean.
Etxeberriak txostenaren "zehaztasuna" eta "objektibotasuna" defendatu ditu eta bertan biltzen diren lekukotzak egiazkoak direla nabarmendu du.
Testigantzak entzutea eta jasotzea zeinen gogorra izan den azpimarratu du Etxeberriak, eta esku beltzik ez dagoela errepikatu du.
Alderdi politiko guztiek txostenaren egiazkotasuna nabarmendu dute
Duela hiru hilabete kontrakoa esan bazuten ere, gaur ez PSE-EEk eta ezta PPk ere ez dute zalantzan jarri txostenaren egiazkotasuna.
Gaurkoan PSE-EEk ez du txostena ezbaian jarri. Ez hori bakarrik, Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak "balio handia" eman dio txostenari: "Ez ditugu ez txostena eta ezta lekukotzak ere zalantzan hartzen. Dokumentazio lan oso landua da", gaineratu du.
PPk ere kritika gogorra egin zituen duela hiru hilabete. Gaur, ostera, bere jarrera leundu du eta Juana Bengoechea legebiltzarkideak azaldu duenez, haren alderdia "beti egongo da torturaren aurka". Ez hori bakarrik txostena "bikaina" eta "sakona" dela adierazi du.
Handik ordu batzuetara, ordea, talde popularreko iturriek nabarmendu zuten Bengoecheak botatakoak "bere iritziak" direla eta, oro har, Alderdi Popularra ez datorrela txosten horrekin bat.
EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek txostena babestu dute beste behin.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa